GARA > Idatzia > Kultura

Bokaleko burdinolak gogoan, Les Ethiopiques jaialdiaren ikusgarrietan

Jatorri eta kultura ezberdinetako berrehun artista elkartuko dira Baionan, Les Ethiopiques jaialdian, hilaren 19tik 24ra bitartean. Aurten hainbat ekitaldi antolatu dituzte Bokaleko burdinola zaharren oroimenez.

Ainize BUTRON | BAIONA

Kultur forma ezberdinak karrikaratzea xede duen Les Ethiopiques jaialdiak ateak zabalduko ditu datorren martxoaren 19an Baionan. Sei egunez, Lapurdiko hiriburuko kaleetan, plazetan, museoetan eta liburutegietan belaunaldi eta jatorri ezberdinetako musikariak, dantzariak, olerkariak, kantariak eta zientzialariak ere agertuko dira. Artea herritarrei hurbiltzea da Les Ethiopiques-en helburu nagusia eta, hori dela-eta, antolatzaileek kultur ekitaldiak bazter guztietan zabaldu nahi dituzte. Horretarako, ezohiko lekuetan antzerki eta kontzertuak ikusi eta entzuteko aukera izango da, hala nola okindegi eta etxebizitzetan.

Truke eta elkar ezagutza hitzek esanahi berezia izango dute, jaialdi horretan elkartuko diren berrehun bat artistei esker. Beñat Achiary antolatzaileak bi ekitaldi goraipatu zituen gehienbat: batetik, «Gerezien denbora» hiri giroko pastoralaren aurre emanaldia -berez, 2013an aurkeztuko dute-; eta bestetik, Bokaleko burdinola zaharren oroimenez, aurten antolaturiko emanaldiak.

Martxoaren 19an, aurreko lau edizioetan egiten aritu diren bezala, Santespiritu auzoko Santa Katarina karrika zeharkatuz abiatuko da jaialdia. Saltokietan Forges de l'Adour izeneko burdinolen argazkien erakusketa jartzeaz gain, artistek, gai horren inguruan bat-bateko ekintzak plazaratuko dituzte arratsalde osoan zehar.

«Astebetez, Santa Katarina karrika `kemenaren kalea' izendatuko dugu», azpimarratu zuen Achiaryk. Oroimena errotuko da ondotik, egunez egun, agertuz joango diren ikusgarri garaikide ezberdinetan.

Hilaren 22an, Bokaleko burdinoletan eta Baionako galdategietan lanean aritu diren langileak omenduko dituzte fakultatean eginen den ekitaldi batean, Beñat Achiary eta Baionako beste zenbait musikarirekin. Lantegi horietan aritutako langileak ere bertaratuko dira.

Pastoralari dagokionez, Itxaro Bordak idatzitako lanaren aurre emanaldi bat egin nahi izan dute antolatzaileek, emanaldi nagusia datorren urterako izango bada ere. Espainia karrikako Guichot eskolan, Junes Casenave, Mixel Etxekopar, Mixel Arrotze, Beñat Achiary eta Zuberoako dantzari eta kantariak izango dira.

Mônica Passos

Astebeteko jaialdi horretan beste hitzordu asko izango da, zein baino zein adierazgarriagoa, hala nola «Munduko bozak» izeneko kontzertua, martxoaren 23an herriko antzokian, eta Brasilgo Mônica Passos kantaria, Pedro Soler gitarrista, Argentinako Las hermanas Laura eta Gianna Caronni klarinete jotzaileak eta Beñat Achiary bertan dira bertan. Biharamunean lekuko gazte musikarien gaua izango da, Chaho-Pelletier kaian jarriko duten karpan.

Erakusketa

Bonnat museoaren Le Carré aretoan Kely burkina-Fasoko artistaren eskulturak ikusgai izango dira. Erakusketa martxoaren 14an hasiko da. Horrekin batera, Euskal Herriko sei artisten obrak ere izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo