GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sakabanaketa den «errusiar erruleta» amai dadila eskatu dute Txantrean

Sakabanaketa eta honek dakarren sufrimendua amai dadila eskatuz, manifestazio batek Txantrea hartu zuen atzo. Hain zuzen, Herriraren txosten baten arabera, hiru nafar presotatik bat etxetik 900 kilometrora dago.

p013_f02.jpg

GARA | IRUÑEA

Txantreako bi presoen senideek Puerto de Santa Mariako kartzelatik itzultzen ari zirenean jasandako istripuaren harira egin zuten atzo, Txantrean bertan, sakabanaketaren aurkako manifestazioa, Herrirak deituta. Politika hori senide eta lagunentzat astebururoko «errusiar erruleta» moduko bat dela salatuta, euskal presoen etxeratzea eskatu zuten bertaratu ziren ehunka bizilagunek.

Hain zuzen, Herrirak berriki plazaratutako txosten baten arabera, hiru nafar presotatik batek etxetik 900 kilometro baino gehiagora bete behar du zigorra. Ostiralean preso politikoen senideen ordezkaritza batek agerraldia egingo du Nafarroako Parlamentuan, sakaba- naketari buruzko lan-bilkura batean, eta horregatik prestatu dute Nafarroan sakabanaketak dituen eraginak biltzen dituen dokumentua.

Datuok agerian uzten dituzte euskal preso politikoen kolektiboari ezartzen dizkioten salbuespen neurriak; izan ere, espetxeratuta dauden ehun nafarretatik ia herenak 900 kilometro baino urrutiago daude, eta %44, 700 kilometrotik harago. Azkenik, %66 beren etxetik 500 kilometro baino gehiagoko distantzian ari dira betetzen zigorra.

Berehalako askatasuna eskatzen du testuak, besteak beste, larriki gaixo daudenentzat -horietatik lau nafarrak dira-. Beste zazpik zigor osoa bete dutela ohartarazten du, baina Auzitegi Gorenaren 197/2006 Doktrinaren ondorioz, kartzelan jarraitzen dutela dio Herrirak. Gainera, hamar presok zigorraren hiru laurdenak edo bi herenak beteak dituzte. Azkenik, hamar preso bakartze moduluetan daudela dio txostenak. Mikel Almandoz, gainera, bakarrik dago Tarascon-eko espetxean.

Egoera larria dela salatuta, Herrirak manifestazioa deitu du hilaren 31rako, Iruñean. «Kaleak beteko ditugu egiazko urratsak egin ditzatela eskatzeko, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea lehentasuneko gaia izan dadila exijitzeko», adierazi dute.

«Indulturik ez da egongo»

Eskakizun honek Txantreako kaleak hartu zituen bitartean, Alberto Ruiz Gallardon Gobernu espainoleko Justizia ministroak, «El Pais»ek atzo emandako elkarrizketan adierazi duenez, espetxe onurak ematea ez dagokio Justizia Ministerioari, baina iragarri zuen PPren Gobernuak indultuak emateko duen eskubidea ez duela ETAko presoekin baliatuko. Banakako indultuak emateari buruz galdetuta ere ezezkoa erantzun zuen, Gobernuak aukera hori aintzat hartu ere ez duela egiten nabarmenduta.

Bestalde, Margarita Robles Estatu espainoleko Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eledunak sakabanaketak garai bateko uneari erantzuten diola adierazi zuen atzo, «Deia»k argitaratu zuen elkarrizketan. «Bake eta itxaropenezko» testuingurua aintzat hartu beharra dagoela erantsita, salbuespen neurria «berrikusi» egin beharko litzatekeela iritzi zion. «Epaileek legeak aplika ditzakete soilik, bestelako baloraziorik egin gabe. Parlamentuko indarrei dagokie giza errealitatearen balorazioa egitea», esan zuen.

ROBLES EPAILEA

«Une politiko jakin batean sortu zen Auzitegi Nazionalak, terrorismoaren amaierarekin, ez du jarraitzeko arrazoirik. Baina hori nire iritzia da, eta horrekin ez dator bat ez jendartea, ez epailetza», adierazi du Margarita Robles Goreneko epaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo