GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Snapper Rocks 2012 Taj Burrow eta Stephanie Gilmore lehen txapelketako irabazleak

Aurtengo WCT zirkuitua Australian abiatu da, eta bertakoak nagusitu dira, Taj Burrow mutiletan eta Stephanie Gilmore nesketan. Berrikuntzen urtea izango dela iragarri badute ere, itzuliko lehen txapelketan ez da aldaketarik izan, beteranoak gailendu baitira.

p054_f01_97x112.jpg

p054_f02_133x112.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Martxoaren 3an egin zituzten Australian WCT zirkuituko lehen txapelketako finalak, Snaperseko eskuin olatu famatuan. Baldintzak egokiak direnean munduko olaturik onenetako bat da Snapersekoa, baina osagai nagusia, itsaski sendo bat izatea alegia, ez da batere ohikoa Australia ekialdeko kostalde horretan.

Gurean negua denean, Australian uda izaten da, itsaskien garaia da Gold Coasten, baina itsasoak ez du izaera matematikoa, eta beraz, sasoi onenean ere olatuak eskasak izan daitezke.

Horixe bera gertatu zen WCT itzuliko lehen txapelketan. Olatuen kalitatea txarra izan zen txapelketak iraun zuen artean, eta ondorioz, lehiakideen arteko desberdintasunak ez ziren oso agerikoak izan. Ahalik eta olatu itxurazkoena hartzea zuen helburu surflari bakoitzak eta hori lortzen zuenak txanda gainditzeko aukera gehiago zituen.

Olatuen aukeraketak berebiziko garrantzia izan zuen txapelketan, beraz, eta lehiakideek beren onena ateratzeko zailtasun handiak izan zituzten. Horrelako baldintzetan zorteak garrantzi handia hartzen du; izan ere, batzuetan itxura ona zuen olatu bat hartzen zuen lehiakideak baina segituan hutsean geratzen zen. Beste batzuetan, berriz, haizeak hautsitako olatu kaskar bat hartu eta amaiera aldera indarra hartzen zuen.

Halako baldintzetan oso zaila da olatu on bat aukeratu eta berau menderatzea, baina profesionalek edozein egoera kudeatzeko gaitasuna izan behar dute.

Badirudi aurtengo WCT itzulia aldaketen itzulia izango dela, aspaldi ez bezala, aurtengoan lehiatzen hasi diren surflari gazteek txapela eskuratzeko gaitasuna dutela erakutsi baitzuten iaz. Gauzak horrela, lehiakide beterano askok kolokan ikusten du goi mailan jarraitzeko postua, eta beste askori gero eta gehiago kostatzen zaie txandak pasatzeko behar adina puntu lortzea.

Kelly Slaterrek ordea, aspaldi izan duen erronkarik zailena duela ikusita, motibazio handiz ekin dio lehiatzeari. Datozen bi urteetan lehiaketari buru-belarri helduko diola iragarri du, eta gaztetxoenei bidea errazteko inongo asmorik ez duela erakutsi nahi du, beraz.

Hein horretan, ikusmin handia sortu zuen itzuliko lehen txapelketak, eta ikusleek lehiakide berriak edo beteranoak gailenduko ziren galdetzen zuten. Orokorrean beteranoek emaitza hobeak lortu zituztela esan daiteke, eta irabazlea bera ere, Taj Burrow, goi mailan urte asko daramatzan lehiakideen artean dago.

Txapelketa honek izan duen beste bereizgarrietako bat jarrera aniztasuna izan da. Batzuek sekulako grina erakutsi dute. Kolohe Andino gazteak, esaterako, txapelketan parte hartzeko luzatu zioten aukera eskertzeko ikuskizun bikaina eskaini zuen.

Bestalde, axolagabe lehiatu zenik ere izan zen. Dane Reynoldsek, iaz izan zuen lesioa gaindituta, berriz ere lehiatzen hasi zela-eta zer-nolako egoera ikusten zuen galdetu ziotenean, honakoa erantzun zuen: «Betikoa da, kaka zaharra!».

Mutiletan Taj Burrow 33 urteko australiarra eta Adriano de Souza, 25 urteko brasildarra izan ziren buruz buru finalean. Epaileek lan zaila egin behar izan zuten, txanda oso parekatua izan baitzen. Azkenean australiarrak irabazi zuen txapela, oso alde txikiarekin.

Burrow azken hamalau urteetan goi mailan lehiatzen izan da eta Gold Coasten irabazten duen hirugarren aldia da, aurrez 2001. eta 2010. urteetan ere txapela eskuratu baitzuen. De Souza berriz, ezaguna da gurean, 2009an Mundakako munduko txapelketa irabazi baitzuen.

Taj Burrow: «Iaz ere txapelketa oso ona egin nuen hemen, finalera iritsi nintzen, baina Kelly Slaterrek garaitu ninduen. Gaur Adrianoren aurka lehiatu behar nuela-eta oso urduri nengoen. Iaz Brasilen irabazi egin zidan, oso lehiakide gogorra da, ez dut batere gogoko Adriano arerio izatea».

Nesketan berriz, bi australiar izan ziren finalean. Stephanie Gilmore eta Laura Enever. Gilmorek eskuratu zuen txapela. 24 urte ditu eta lau bider eskuratu du munduko txapeldun titulua, 2007, 2008, 2009 eta 2010 urteetan, hain zuzen ere.

Eneverrek berriz, 20 urte ditu, eta orain artean itzelezko emaitzarik lortu ez badu ere, hasiera bikaina eman dio aurtengo itzuliari bigarren postua eskuratuz.

WCT zirkuitua osatzen duten hamar probetatik bigarrena ere Australian izango da, apirilaren 3a eta 14a bitartean, Bells Beacheko eskuin olatuan.

KELLY SLATER

Aspaldi izan duen erronka zailenari erantzuteko prest dago. Datorren bi urteetan lehiaketari buru-belarri helduko diola eta gazteen aurka lehiatzeko gogo handia duela iragarri du.

DANE REYNOLDS

Iaz izan zuen lesioa gaindituta, berriz ere lehiatzen hasi dela-eta zer-nolako egoera ikusten zuen galdetu zion kazetari batek, eta honakoa erantzun zuen: «Betikoa da, kaka zaharra!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo