GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko lehiaketa

Arrospide izango da finaleko aizkolaririk beteranoena

Apurka-apurka, betiko aizkolari ezagunak desagertzen ari dira final handietatik, eta aurtengoan Leaburukoak bakarrik lortu du azken saiora heltzea.

Jon LEUNDA

Urteko egunik politenetakoa eta garrantzitsuenetakoa izango da bihar Azpeitian. Izarraitz pilotalekuan, 12.00etatik aurrera Urrezko Aizkorako finalak jokatuko dira. Urrezkoen, Zilarrezkoen eta gazteen mailako finalak izango dira, guztira hiru, eta aurten ikusmin handia piztu du, lehian inoiz baino inguruko aizkolari gehiago arituko baita.

Maila nagusikoan, betiko izenak desagertzen ari dira, eta ez da seinale txarra, atzetik ere badatozen seinalea baita. Anjel Arrospide da finalera iritsi den betiko izen horietakoa. Leaburukoa Mugertza II.arekin arituko da lanean, Unai Otañoren eta Joseba Otaegiren aurka. Leaburukoak eta Mutrikukoak iaz ere finala jokatu zuten, eta orduan Atutxaren eta Azurmendiren aurka galdu zuten. Apustu makinetan, dirua Otañoren eta Otaegiren alde agertzen da, ikusiko da finala hasi aurretik ere egoera bera den.

Oso politak

Beste bi finalak ere oso politak dira. Zilarrezkoen mailan, Mugertza III.a eta Larrañaga Zubiagaren eta Jauregiren aurka neurtuko dira. Gipuzkoarrak eta arabarrak izango dira elkarren aurka. Gainera, Larrañaga, azpeitiarra da, eta etxean jokatuko du. Lehen aldiz arituko da, gainera, Urrezko Aizkorako finalean, eta horrek ikusmina areagotu egin du. Faborito agertzen da bera.

Gazteen finala ere oso polita dator. Eneko Otaño eta Etxeberria II.a Eneko Saralegiren eta Larrea III.aren aurka neurtuko dira. Eneko Otañok iaz txapela jantzi zuen Binakakoan Zabaletarekin. Gero, bakarkakoan ere gauza bera egin zuen, eta final honetan ere faborito agertzen da. Hiruretan proba ezberdinak egin beharko dituzte, eta denetako denborak batu ostean, onena duenak irabaziko du. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetakoak izango dira finalean.

zilarrezkoa

Zilarrezko mailako finalean Mugertza III.a eta Larrañaga Zubiagaren eta Jauregiren aurka neurtuko dira. Gipuzkoarren eta arabarren arteko lehia izango da.

Gazteak

Gazteen mailakoan, Eneko Otaño eta Etxeberria II.a Eneko Saralegiren eta Larrea III.aren aurka neurtuko dira. Otañok iaz ere maila honetako txapela jantzi zuen, orduan Zabaleta lagun zuela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo