GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

eskalada Pirinioak

Marboreko Dorrearen iparrean neguko lehen bidea zabaldu dute

«Izarren hautsa» da sormen lan berria, eta haren egileak Asier Luke eta Ekaitz Maiz izan dira. 300 metroko marrak, gehienez, 7a zailtasunak ditu. Egun bateko jarduera izan da, martxoaren 2an zabaldu zuten, behetik eta progresiorako artifiziala erabili gabe.

p048_f01_148x177.jpg

p048_f02_97x177.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Martxoak 3. Asier Luke, Zopolo, eta Ekaitz Maiz, Satan bihotz txiki, Etxauriko plazan dagoen tabernan sartzen. Lagunak bertan zituzten, eta egin zieten harrera (olatu eta guzti) oso beroa izan zen. Izan ere, egun bat lehenago, hilaren 2an, Lukek eta Maizek Marboreko Dorrearen ipar aurpegian beste orri bat idatzi zuten. Pareta horren historian, lehen aldiz, bi nafar horiek neguko bide bat zabaldu dute: «Izarren hautsa» (300 m, 7a).

Harrera beroa egin ondoren, kideek lehen galdera bota zieten: «Zer moduz?». Lukek honakoa erantzun zuen: «Ez dut hitzik». Maizek, aldiz, bere irribarre gaiztoarekin ez zuen ezer erantzun; edo hobeto esanda, irribarre maltzurrak dena esan zuen. Ondoren, Marboreko Dorrean bizi izan zutenaz, hitz jarioan hasi ziren. Nahiz eta soilik egun bat behar izan zuten bide berria zabaltzeko, sokada nafarraren bidaia hiru egunekoa izan zen. Martxoaren 1a hurbilketa bidea egiten eman zuten. Gavarnieko eski-estaziotik Serradets aterpera: «Gogorra izan zen oso; izan ere, 30 kiloko petatea eraman genuen. Bizkarrak txiki-txiki eginda bukatu zuen. Gaua igaro ondoren, biharamunean, goizeko lauretan altxatu ginen. Paretara doan bidea ondo zegoen, egun batzuk lehenago urratsa zabaldu baitzuten. Bidea zabaldu eta iluntzeko zortzietan berriro aterpean geunden, hamabost orduko jarduera egin eta gero. Leher eginda iritsi ginen! Berez, paretan pare bat egun egin nahi genituen, baina, agenda kontuak medio, estutu eta egunean bukatu genuen. Jaitsiera ere ez zen batere samurra izan, petateak ondo baino hobeto gogorarazi zigun sufritu behar genuela. Oro har, oso balorazio ona egiten dugu egindakoaz; batez ere, bidea zabaltzeko egun bakar bat behar izan genuelako. Baina hiru egunak oso gogorrak izan ziren».

300 metro eta zazpi luze, horixe izan da «Izarren hautsa» marrak utzitako emaitza. Bidea oso agerikoa da, hots, paretak eskaintzen dituen diedro eta artesiak aprobetxatu dituzte. Zailtasun teknikoaren aldetik, luze zailena seigarrena da: 7a gradukoa. Zazpigarrenean, berriz, «Ravier» marrarekin bat egiten du.

Proposamen hau zabaltzeko estiloak beste behin garrantzi handia izan du. Beste behin, Maizen sinadura ikusi da; hain zuzen ere, behetik eta progresiorako artifiziala ez duelako erabili. Hori guztia gutxi balitz bezala, bilguneetan jarritakoez gain, sokada horrek soilik sei parabolt eta hamaika iltze utzi zituen. Jakina, pasa den udaran toki berean zabaldutako «Agur eta ohore» bidearekin alderatuta, «Izarren hautsa»-k askoz ere aukera gehiago eskaini ditu friendak eta fisureroak erabiltzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo