Surflari Ernegatua
Hauteskundeak
Kirol munduan hauteskunde garaia da, baita surf munduan ere. Kritikatu baino egin ez dugunok, autokritika bat egiteko parada ezin hobea izan daiteke. Animoak lan egiteko prest dagoen orori, baina batez ere, ia bakarrik eta babesik gabe, aurrera egiteko gai izan den Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakariari.
Gainontzeko eremu anitzetan bezala, surflariok ere erraz eta arin kritikatzeko giza joera arduragabea dugu. Eskubide oro geure egiten dugu eta aldi berean, ez dugu betebeharrik nahi. Egungo gizarte honetan oso zabaldua da gaitza. Ideia eta proiektu politak izan ditzakegu, baina gauzatzerako orduan lan egin behar da, eta horretarako trabak eta aitzakiak aurkitzerako orduan trebetasun aparta erakusten dugu.
Azken bi hamarkadetan surfak bilakaera itzela izan du. Batzuek kalterako izan dela esango dute; beste batzuek, berriz, norabide egokian urrats garrantzitsuak egin direla esango dute. Denetarikoak izango dira iritziak, baina ibilbide bat izan dela ukaezina da, eta ongi edo gaizki, beharrezkoak ziren urratsak egin direla ere esan daiteke.
Txapelketen aferaz harago, surflarion komunitatea batu eta elkarren artean urratsak egite aldera sortu zen Euskal Herriko Federazioa; beharrezkoa zen, eta horregatik, gauzatu zen urrats ezinbestekoetako bat izan da. Bere gorabeherak izan ditu, indar handiagoz edo apalago egin du lan, testuinguruaren arabera, baina batez ere federatuen eta surflarien babesaren arabera.
Federazioak, beste edozein kiroletako federazioek izan ditzaketen gabezia eta mugak ditu, araudi edo muga administratiboak kasu, baina horrek ez luke tresna gisa albo batera uzteko aitzakia izan behar. Federazioa iristen ez den eremuetan beste nolabait egin beharko da lan, agian bestelako erakunde edo elkarteak sortu beharko dira, baina betiere elkarlanean eta norabide berean lan eginaz. Eremu batzuetarako tresna egokia ez izateak ez du esan nahi nulua denik, ezta gutxiago ere.
Kirol munduan hauteskunde garaia da, baita surf munduan ere. Ez dakit zer-nolakoa den Bizkaiko Surf Federazioaren egoera, baina gertuen dudan erakundean, Gipuzkoakoan alegia, elkarte eta norbanako surflariak bildu eta elkarlanean aritzeko zailtasunak ikusten ditut. Surflariok, neuk barne, oso arin eta arduragabe kritikatu izan ditugu erakundeok, baita bertan lanean ari diren kideak ere. Orain, aurreko urteko ekintzen balantzea egitearekin batera, arduradun berriak hautatzeko deia luzatu du Gipuzkoako Surf Federazioak. Kritikatu baino egin ez dugunok, autokritika bat egiteko parada ezin hobea izan daiteke. Orain artekoak baino hobeto egiteko gai al gara?
Horrela bada, geure buruak lanerako aurkeztu eta esandakoa frogatzeko aukera paregabea dugu, eta bestela, gutxienez, gure ustez gaizki egindako edo hobetu daitezkeen gauzen berri eman, eta berauek zuzentzeko geure babesa eskaini beharko genieke lanean ari direnei.
Nire partetik, animoak eman nahi dizkiot aurrerantzean lan egiteko prest dagoen orori, baina batez ere, azken urteetan, ia bakarrik eta babesik gabe, ni bezalako aho beroak jasan eta gainera aurrera egiteko gai izan den Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakariari.