GARA > Idatzia > Kultura

Hizkuntza gutxituak erabiltzeagatik, diru laguntzarik gabe utzi ditu Estatu frantsesak

«Ipar Euskal Herriko Hitza», «Kazeta.info» eta Okzitaniako «La Setmana»-ri sareko izaera orokorra ukatu die Estatu frantsesak, eta ondorioz, diru laguntzarik gabe gelditu dira.

GARA | BAIONA

Komunikabide kulturalak direla soilik, izaera orokorrik ez dutela eta erabilitako hizkuntza erabiltzaile ororen eskura ez dagoela argudiatu zuen Estatu frantsesak «Ipar Euskal Herriko Hitza», «Kazeta.info» eta Okzitaniako «La Setmana» komunikabideei hedabide digitalei zuzendutako diru-laguntza ukatzeko.

Clamenç Pech-ek, «La Setmana»-ko ordezkariak atzo Baionan egindako agerraldian azaldu zuenez, diskriminazio hirukoitz baten aurrean daude: diskriminazioa hedabideari, bertan lan egiten duten kazetariei eta baita hizkuntza gutxituei ere. Gainera, bere hedabideak sareko zerbitzu bat betetzen duela azpimarratu nahi izan zuen eta gaur egun Interneten lanean ari diren hedabideak gero eta gehiago direla ere gogorarazi nahi izan zuen.

Bestetik, Maite Ubiriak, «Kazeta.info»-tik, kazetari bezala irainduak eta mespretxatuak sentitu direla aitortu zuen. Izan ere, Estatu frantsesak lanbidea onartzen dien arren -kazetari karneta ematen baitie langileei- errealitatean egiten duten lana ez dute aintzat hartzen. Tratu berdina eskatu zuen hedabide eta langile guztientzako.

Azkenik, «Ipar Euskal Herriko Hitza» hedabidearen alde «Berria»-ko zuzendari Martxelo Otamendi agertu zen. Bere esanetan, halako egoera ulertezina izango litzateke «Le Monde» edota «Le Figaro» bezalako hedabideetan gertatuko balitz, eta gertatutakoa ikuspegi «jakobinista» batetik bakarrik uler daitekeela esan zuen.

Euskaltzaleen laguntza

Hiru hedabideetako ordezkariekin batera hainbat euskaltzale agertu ziren atzo Baionako agerraldian. Horien artean, Herri, Kanaldude edota Euskal Irratiak hedabideak izan ziren. Aspalditik euskal hedabideak mantentzeko hausnarketa bat egiten aritu direla azaldu zuten hauek. Egoera honek azaltzen duena da oraindik «bide luzea» dagoela egiteko.

«Betebehar berdinak ditugu denok, baina eskubide ezberdinak», aitortu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo