GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

MATXITXAKOKO GUDAREN 75. URTEURRENA

Gudontzidietako ahotsak, bizi-bizirik

Astelehenean 75 urte beteko dira Euzkadiko Gudontzidia Matxitxako parean «Canarias» ontzi faxistaren aurka borrokatu zenetik. Brankan ikurrina eta txopan espainiar Errepublikako bandera jarrita itsasoan lehiatu ziren gizon eta emakumeak omenduko dituzte egunotan. Juan Azkarate da Busturialdean bizirik gelditzen den bakarra; hamalau urte zituen orduan.

p008_f06_140x96.jpg

Ane ARRUTI

Errepublikaren Armadari itsas trafikoa eta arrantza-lanak babesten laguntzeko eta euskal portuen sarrera-irteerak urpeko minetatik libre izateko sortu zuen 1936an Eusko Gobernuaren Defentsa Sailak Euzkadiko Gudontzidia. 50 arrantza-ontzitik gora hartu eta gerraontzi bihurtu zituzten, bou armatuak batetik eta urpeko minak harrapatzeko gailuz hornitutako minaketariak bestetik. Borrokaldi ugari izan zituzten euskal uretan eta horietan garrantzitsuena, 1937ko martxoaren 5ean Matxitxakon jazotakoa izan zen. Baionatik Bilbora zetorren konboi bat atzeman zuen «Canarias» gurutze-ontzi frankistak. «Galdames» merkantzia-ontzia «Gipuzkoa», «Bizkaya», «Nabarra» eta «Donostia» ontzien babesean zetorren. Frankistek «Galdames» ontzia mendean hartu eta «Nabarra»-ko eskifaia hil egin zuten.

75. urteurrena betetzen dela-eta, Matxitxako eta Bidasoa elkarteek, Gipuzkoako Diputazioaren Untzi Museoak eta Bizkaikoaren Bermeoko Arrantzale Museoak hainbat ekitaldi antolatu dituzte egunotan. Azken museo horretan atzo inauguratu eta maiatzaren 27ra bitartean ikusgai egongo den «Euzkadiko Gudontzidia Busturialdean» erakusketa da horietako bat. Izan ere, 917 gizon eta hiru emakume aritu omen ziren orotara Euzkadiko Gudontzidian eta eskualde honetakoak izan ziren asko. Horien artean zegoen Juan Azkarate bermeotarra. Atzoko inaugurazioan bertan izan zen, eta Matxitxakoko gudan zuzenean parte hartu ez bazuen ere, lauso samar gogoratzen dituen bestelako pasadizoak ezagutarazi zituen. Hamalau urte baino ez zituen faxisten aurka aritzeko boluntario aurkeztu zenean. «Joan nintzen nire dokumentuekin, eta barrura. Inork ez zidan ezer esan, handia nintzenik, txikia nintzenik... Neure postua neukan -zerbitzari aritu zen «Araba» bouan- eta, konbatea bazen, beste postua, metrailadorearekin: Telegrafista manejatzen, eta ni balak ematen», kontatu zuen.

Bermeotarra bere arreba Mariarekin joan zen aurkezpenera eta euren testigantzak agerian utzi zuen lehorrean gelditzen zirenetatik hasi eta itsasoan borrokatu zirenetaraino familia osoek jasan behar izan zuten sufrimendua. Izan ere, Maria eta Juanen ama bera, janaria erostera joan zen itsasoz Mundakara eta handik Gernikara beste emakume batzuekin. Mundakatik bueltan zetozela, batela zurrunbilo batek harrapatu eta bertan ito ziren. Bost seme-alaba utzi zituen umezurtz, eta amaren ahizpa batek, 14 urtekoak, hartu behar izan zuen haurrak zaintzeko ardura.

