narraZIOA
Beste bat apalerako
Iker Zaldua
Literatura edozein lekutan egon daitekeela diot beti. Etxetik lanerako joan-etorria istorio erakargarri bihur daiteke kontakizuna behar bezala garatzen jakinez gero, are, irudimena eta gaitasuna uztartuz gero trilogia bat ere asma daiteke; ibilbide laburragoekin ere egin da kontakizun ederrik, ehun metroko bidean kasu. Jakina, idazlearen trebetasuna da erabakigarria, haren kontatzeko modua, kontakizunean jartzen duena eta jartzen ez duena azaltzeko gaitasuna, irudimen horretan irakurleari parte bat eskatzeko dohaina.
Justin Halpernek adibide bat eman nahi izan digu, hark bere aitari entzundakoekin literatura egitea erabaki zuen behinola eta Alberdania eta Uxue Alberdiri esker euskaraz ere irakur daiteke. Izenburuak hala dio eta ez dago horretan iruzurrik, aitaren pitokeriak baitira irakurriko ditugunak, hori bai, pitokeria horien testuingurua agertuz eta kontakizuna eskainiz.
Aitortu behar dut nahikoa barre egin dudala liburuaren aitzakian, Justinen aitak ateraldi xelebreak dituela ezin dut ukatu eta pasarte batzuk berez ziren irria askatzeko modukoak, aitaren laguntzarik gabe. Hala ere, horretan utziko nuke aipamena, noizean behin zitaren bat edo beste emateaz aparte ez baitago aurreikusitakoaz aparteko harribitxirik. Egia da, liburuak erritmo bizia duela esan dezakedala, pasarte horiek ez baititu semeak gehiegi luzatu eta gainera kontakizunari ez dio lastorik ipini. Pasarte bakoitzari izenburua jarri dio eta mamian sartu aurretik bere ustez esaldi esanguratsu edo irrigarriena dena paratu du kapituluaren eskuin paparrean. Ondoren kontakizuna bera eta horren ostean, kontakizun bihurtu gabeko zenbait egoera eta horietan aitak esandako pitokeria. Egitura bera errepikatu du ia liburu osoan, hastapen eta azken kapituluak egoerarik gabe utzi baditu ere.
Hori da irakurleak bertan aurkituko duen guztia, maisulanik ez. Ez dakit zerekin aldera dezakedan, agian bidaia luzeetan beti motxilan eramaten ditugun denbora-pasa horiekin. Ez dira batere zailak izaten eta nahi baino lehenago amaitzen ditugu, hemen ere gauza bera gertatzen da, irakurleari ez zaio gehiegi eskatzen eta sartu-irten batean irakurtzen da dena. Ondoren apalean bermatu eta han geratuko da, betiko.
Gogoetarako gaia izan daiteke kontua, hots, tontakeria batzuk ondo jantziz gero literatura bihur daitezke (edo behintzat liburu-dendetan literatura arloan aurkituko ditugu), beste zenbaitetan, ordea, kontagaiak itxaropenak sortu arren kontakizunak zapuzten du ideia eta liburu izan zitekeena paper erre bihurtzen da. Ez da, ordea, hau saltsa horietan sartzeko lekua, nire iritzia gainera aurrez azaldu dut, literatura edozein lekutan egon daiteke, idazlearen begian, buruan eta azkenik eskuan dago gakoa. Liburu honi dagokionez, barre egin dut bai, baina apalean hautsak itoko duelakoan nago. Literatura den? Esaera zaharrak eta txiste berriak hala bada, hau ere bai.
Azkenik, uste dut itzulpenak merezi duela bere atala. Halako liburu batek zerbait behar badu gatza da, hau da, erritmo egokiz, esapide egokiak erabiliz eta bizitasuna mantenduz idatzita egotea, txiste on batek grazia gal ez dezan behar duena, alegia. Itzulpenean hori mantentzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, hizkuntza ongi menderatu behar da eta ongi baliatu, Uxue Alberdik bete-betean asmatu duela esango nuke.
Aitaren pitokeriak
Justin Halpern.
Itzultzailea: Uxue Alberdi.
Alberdania.
15,8 euro, 160 orrialde.