Igoera fasea
Hernanirentzat eta Bera Berarentzat hastear da erronka
Hernaniarrek Madrilen jokatuko dute bihar Complutenseren zelaian, eta donostiarrek CRC hartuko dute etxean. Itzulerakoak, hemendik bi astera.
Jon LEUNDA
Iristear dago egun handia, edo hori da Pegamo Bera Berak eta Hernanik pentsatu nahi dutena. Bihar Ohorezko Mailarako igoera faseari ekingo diote, eta aurten inoiz baino aukera gehiago egongo dira mailaz igotzeko.
Ohorezko Mailak bi talde gehiago izango ditu datorren urtean eta, hori dela-eta, hortik ez da inor zuzenean jaitsiko. Ohorezko B Mailatik orain jokatuko diren bi kanporaketak irabazten dituzten taldeak zuzenean igoko dira. Bi galtzaileek beste kanporaketa bat jokatu beharko dute, eta hori irabazten duenak Ohorezko Mailako azken sailkatuaren aurka jokatuko ditu beste bi neurketa. Hori irabazten duenak, mailari eustea edo mailara igotzea lortuko du.
Pegamo Bera Berak CRC hartuko du bihar Anoetako estadio txikian 12.00etan, eta ordubete geroago Complutenseren zelaian jokatuko du Hernanik. Bi taldeak gogoz eta ilusioz beteta daude kanporaketa erabakior hauen aurrean.
«Helburua ahalik eta azkarren igotzea da. Madrilen irabazi edo emaitza on bat lortzea, gero etxean igotzeko. Azken sei urtetan laugarren igoera fasea dugu, eta aurten tokatzen dela uste dut. Duela bi urte kolpe handia izan zen, azkeneko segundoan geratu ginen igo gabe», dio Joxe Elosegi Hernani taldeko kideak.
«Guk garbi daukagu denboraldia beste hilabete eta erdian ez dugula luzatu behar. Horrek oraingoan igoko garela esan nahiko lukeelako, eta horrela, denak lasaiago. Lortzen ez badugu, beste aukera bat izango genuke, eta horretaz baliatzen saiatuko ginateke», esan du Iñigo Imaz Bera Berako kideak.
Bi taldeek garbi daukate aurrelariek lan handia egin beharko dutela: «Guri baloia eskura jokatzea gustatzen zaigu, baina horretarako aurrelariek lan handia egin beharko dute; baloi asko hartu, eta gero gure atzelariek euren jokoa egin, baina hasteko, aurrean dago lana erruz egin beharra», esan du Elosegik. Imazek ere gauza bera espero du beren partidan. «Haien aurrelariak oso handiak dira, eta eskarmentu handikoak. Aurrean lan dezente egitea tokatuko da, garrantzi handia izango du», onartu du.
Ikusmin handia
Bi kanporaketa hauek ikusmin handia sortu dute, eta Hernanitik, esaterako, 200 ikusle inguru joango dira Madrilera beraien taldea animatzera. Itzulerakoan, Landare gainezka egongo da. Donostian ere badago ikusminik, eta bihar Anoetako harmailak betetzen ez badira ere, betetzetik nahiko gertu geratuko dira. Bi taldeek behar dute beraien zaleen babesa, horrela datorren urtean errugbirik onena ikusi ahal izango baitute beraien zelaietan, eta euskal taldeek izango lukete gehiengoa.
Bi euskal taldeek igoera fase honetan aurrean izango dituzten taldeen erreferentzia handirik ez dute izango, nahiz eta beraien bideoak ongi ikusiak dituzten dagoeneko.
«Multzo ezberdinetan aritu gara, ez gara haien aurka neurtu, geure multzoko inor ere ez da hangoen aurka neurtu. Beraz, ez dakigu haien multzoa gurea baino gogorragoa den, edo alderantziz. Dena dela, haiek ere gure egoera berean egongo dira, eta jadanik ez du horrenbeste garrantzi izango», dio Iñigo Imazek. «Azkenean guk entrenamenduak beti bezala egin behar ditugu, oraingoan dena jokatzen dugula jakinda», erantsi du Elosegik. J.L.
Lehen kanporaketa hau gainditzen duten bi taldeek zuzenean lortuko dute igoera. Galtzen dutenek, berriz, beste bi kanporaketa gainditu beharko lituzkete igo ahal izateko.
Hernanin sekulako ikusmina sortu du igoera fase honek, eta bihar 200 zale inguru espero dituzte Madrilen. Donostian ere jende asko izango da Bera Beraren norgehiagoka zuzenean ikusten.