Oiasso: hiri historikoaren erdian, erromatar garaia jendeari hurbiltzen
«Ilunbea urratzen du argi iturriak./ Harriaren gorputzak betirako altzoa/ Eskaintzen dio/ Begiari:/ Kalzio isuriek/ Armiarma sare zurbilak/ Marrazten dituzte/ Hormetan,/ Labirintoak bailiran». Arkeologiak gauza potoloa dirudi, baina Irungo Oiasso museoko kideek hurbildu egin nahi dizkiote jendeari erromatar garaiko aurkikuntzak; zinemarekin, tailerrekin edo Itxaro Bordak poema honetan egiten duen bezala, deskripzio objektiboei emozioa jarriz.
Maider IANTZI | IRUN
Oiasso erromatar museoan sartzean sentitzen den sentsazioa magikoa da, izen bereko hiri historikoaren erdian kokatua dagoelako; bertatik, San Juan Harria plazatik, primeran ikus daiteke non zegoen portua, Santiago kalean. Termak, aldiz, ondo-ondoan daude eta etorkizunean gune hori ere bisitak egiteko prestatzea da asmoa. Lehen eskolak zeuden orain museoa dagoen eraikinean eta irundarrei polita iruditzen zaie hezkuntza eta kultura funtzioa betetzen segitzea. Maria Jose Noain zentroko ekintzen arduradunak kontatu digunez, bisitari batzuek aipatzen diete hura beren ikastetxea izan zela.
Sarreran, Txingudiko badia ageri da lehen zen bezala, baina denbora pixka batean begira egoten bagara, irudia aldatzen ikusiko dugu eta gaur egungo paisaia azalduko zaigu gainean. Hala, bi irudiak konparatuz, ingurua zenbat aldatu den konturatuko gara. Hortik aitzinerakoa erromatar garaira egindako bidaia berezi bat izanen da; berezia, normalean museo batean ikusten ez diren aztarnak ikusiko ditugulako: haziak, larrua, egurra... Usteldu egin ohi dira; hemen, ordea, mantendu egin dira padurei eta hezetasunari esker. Noainek agertu duenez, material organikoa gureganaino ailegatzea hagitz interesgarria da, bertze ikuspegi bat ematen duelako ikertzeko; adibidez, melokotoiak jaten zituztela jakin dezakegu, fruitu honen hezurrak topatu dituztelako. Museoan erakusten dituztenak, gainera, penintsulan aurkitutako zaharrenak dira.
Lehendabiziko aretoan, erromatarren eta baskoien arteko aurreneko topaketa ezagutuko dugu. «Badirudi ez zegoela borrokarik. Baskoiak Burdin Aroan zeuden, historiaurreko azken etapan, eta topaketa zirraragarria izango zen, erromatarrek beste gizarte eredu bat ekarri zutelako. Topaketa honekin lotuta, Mertxe Urteaga museoko zuzendariak bere esperientzia oroitarazi du. Valladoliden egin zituen ikasketak, Arkeologia alde batetik eta Erdi Aroko Historia bertzetik. «Arkeologian oso irakasle ona izan nuen, erromatar garaian goi mailako aditua, baina ez nion kasurik egiten, nire buruari esaten nion: `Etxera bueltatuko naiz eta han erromatarrak ez direnez egon...'. Ez nituen bere azalpenak arretaz jarraitzen, ikasgaia gainditu behar nuen, baina ez nuen sentitzen hori ikasi behar nuenik. Zenbat aldiz damutu ote naiz! Lagun ona izango litzateke gauzak aurrera eramateko».
Zergatik gara euskaldunak?
1983an Urteaga herrira itzuli zenean erromatar garaia ez zen lantzen arkeologian. Zergatik gara euskaldunak? Zer azalpen eman hori ulertzeko? Honakoa erran izan da: gure hizkuntza zaharra mantentzen dugu, erromatarren aurka tinko egon ginelako eta ez genielako utzi hona pasatzen. Gure lurraldea defendatu genuen eta gure indarrari esker ez ziren etorri. Egoera horretan, gure hizkuntza eta nortasuna mantendu egin ditugu. Gutxi gorabehera horregatik gara euskaldunak.
«Baina erromatarren aztarnak biltzen joan gara, nahiko inportanteak», ohartarazi du Urteagak. Arkeologo honen arabera, kontuan izan behar dugu erromatarrek, ze lurralde konkistatu behar zuten erabakitzen zutenean, helburua lortzen zutela, hagitz indartsuak eta boteretsuak zirelako. «Hemen ere horrela izan zen. Bestalde, gure hizkuntza oso zaharra da eta ematen du oso zahar horrekin batera arkaikoa ere badela. Lotu egin ditugu beti bi gauza horiek eta iritsi nintzenean egiten zen arkeologia historiaurrekoa zen. Zenbat eta zaharrago, hobeto». Orduan, erromatar garaiko arkeologia, edo Erdi Arokoa, edo historiarekin batera egiten ziren ikerketak basamortua ziren, ez zegoen ezer... Irunen ezik. Hemen, 1969an Jaime Rodriguez Salisek Junkaleko elizako zelaigunean zundaketa lan batzuk egin zituelarik, Oiassoko egonlekua aurkitu zuten. Ama Xantalen ermitaren barruan dagoen kanposantua edo nekropolia ere topatu zuten... Baina bertze guztia egin gabe zegoen, argia historiaurrean jarria baitzegoen.
Hori, Urteagarentzat, alde batetik zorte handia izan da; dena egiteko zegoen eta aukera izan dute zerotik hasteko eta antolatzeko. Emaitzak tantaka-tantaka joan dira etortzen 40 urteotan eta jada mapan hainbat toki dago aztarnekin.
Testuinguru honetan, Oiasso museoak seigarren urtea eginen du aurten eta bertze adierazgarri bat da jarrera horretan: «Erromatar garaiko arkeologia zerotik hasi da, 40 urte soilik ditu, baina bide horretan gauza nahiko inportanteak aurkitu dira, Oiasso hiria eta portua, adibidez, eta museoak ondo azaltzen ditu orain arte egindako lanen emaitzak. Penintsulako lehendabiziko erromatar garaiko portua da Oiassokoa eta horrekin batera bilduma arkeologikoak azaldu dira, milaka zeramika puska, larruzko zapatak, egurrezko gauzak...».
Oiasso ez da mosaikoak edo eskultura handiak erakusteko museo bat; justu alderantziz, gauza txiki-txikiak erakusteko. Bigarren solairuan, portuko aretoan merkataritzako eta arrantzako elementuak daude bilduta: itsasontziak gainean jartzeko egur originalak, orratzak, pisuak, amuak, anforak, txanponak enperadore desberdinekin, egurrezko tapoiak... Eguneroko bizitzari eskainitako aretoan, berriz, eltzeak daude, platerak, oliba, intxaur, melokotoi zein aran hezurrak, jateko eta edateko erabiltzen zituzten zeramikak, brotxeak, zapatak, larruzko oinetakoen zolak, orraziak, bitxiak, eraztunen harriak, idazkera, jolasak, gurea bezal-bezalakoa den dadoa, etxe eta meatzeetan argia izateko oliozko kriseiluak...
Sekulako abentura
«Dena sekulako abentura izan da. Gure gizarteak barneratua zuen erromatarrak ez zirela hemen egon, baina Irunen agertutako aztarnetatik hasi eta hariari jarraituz, bainuetxeen aztarnak topatu ditugu, portuko 300 metro eraikinez josita, kaiak, Arditurrin lurrazpiko akueduktu bat dago oraindik martxan, ia lau kilometroko erromatar garaiko galeriak...
Alde batetik, gauza oso-oso politak dira, estetikoki oso erakargarria da erromatar meatzaritza, eta bestetik, gure historia ulertzeko beste erreferentzia bat. Akaso, euskaldunak gara, erromatarrei esker gure maila 200 urtetan erabat aldatu zelako eta gorantz egin genuelako. Abangoardia historikoan egotea lortu genuen eta horri esker ibili gara beti abangoardia horretan eta gaur egun ere modernoak gara, gure hizkuntza barne. Eurei esker lortu genuen merkataritza, txanpona, legeak, portuak egitea, errepideak...».
Mertxe Urteagaren iritziz, tranpolin bat izan zen ekarri zuten kultura bertze bi mila urte bizirik jarraitzeko.
Museoan balbula bat dago, ura igotzeko makina baten pieza bat. Pieza hori zuzenean dator Ekialdetik, Alexandriatik. Erromatarrak zubi bat izan ziren Ekialdeko kultura, astronomia, matematikak, teknologiak Mendebaldera ekartzeko eta balbulak ederki erakusten du hori. «200 urteko ikastaro trinko bat egin ondoren, hori izan baitzen erromatarrekin harremanetan egotea, pentsa ze aldaketa gertatu zen eta ze abantaila ekarri zituen aldaketa horrek!». Arkeolaneko langilearen arabera, orain, hori jakinda, ezin dugu euskaldunok erromatarren aurka egin genuela, gure Burdin Aroko kultura mantendu genuela eta hori gure kulturaren oinarria izan zela defendatu.
Erromatar museoan Oiasson agertutako bildumak erakusten dituzte, testuinguru historikoarekin batera. Arkeolanek zentroaren kudeaketan parte hartzen du eta ikerketak egiten jarraitzen du. Azkeneko aurkikuntza San Juan plazan egin dute; erabat berrantolatu dute plaza, aparkaleku bat egin dute, hiru solairukoa, eta goiko geruza osoa induskatu dute solairu horiek egiteko. Hori aprobetxatuz, jarraipen arkeologiko bat egin dute eta horrekin aurkikuntza galanta etorri da.
Irunen baskoien hiri bat zegoen, Oiasso izenekoa. Eta, gainera, baldintza estrategiko onak zituen: Kantauriko kostaldera begiratuz gero, ekialdetik mendebaldera doan bidera, konturatuko gara justu Irunen hartzen duela ipar norabidea. Bidasoa ere hemen dago, bere estuario handiarekin, eta portua bertan egin zuten, kaia ez zelako kostaldeko lehendabiziko lerroan egoten, barrurago, babestuago baizik. Aiako Harriko meatzaritza ere aipatzekoa da, Arditurrin erromatar garaiko hainbat galeria azaldu dira. Zilar ugari atera zuten hemen.
Baskoien aztarnen bila
Oraintxe Hondarribiko Zubietan ari dira ikertzen Arkeolanekoak. Baskoien bide bat zegoen, baina oraindik ez dituzte beren aztarnak topatu. Irunen aurkitu dituzten aztarna guztiak erromatarrak dira. Hainbertze zulo eta indusketa egin ondoren, oraindik ez dira azaldu Burdin Aroko aztarnak eta horretan ari dira. Jaizkibeleko Lezo inguruan topatu dituzte Burdin Aroko zeramika puska batzuk, Urteagak garbi utzi nahi izan du, ordea, ez direla Oiasso hiriko aztarnak, nahiz eta zerikusia izan.
Museoaren bidez ikerketetan lortzen dituzten emaitzak gizarteratzen ahalegintzen dira. Ikertu eta idatzi egiten dute -liburu bat kaleratu dute berriki Gipuzkoako Aldundiak sustatutako «Arkeologia» bildumaren barrenean-, baina jendearen aitzinean bertze lan bat egin behar dutela pentsatzen dute eta hori batez ere museoan egiten dute. Errate baterako, ekitaldi berezi bat egin zuten lehengo egunean meatzaritzari buruz, eta Itxaro Borda gonbidatu zuten.
Baionako poetak ikuspegi desberdin bat eman zuen, erromatar garaiko aurkikuntzek emozionalki ze galdera eta erantzun sortzen dizkioten agertuz. Bitxia izan zen, gauza bat baita arkeologia aztarnak modu objektiboan deskribatzea eta bertzea horren aurrean abstrakzioa eginez idaztea edo sentimendu batzuei forma ematea. Bere ikuspegia txertatuz, sentimenduz bete zituen Bordak datuak.
«Lurraren azpian aurkitzen den apurra anitz da./ Arkeologoak bilatzen ditu detektiba baten pare/ Mende urrunen aztarnak:/ Zapata zola bat,/ Ilezko oihaltxo bat,/ Egur hirotu bat,/ Diru herdoildu bat,/ Sigillata izkin bat,/ Anfora hautsi bat,/ Hezur miko bat,/ Marmol ezpal bat,.../ Lurraren azpian aurkitzen den apurra anitz da/ Azkorriak eta erleak maite zituztenak/ Nola bizitzen ziren ikasteko».
Normalean museo batean ikusten ez diren aztarnak ikusiko ditugu: haziak, larrua, egurra... Usteldu egin ohi dira, baina hemen mantendu egin dira padurei eta hezetasunari esker.
Erromatar garaiko arkeologia zerotik hasi zen orain dela 40 urte, baina gauza inportanteak aurkitu dituzte denbora horretan, Oiasso hiria eta portua, errate baterako.
Oiasso museoak formatu berriak sortu ditu, interaktibitaterako espazio berriak bisitari, arkeologo, historialari eta idazleak batzeko. Maiatzaren 19an, Homeroren Odiseari buruz mintzatuko dira, Robert Gravesen «Homeroren alaba» liburutik abiatuta. Bi euroren truke, liburua erosteko deskontua eta kafea eskainiko dituzte. Asteburuetan, aldiz, bisitak egiten dituzte, larunbatetan Ama Xantalen aztarnategira eta igandetan, meatze-trena hartuta Irugurutzetako labeetara.