Gorka Urbizurekin eta Toño Murorekin itxi du Bide Ertzeanek «Don Inorrez» bira
Maider IANTZI | DONOSTIA
Bi lanpara txikiren argitan, lagunarte goxoan erran zion agur ostegun iluntzean Bide Ertzeanek «Don Inorrez» diskoaren aurkezpen birari. Taldekideentzat garrantzitsuak diren bi adiskide taularatu zirenean sortu ziren hain zuzen une politenetakoak, Balerdi Balerdi taldeko kantaria gitarra hartuta sekulako martxarekin eta intentzioarekin aritu zenean, edo Berri Txarrakeko arimak lotsati atera eta bere ahotsarekin entzulea konkistatzean.
Baina protagonistak bertze batzuk ziren; Joni eta Imanol Ubeda anaiak eta Fran Iturbe aitzinean, eta Joserra Senperena eta Karlos Aranzegi gibelean. Hauek, atzean egonagatik, ez ziren garrantzi txikiagokoak, eta kontzertuan kantatzeaz gain pila bat solastatu zen Imanolek erran bezala, egun batean aurrera pasatuko dira. Senperenak aurki aurkeztuko du bere diskoa eta taldekideak ondoan izanen ditu, «fan amorratuak» dira-eta.
Publikoa Kursaaleko ganbera aretoko eserlekuetan eroso-eroso jarrita zegoela, «Don Inorrez deitzen didate eta ni sasi artian iratzarritako izurde bat naiz...», hautsi zuen Imanolek isiltasuna. Eta momentu horretatik aitzinera, ordu eta erdian goxo-goxo egon ziren belarriak negukoa izan arren, batere hotza ez den diskoa aditzen. 2010eko irailean argitaratu zutenean lehendabizi ezagutarazi zuten «Zurekin dantzatu nahi nuke» pop kantu zuzena jo zuten, baita Erniozabal Tolosaldeko mendian jaiotako «Lizarbakar» ere.
«Bide bat dago bertan oso gogorra, eta bat-batean zelai batera ailegatzen zara. Han dago lizarra. Jonirekin igo nintzen egun batean melodia hau nuen buruan eta bueltan idatzi genuen abestia», oroitarazi zuen kantariak. Bitxikeria bat ere kontatu zuen: Euskadi Irratiko «Oilategia» saioan, larrua jotzeko abestiak jartzen hasi ziren: «Je t'aime»... «Normala», pentsatu zuen tolosarrak. Harik eta, bat-batean, beren kantu bat aipatu zuten arte, «Geratzen zaigun denbora». «Baten batek horrekin larrua jotzen badu, erretiratu egingo naiz», abisatu zuen, baina badaezpada, jo egin zuten, jendeak ideiak hartzeko.
«Balada iheslaria»-ren bertsio berri bat ere eskaini zuten, eta «Non dira» duela sei urte 36ko Gerraren inguruan osatutako diskoko abesti batzuk. «Noaua!» aldizkarian lanean ari zela, dei bat jaso zuen Imanolek. Gerra bizi izan zuen gizon batek bere historia kontatu nahi zuen hil aurretik. «Gauza asko kontatu zizkidan, hunkigarriena, nola ikusi zuen lagun-min bat erortzen». Lagun-min hori agertzen da Bide Ertzeanen kantu batean, gerra baino lehen soinujolea zen Ugarte Usurbilgo semea.
«Badator eguna»rekin eta Kirmen Uriberen «Atsegin ditut» poemarekin bukatu zuten, azkena ikus-entzuleei eskainiz. «Ez dakigu noiz etorriko garen berriro bostok, baina gogotsu etorriko gara», agindu zuten.