Ekaitz MAIZ | ESKALATZAILEA
«Motibazio berriei erantzuten nabil, eta "Izarren hautsa" horren ondorio da»
Andoni ARABAOLAZA
Bide berrian bizi izan zutenaz, Maizek zera adierazi dio GARAri: «Petatearekin buruhauste asko izan genituen, behin eta berriro trabatzen zelako. Zailtasun teknikoak eramangarriak dira, baina benetan zailena seguruak jartzeko uneak eta hotza izan ziren. Denbora guztia eskuak berotzen ematen genuen. Ez dakigu ze tenperatura egin zuen, baina botilan zegoen ura izoztu egin zen. Horretaz gain, aipatu behar dut Asierrek eta biok lan eskerga egin genuela. Hotzarekin, asko sufritu genuen; batez ere eskuek. Pentsa, hotzaren ondorioz, azkazalak haragitik bereizi zitzaizkidan! Hala ere, jarduera borobila atera zitzaigun. Hotza bai, baina eguraldi egonkorra zen eta paretan baldintzak bikainak ziren».
Aurreko elkarrizketa batean aipatu zenidan, «Woodpeckers» bidea eskalatu ondoren, Marboreko Dorrearen ipar aurpegiarekin liluratuta geratu zinela. Hots, bide berriak zabaltzeko aukerak ikusi zenituela. Ondoren, «Agur eta Ohore» iritsi zen, eta orain, «Izarren hautsa». Marra hori udaran zabaltzeko asmoa zenuen, baina azkenean neguan zabaltzea erabaki duzu. Zergatik?
Negu honetan pare bat aldiz igo naiz Gavarnieko hirugarren murrura, eta aurrekoan beste horrenbeste. Bertara igotzerakoan, begiak Marboreko Dorrera joaten zitzaizkidan. Neguan, beste aurpegi bat erakusten du; kuriosoa da, baina, haitzean eskalatzeko, neguak baldintza askoz hobeak eskaintzen ditu. Dena izoztuta dagoenez, lehor-lehorra dago. Baldintzez gain, hirugarren murruko bideetan eskarmentua hartu dut. Udaran ikusitako marra, baldintza onetan ikusi nuen, eta Asierrek eta biok ez genuen bi aldiz pentsatu.
Neguan zabaltzen duzun zure lehen bide alpinoa da. Ze hausnarketa egiten duzu honi buruz?
Oso esperientzi aberasgarria eta gogorra izan da. Agian, 3 egunetan egin ordez, 4 edo 5 egunetan eginez gero gehiago disfrutatuko genuen. Petateak leher eginda utzi gintuen. Baina bizipenek ez dute zerikusirik udaran izandakoekin, neguan etengabe egon behar zara mugitzen, ez dago atseden hartzen geratzeko tarterik, hotzak jaten zaitu... Ingurua ere erabat desberdina da, erlaitz eta biretan elurra pilatua egoten da eta artesien barruan izotza aurkitzea ohikoa da. Honek guztiak igoerari zailtasun puntu bat gehitzen dio, eta kutsu erromantikoago gehitu ere. Hausnarketa sakona egiteko oraindik goizegi da.
«Agur eta Ohore» baino errazagoa da; hala ere, soilik 6 parabolt sartu dituzu. Friendak eta fisureroak erabiltzeko aukeratu zenuen, ala horrela atera da?
Ahalik eta parabolt gutxien sartzea zen helburua. Aukeratutako marra aproposa da horretarako, artesi eta diedro ugari zeharkatzen dituelako. Horretaz gain, daraduluarentzako soilik 3 bateria eraman genituen, eta kontuan hartu behar da bileretan 10x90 mm-ko paraboltak jarri genituela.
Ze izan da aktibitate horretan gogorrena? Hurbilketa bidea pisuarekin, hotza, paretaren baldintzak...
Gehien sufriarazi ziguna, zalantzarik gabe, petatea izan zen. Paretaraino eramaten sorbaldako min galanta izan genuen; paretan igotzen ere sekulako komeriak pasa genituen. Eta jaitsiera ere ez zen samurra izan. Petateaz gain, hotza aipatuko nuke. Nik hotza gustuko dut, baina behatz puntak ez nituen sentitzen, etengabe mugitzen ginen hotza saihesteko... horrek guztiak asko nekatzen zaitu. Paretaren baldintzei dagokienez, pilatuta zegoen elurra eta artesietan zegoen izotzaz aparte, oso baldintza onak zeuden; harkaitza bikaina da, eta eskuak sentitzen nituenean eskalada plazera bihurtzen zen.
Egun bateko aktibitatean zabaldu duzue, hots, oso azkar. Horrek harritu al zaitu?
Ez, plana horrela egina genuen; ostiralean meteoak eguraldi ona eta larunbaterako elur pixka bat iragartzen zuen. Horrek esan nahi zuen, gauzak okertuz gero bidea bukatu gabe itzuliko ginela. Baina dena aurreikusi bezala joan zen; zailtasunak ez ziren oso handiak izan eta seguruak oso ongi sartzen ziren. Nahiko azkar igo ahal izan ginen.
Marboreko Dorrearen ipar aurpegian neguan zabaldu den lehen bidea da zuena. Harritu al zaitu 2012. urtera arte ez dela inoiz neguan han bide bat zabaldu?
Harritzen nauena da 2012. urtean Marboreko Dorrean hain bide gutxi egotea. Jendea paretan eskalatzera urrutira joaten da: Dolomitak, Taghia... Baina Marboreko haitza askoz hobea da. Gainera, ipar horma hori udarako oso aproposa da. Hain bide gutxi egonda, ez nau harritzen orain arte inork neguan biderik zabaldu ez izateak.
Jarduerari ematen diodan garrantziaz, bada, zailtasun teknikoaren gainetik, friendak eta fisureroak erabili ditugula neguan bide hori zabaltzeko; horixe azpimarratuko nuke. Eskalatzaile bezala nire ibilbidean beste urrats bat eman dut. Bideak azpitik zabaltzen hasi nintzenean, behin aipatu nizun eskalatzailea eta ekipatzailea batzearen ondorio zela; orain, berriz, eskalatzailea, izotz-eskalatzailea eta ekipatzailea batu dira.
Negu honetan erabat murgilduta ikusten zaitut jarduera alpinoetan: «Borrokan Aske» udazkenean kateatu zenuen, baina neguko baldintzetan, Gavarnieko murruetan alpinismoa egiten egon zara, izotzean ere eskalatu duzu, orain Marboreko Dorrean eginikoa... Ze gertatzen zaizu?
Motibazio berriei erantzuten nabil. Duela gutxi, Luisito eta Gelesekin gaur egungo kirol eskaladan dagoen giroaz hitz egin genuen. Orain, pareta alpinoetan, duela 15 urte Etxaurira joaten nintzenean neuzkan antzeko sentsazioak ditudala esaten nien. Ia bide guztiak dauzkat egiteko, ia biderik gabeko paretak... erronkaz beteriko mundu bat. Horrek ez du esan nahi Etxauri bezalako tokietan motibazioak eta erronkak ez ditudanik. Baina aste egun batean eskalatzera joan, autoa aparkatzeko tokirik ez aurkitu eta eskalatzaileen artean hain hedatua dagoen graduaren hierarkia horrek ez naute gehiegi motibatzen.
Gavarnieko hirugarren murruan, adibidez, «Alois» bidearen lehen bi luzeak zuk askatu dituzu eta «Aliento del diablo» ere errepikatu duzu. Zer-nolako esperientziak izan dira?
Oso aberasgarriak: bide bikainak dira. Soilik izotzez osatutako bideek ez naute gehiegi motibatzen. Baina horrelako bideek, batez ere dauden tokian egonda, izugarri motibatzen naute.