GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | V. Topaketa feministak

Munduko emakumeak borroka berean ari dira

Asteburu honetarako Bilgune Feministak antolatu duen Emakume Abertzaleen bosgarren Topaketa Feministei hasiera emanez, Irlandako, Palestinako eta El Salvadorreko emakumeen borroken berri izan zuten atzo, azken hau bideokonferentziaz aritu bazen ere. GARAk Sinn Fein-eko Jennifer McCann eta UPWCko Rawdah Odeh-rekin hitz egiteko aukera izan zuen.

p019_f01_199x100.jpg

Martxelo DÍAZ

Bilgune Feministak antolatu dituen topaketetan ezinbestekoa zen egungo Euskal Herriak bizi duen egoeraz aritzea. Hori dela eta, prozesuan emakumeek egin behar duten lana aztertuko dute asteburuan zehar Leitzan.

Gure artean gertatzen dena kokatzeko, munduko beste prozesu eta beste egoera batzuetan emakumeek jokatu duten papera ezagutzea ezinbestekotzat jo zuten antolatzaileek.

Euskal Herrian askotan begiratu izan da Irlandara. Baina ez da hain ohikoa emakume errepublikanoen testigantzak gure artean izatea.

Jennifer McCann Sinn Fein-eko kidea eta Stormonteko Parlamentuko hautetsia da. Irlandan, gatazka puri-purian zenean zein elkarrizketa eta negoziazioaren bidezko prozesua hasi zenean, emakumeak gizonezkoekin batera aritu izan direla dio.

1981ean preso errepublikanoek egin zuten gose-greban, Bobby Sands da eragilerik ezagunena. Baina emakume presoek ere gose-grebari ekin zioten, esaterako, Armagh-eko espetxean zegoen Mairead Farrellek.

Ostiral Santuko Akordioa lortzeko negoziazioetan ere emakumeek parte hartu zuten eta egun Belfasteko Gobernuko hiru ministro emakumezko dira, eta Dublingo Parlamentuan ere emakume errepublikanoak diputatu dira. Are gehiago, aldi batez Sinn Fein Europako Parlamentuan ordezkatzen zuten bi hautetsiak emakumezko ziren, Hegoaldeko Mary Lou McDonald eta Iparraldeko Bairbre de Brun. Egun, De Brunek bakarrik eutsi dio eserlekuari.

Begirada atzera botaz, Irlandako prozesua jendarte osoarentzat onuragarria dela dio McCann-ek. Baita emakumeentzat ere. «Orain, gatazka hasi zenean baino egoera hobean gaudela esan genezake emakumeen ikuspegitik. Ongizatea bultzatzeko programak ditugu. Lehen, ordea, ez zegoen ezer». Aurrerapausoa izan da emakumeentzat, eta jendarte osoarentzat, dio, oraindik egiteko asko dagoela onartzen badu ere.

Alde horretatik, krisi kapitalistak gogorren jo duen herrialdeetako bat Irlanda dela ezin da ahaztu. «Europar Batasunetik murrizketak, murrizketak eta murrizketak egiteko agintzen diote Dublingo Gobernuari. Eta honek men egiten du», azpimarratzen du. Horrelako egoeretan ondorio latzenak emakumeen bizkarretan erortzen direla argi du McCannek, eta hori dela-eta, Sinn Feinek Europatik ezarritako murrizketen aurrean politika alternatibo bat martxan jartzeko erronka duela dio.

Okupazioaren saminak

Palestinako emakumeek pairatzen duten egoera ez da xamurragoa. UPWC (Union of Palestinian Women Committees, Palestinako Emakume Batzarren Batasuna) taldeko kide den Rawdah Odeh-ek Israelek ezarritako okupazioaren ondorioak eguneroko bizitzan pairatu behar dituztela gogoratzen du.

Bere kasua egoera latz horren adierazle da. Zisjordaniakoa da jatorriz Rawdah eta Jerusalemgo palestinar batekin dago ezkonduta. Normalena litzateke elkarrekin bizitzea, baina Israelek eskubide hori ukatzen die.

Aldi berean, Jerusalem inguruko auzoetan kolono sionistentzako etxeak eraiki eta eraiki ari dira. Palestinarrei, ordea, etxeak altxatzeko edo konpontzeko eskubidea ukatzen diete. Egoera are larriagoa da, palestinarrek euren etxea uzten badute, itzultzeko eskubidea «galtzen» dutelako. Ondorioz, etxe horietan jarraitzen dute. «Hogei lagun egon daitezke gela bakar batean bizitzen», kontatzen du. Hori guztia «kudeatzeko ardura» emakume palestinarrek dute beren gain.

Beste horrenbeste, presoei elkartasuna helarazteari dagokionez. Milaka preso palestinar daude Israelgo espetxeetan. Ia gehienak gizonezkoak. Bisita bat lortzeko baimena lan eskerga bilakatzen da, guztiak 1948ko Lurraldeetan kokaturiko kartzeletan daudelako, eta euren familiak Marra Berdearen beste aldean geratu direlako. Badira 18 urtetan senarra edo semea bisitatzerik izan ez duten emakumeak, nahiz eta horrek, bistan denez, nazioarteko legedia urratu. Bitartean, emakumeak dira familia aurrera ateratzeko ardurari aurre egin behar diotenak. 75.000 familia, 1967. urtetik.

Horrelako historia asko kontatu zizkieten atzo Jennifer McCannek eta Rawdah Odeh-ek Leitzan bildutako emakumeei. Eta gizonezkoei.

Baina hitzaldia hasi baino lehen, Euskal Herriaren elkartasunezko besarkada eta miresmena jasotzeko aukera izan zuten, Leitzako Udalean Oier Eizmendi alkateak harrera ofiziala egin baitzien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo