Josebe Egia
Egiturazko genero indarkeria(k)
Ez dakit nondik hasi; ez dakit Gallardonek esandako astakeriei heldu, lan erreformaren basakeria eta bidegabekerian jarri arreta (nahikorik ez da izango) edo nire alea erantsi hizkuntza sexistaren erabileraren inguruko eztabaidari.
Argi dagoena da, emakumeoi eta gure eskubide zein askatasunei begira, fronte asko daudela oraindik borrokatzeko eta garaitzeko. Martxoaren 8ak oso garbi erakutsi zuen, adibidez, hedabideetan. Mota orotako artikulu, erreportaje eta adierazpenetan gizonezkoen bestelako ondorioak eta mugak, murrizketak, pairatzen ditugula nabarmendu zen, hemen zein munduan zehar, bizitzako alderdi askotan eta jendartea osatzen duten alderdi askotatik.
Genero indarkeriaz jardutean, genero indarkeriak bere zentzurik hertsienean baitirudi emakumeok zehazki jasaten dugun gaitz bakarra, gizon erdi ero eta kontrolik gabeak etortzen zaizkigu burura; horiek jotzen ditugu emakumeok mundu osoan jasaten ditugun gaitzen arteko larrienaren eragiletzat, eta ondorioz, horiengana zuzentzen dugu begirada, alegia, bikote harremanetara, hormaz barrurako egoerara. Justizia eskatzen dugunean, epaitegietan, argi izaten dugu nor den erruduna, eta eragindakoaren araberako zigor eredugarria exijitzen dugu, jakina.
Genero indarkeria, baina, subjektu batengandik ez ezik, erakunde eta subjektu-talde batetik ere etor liteke, zailagoa dena, agian, identifikatzen eta egozten, eta are zailagoa epaitzen eta zigortzen, nahasiagoa den heinean. Gobernuek, zuzendaritza-batzordeek, komunitate gidariek, Elizak... genero indarkeria eragin dezakete, eragiten dute, eta zigorgabe eta airoso irteten dira, bai norberaren juiziotik, bai jendartearen begirada eta presiotik.
Emakumeok gehiago baztertu edo zapaltzera, gure aurrera egiteko aukera gero eta gehiago murriztera daraman edozein neurri edo politika oso, guganako indarkeria da, horrek guztiak ondorioak baititu gure bizitzetan, gure ingurunean, eta aurrera egin barik atzera garamatzatelako. Krisia langileok ordaintzen ari gara, larrutik, eta langileon baitan, are gehiago emakumeok. Lan erreformak gure aukera estutasuna estutu baino ez du egingo, PPri esker.
Gallardoni esker ere, baliteke gure gorputzaren gaineko erabaki askatasuna, berriki eskuratua, 80ko hamarkadan ezarritakora itzultzea, 27 urte alferrik igaro balira lez, jendartea eraldatu ez balitz bezala, bere garaian ezarritako lege berria gutxi batzuen gurari eroa izan balitz bezala. Gallardon Justizia ministroak bere hitzez argi erakutsi du zein errespetu dion herriari, eta emakumeari bereziki. Abortatzea eragiteko «egiturazko genero indarkeria»-z hitz egin du, horretara ausartu da egiturazko genero indarkeriaz, gobernuarenetik hasita, babestu beharko gintuzkeen ministroa.
Horrek garbi islatzen du nola dauden gauzak egun, eta erantzukizunak eskatu eta presioa egiteko garaian, ikuspegia zabaldu eta fronteak argi identifikatzeko gure beharra, Martxoaren 8a eta egun horretako mugimendu guztiaz harago, hitza eta erabakia izango badugu.