Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria
Auzo lotsa
Duela urte batzuk, artean kazetari gazte eta berdea nintzela, literaturako Nobel saria jaso berri zuen Gao Xingjianek Bilbon eman behar zuen prentsaurrekora joatea egokitu zitzaidan. Enkontru horrekin gogoratu naiz gaur, egunkaria irakurtzen ari nintzela, idazle txinatarra aipatzen zuen albistearekin topo egiterakoan. Berriaren arabera, 1980ko hamarkadan Frantzian erbesteratu zenetik lehen aldiz Txinan izan da Gao, Hong Kong-en zehazki, bere lan batean oinarriturik Txinako antzerki konpainia batek osatu duen obraren estreinaldia ikusten.
Albisteko protagonista bada ere, bere hitzak ez dira inon agertzen. Datuak, egia esateko, ez nau harritu. Bilboko agerraldian ere ez zuen gauza handirik esan. Pertsona isila, lotsati samarra, iruditu zitzaidan. Egia da ere nahi izanda ere, ez zuela ahoa irekitzeko aukera handirik eduki.
Lotsa sentitu dut gertaera gogoratzearekin batera. Izan ere, aurkezpen lanetan ari zen alkateak serio hartu zuen bere egitekoa, hain serio ezen iruditu zitzaion kazetari ezjakinoi txinatar kulturaren nondik norakoak azaldu behar zizkigula. Horrela, esan zigun txinatarrek beren burua izendatzeko modu bitxia dutela, Gao Xingjian ez delako Gao deitzen, Xingjian baizik, abizena izenaren aurretik jartzen delako Txinan.
Jarraian bota zuen egile garrantzitsua izan behar zuela, nahiz eta haren lanik irakurria ez zeukan, baina Nobel saria eman bazioten, zerbaitengatik izango zela. Alkateak hitz egin bitartean, Gaok buruarekin baiezko keinua egiten zuela ohartu nintzen. Nonbait itzultzailea sekulako lanak hartzen ari zen Bilboko alkateak inoiz esan ez zituen hitzak asmatzen.