Juan gerra galdu arte aritu zen Gudontzidian, «baporean egiten genuen instrukzioa, gero kuartelean ere bai, Getxon. Gerra galdu arte ibili nintzen han. Asturiasera joan, ostera berriz Frantziara, handik ostera Bartzelonara... Eta gerra amaitu zenean Kataluniatik Frantziara, Argelesera», esan zuen. Sei hilabete egin zituen Argelesko kontzentrazio esparruan. «Mugatik Argeleseraino gau eta egun oinez joan ginen, tropan, milaka. Bertan 50.000 lagun egon ginen. Soldadu denak senegaldarrak ziren. Korrika eginarazten ziguten, `ale ale, ale ale', hori zen haien kantua. Gure aurretik ere tropak eta tropak joanak ziren eta, Perpinya beteta zela eta, gu denak han itxaroten, ea nora botako gintuzten».

Gazte harrapatu zuen gerrak Juan, eta «horrek salbatu nau ni kartzeletan egoteaz», jakinarazi zuen. «Bestela, kartzelan edo lan horietan urte gehiago egingo nituen. Gaztea izatean, libre. Larrinagan egin nituen hamabost egun, andre eta ume artean; eta andre eta umeekin batera, kalera».

Omenaldiak, bihar eta etzi

Erakusketan garai hartako argazki ugari biltzen dira, minak, Matxitxakoko talaia, komandanteen irudiak, bouak... Baita bestelako objektu batzuk ere: «Gipuzkoa» bouko komandantea izan zen Manuel Galdosen kapeluko xingola; «Nabarra» boutik bizirik irtendako Mario Cahuek Ondarretako kartzelan egindako luma-euskarri bat; marinel batek gordetako «Gipuzkoa» bouaren ikurrinaren zati bat; Marinako txartelak...

Gudontzidian aritu ziren Busturialdeko boluntario guztien argazkia eta izen-abizenak ere ageri dira. Hor ikusiko dugu Juan Azkaraterena ere, gainerakoen ondoan deigarria egiten den ume aurpegiarekin.

Erakusketaz gain, hainbat lekutan egin dira eta egingo dira oroimenerako ekitaldiak. Ostegunean, 500 iruditik gora biltzen dituen Juan Pardo San Gil-en «Euzkadiko Gudontzidia iruditan. Álbum de la Marina de Guerra Auxiliar de Euzkadi (1936-39)» liburuaren aurkezpena egin zuten Donostiako Untzi Museoan.

Biharko ere ekitaldi hunkigarria iragarri dute. 1978an monolitoa zegoen eta Nestor Basterretxearen «Matxitxakoko guda» eskulturak ordezkatu zuen tokian, Bermeo eta Bakio artean, Gudontzidian zendutako 62 pertsonei omenaldia egingo diete. Goizeko 10.30ean hasiko da ekitaldia.

Eta urteurrenaren egun berean, astelehenean, gutunen zigilu-markatzea egingo da Donostiako Untzi Museoan (10.30-13.30) egun horretarako baimendutako oroitzapenezko zigilu-marka bereziarekin. Bouen irudiekin bi serie editatu dira, euskaraz eta gaztelaniaz. Gainera, gutunak markatzera hurbiltzen direnei Mikel Begoña eta Ricardo Sendraren «Berunezko itsasoa» komikia oparituko diete.

Bestalde, Euzkadiko Gudontzidiaren kideen aldeko omenaldia egingo da Pasaian, Donostian, Mutrikun, Ibarrangelun, Bermeon, Armintzan, Plentzian eta Buenos Airesko Euskal Etxean. 17.00etan izango da, duela 75 urte borroka izan zen ordu berean. Adierazpen bat irakurri ostean, lore-eskaintza egingo da, sirena eta kanpai hotsekin lagunduta.

boluntario

izan omen ziren Euzkadiko Gudontzidietan aritu zirenak: 917 gizonezko eta 3 emakume. Horietatik gerran bertan 62 pertsona hil ziren. Bihar, Nestor Basterretxearen eskulturaren alboan, omenaldia jasoko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo