GARA > Idatzia > Kultura

HAUR LITERATURA

Ezinbestekoa

p056_f01.jpg

Asun AGIRIANO

Oraingoan, liburu berri-berriak komentatzetik aspaldiko batera egingo dugu salto. Euskarara izenak itzultzean hartu zen irizpideak apur bat nahastu gaituen arren, Zesar eta Ernestina ditugu ipuin honetako protagonista nagusiak. 80ko hamarkadan sagu maitagarria eta hartz lagunak gaztelaniaz horrela deitzen baziren ere, hizkuntza horretan egindako azken argitaraldian, «Ernesto eta Celestina» moduan berrargitaratu dira. Jatorriz, Belgikan, «Ernest et Celestine» ziren. Euskaraz berriz argitaratzeko gonbita egiten dugu hemendik, izenen kontua zuzentzeko ez ezik, haur-literaturako ezinbesteko altxorrak diren ustea ere oso zabalduta dagoelako.

Irakurle ugariri galdetuta, haurtzaroan iltzatuta geratzen diren liburuen artean gogoratzen dituzte Zesar eta Ernestinarenak, lotura afektibo estuaz oroitu ere.

Argitaletxeek neurtu dezatela euskal irakurle gaztetxoen hutsune literario handia, izan ere, ipuin hauek dira urteetan zehar haur belaunaldi ezberdinek disfrutatu dituztenak. Irakurketa-esperientziaren hastapena liburu hauekin gertatu zitzaiela diote zenbait irakurle helduk eta, nago, irakurle berriak irabaziko liratekeela berriro esku artean izateko aukera bagenu, gaurko irakurleen haur literaturaren paisaia liburu hauekin osatzen baita.

Gabrielle Vincent-ek (Brusela, 1928-2000) Monique Martin izenarekin ere sinatu zuen, horrela gertatu zen, esaterako, «Un día, un perro» (Zendrera Zariquiey, 2004) hitzik gabeko album ilustratu interesgarrian.

Izatez egilea margolaria zen, eta lagun batek bultzatuta liburuak ilustratzeari ekin zion. Egun, pertsonaiak marrazterakoan aparteko sentsibilitatea duelako da ezaguna emakume honen lana, trazu gutxiko marrazkiekin indar handiko irudiak sortzen dituelako. Beatrix Potter-en ilustrazioekin aldera daitezke animaliek bizitza propioa hartzen dutenean, eta, Peter Rabbit bezala, Zesar eta Ernestina ere pertsonaia kuttunak bihurtzen direlako.

Euskaraz lau liburu genituen: bildumako lehena «Zesar eta Ernestina Gedeonen bila» da, geroago etorri ziren «Zesar eta Ernestina musikari kalez kale», «Zesar eta Ernestina argazkilariaren etxean» eta, azkena, «Zesar eta Ernestina mendira doaz». Biblioteka batzuetan oraindik aurki daitezke, baina hainbeste irakurleren memorian geratu diren ipuin hauek berriz liburu-dendetan ez ikusteak pena handia ematen du.

Kontakizunak zentzu klasikoan osatzen dira: hasiera, ekintza eta amaiera. Sinbolismo handiko istorioak ditugu, sinpleak edo inozoak, baina zer pentsa ematen dutenak. Gaiak adiskidetasuna, lagunen galera, abandonua, elkartasuna... izaten dira. Maiz eta eguneroko bizitzaren pasadizo arruntak argumentuaren oinarri badira ere, goxotasuna eta maitasuna transmititzen dute.

Zesar hartz handia da eta pazientzia handiz Ernestina sagu txiki minberaz arduratzen da. Luxurik gabe, baina elkarrekin bizi dira. Elurretan pasieran, Gedeon panpina (Simeon izena hartu zuena beste hizkuntzetara egindako itzulpenetan) galdu dute, eta Zesar beste bat lortzen saiatuko da. Gabon festa ospatuko dute eta lagunak gonbidatu etortzen dira, txokolate goxoa hartu eta gauean gelako zoruan lo egingo dute. Hurrengo goizean, sagu bakoitzak oparia izango du zuhaitzaren azpian. Esan genezake zoriontsu bizi direla, nahiz eta ipuinari tristura puntua darion. Bilduma bereko beste ipuinetan ere egitura bera jarraitzen da: zeozer gertatzen da eta batak besteari lagunduz, konponbidea bilatzen dute. Hazteko istorioa da, aberatsa eta emozioen munduan bidea egiteko aproposa, fantasia inozo batean murgiltzen gaituena, afektuen garrantziaz konposatzen dena. Zesar eta Ernestinaren liburuak adin guztietan ondo funtzionatzen duten album ilustratu baten eredu onak ditugu, haur irakurlearen identifikazioa lortzeko gaitasuna baitute, haurtzaro-heldutasunaren muga ikusezinean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo