Aiaraldeko Altubepekoak eta Gasteizko Martin Ttipia, finalean
GARA | GASTEIZ
Otsailean hasi zen bertso liga Araba aldean. Geroztik hamarnaka arabar pasa dira txapelketaz txapelketa bertso idatzietan nahiz bat-batekoetan parte hartuz. Larunbatean lehen finalistak zeintzuk diren jakin zen, eta atzo hilaren 24ko finalean zeintzuk izango diren argitzeko unea izan zen.
Zigoitiko aretoa ehun bat lagunekin beteta hasi zen finalerdia. Bat-batekoan Gasteizko Kakiturri-Ehari eta Aiaraldeko Altubepekoak izan ziren kantuan. Idatzizkoan berriz, Gasteizko Trikiporru eta Martin Ttipia.
Idatzizko atalarekin Trikiporru taldeak «Urdanga Arin»en inguruko bertsoak taularatu zituen giro onean. Kirolari eta enpresariz jantzita, dantza soltea eta koplak tartekatuz barrea eraman zuten aretora. Martin ttipia taldea «Jimenez ijito familia» bilakatu zen eta Gasteizko gorabeherak eta pertsonaiak gogoan izanik, umoretsu aldarrikatu zuten ijito eta «vascoen» arteko lehen asanblada.
Atzo Araiako Andramari aretoan jokatu zen bigarren eta azken finalerdia, 17:30ean. Aramaioko Marixeka eta Aguraingo Sorginetxe aritu ziren bat-batekoan; idatzizkoan berriz, Aramaioko Ai Ene! edo Aguraingo ostiral iluntzeetako berbalagunak igaro ziren Aramaioko finalera.
Martxoaren 24an, larunbatean izango da finala, 17:30etik aurrera. Antolatzaileek esan dutenez, goizeko hamarretan aterako da autobusa Laudiotik, eta doakoa izango da. 14.30ean bazkaria egingo dute frontoian bertan eta jarraian hasiko da Arabako Txapelketako finala.