Floren Aoiz | www.elomendia.com
Barcina eta Rajoy, Rajoy eta Barcina
Ongi asko dakite aurrean dugun prozesua ez dela «ETAren amaierarena», aldakuntza sakon eta zabala baizik. Horregatik dabiltza kezkaturik, galdutako iniziatiba berreskuratu nahi baina ezin
Bildu dira bildu gure bi pertsonaiak. Pozik biak, elkarrekin egoteko alaitasuna ezin ezkutatuz. Elkarren hurbil agertu dira, gaur egun espainiar nazionalismoaren esparruan nagusitzen diren mezu itxietan gotortuta. Txuri eta beltza da bi hauen mundua: biktima eta borreroak, zintzo eta gaiztoak, demokrata eta biolentoak. Ohiko leloak errepikatu dituzte: ordain politikorik ez, negoziaketarik ez. Ongi daude Espainia eta Nafarroa dauden moduan: ezin da onartu inposaketarik. ETAren inposaketak aipatzen dituzte, ez besterik. Rajoy eta Barcinaren ordez hainbat agindu memorizatutako bi loro jarriz gero, antzera eginen luketelakoan nago.
Barcina era Rajoy, esanguratsuki, Alemaniari begira gobernatzen duten politikariak ditugu. Lehena, Volkswageni begira bizi da, erraldoiaren mugimenduen zain, Nafarroako ekonomia, oraingoz ere, horren arabera baitabil, neurri batean bederen. Rajoyk, halaber, ederki daki aginduak nondik iristen zaizkion. Horrexegatik biak zerbitzari trebeak dira, ez herriarenak, jakina, dirua eta Alemaniarenak baizik.
Harro agertzen zaizkigu, ordea, ez duten boterea irudikatu nahian. Harro eta autokritikarik gabe, gertatzen dena beste batzuen akats edo gaiztakerien ondorio delako. UPNk berriro ere errepikatzen du Nafarroa ez dagoela hain gaizki, beraiek etxeko lanak egin dituztelako, beste hainbatek ez bezala. PPk aitzakia eskuetan du beti: PSOE da krisialdiaren arduraduna! Bien bitartean, krisialdia areagotzen ari da, murrizketak ugaltzen eta ondare publikoa interes pribatuen arabera kudeatzen.
Gauzak horrela, gobernatzeko ildoak argiak dira: itxikeria eta murrizketak. Kapitalek eskatzen dituzten aldaketak eta estatu eredua blindatzeko jarduera.
Krisialdia oso sakona da, eta ez da ekonomiara mugatzen. Estatuaren krisialdia da, estatua atxikimenak lortzeko ahalmena galtzen ari delako. Gero eta zailagoa egiten zaio Espainiari euskal herritar eta katalanen begirunea piztea eta munduaren aurrean gainbehera doa Borboien erresuma. Egoera honek betiko mamuak berpizten ditu, eta horrela, nekez lortuko du espainiar eskuinak higadura etetea. Ongi asko dakite biek aurrean dugun prozesua ez dela «ETAren amaierarena», aldakuntza sakon eta zabala baizik. Horregatik dabiltza kezkaturik, galdutako iniziatiba berreskuratu nahi baina ezin.
Barcina eta Rajoy, Rajoy eta Barcina, «garaile» tristeak dira. Hauteskundeak irabazi baina zama handiegia sorbaldan. Gehiegi bi politikari mediokreendako. UPN eta PP, lagun, kide, arerio, batek daki zer diren gaur egun. Barcina bera bi alderdien arteko nahaspilan non kokatzen ote den galdetzen dute UPNko askok. Erantzuna ez da erraza.
1512ko konkistaren urteurrena ospatzeko era ederra izan dugu Rajoy eta Barcinaren arteko topaketa. Argi geldi dadin indarrez ezarritako menpekotasunak zer-nolako politikariendako lekua eskaintzen duen. Rajoy eta Barcinaren argazkia menpekotasunaren araberako konplizitatearen irudia da. Nafarroari ahotsa emanen diola esan dio Rajoyk Barcinari. Nola, duela 500 urte bezala? Mesedez...