GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Agintariak gorriarazi beharko lituzkeen astea

Enpresarien elkarteek euskal gehiengo sindikalaren «jarrera arduragabeaz» jardun izan dute krisiaren hasieratik bertatik. Administrazio gehienek, beren aldetik, patronalak eta bankuek eskatzen dituzten neurri guztiak ezartzeaz gain, langileen protestei trabak jarri eta haien eraginkortasuna gutxitzeko ahaleginak egiten dituzte, nolabait euskal sindikatuen aurkako akusazio hori bere eginez. Hala ere, Kapitalaren zerbitzuko politika horiek dira jarrera benetan arduragabe eta onartezina; arlo publikoa indartu behar denean, gizarteko sektore babesgabeenek laguntzarik handiena behar dutenean, hain zuzen, murrizketak ezartzea. Krisiari aurre egiteko neurriak direla esango dute, baina hori ere ez da egia, benetako lehentasunak alde batera uzten baitituzte, hala nola herritarren oinarrizko babesa eta lan eskubideak. Atzo, ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuak Madrilgo Gobernuak defizit publikoa murriztea helburu duten neurriak Hego Euskal Herrian ezartzearen aurka agertu ziren, bidegabeak izateaz gain, Euskal Herriko instituzioen erabakitzeko ahalmenari iseka nabarmena baitira, eta mobilizazio astea deitu zuten, «alerta gorriko» astea, hain zuzen. Horixe da jarrera arduratsua, herritar gehienen interesen ikuspuntutik, behintzat. Datorren astea alerta gorrikoa izango da, administrazioetako arduradunak gorriarazi beharko lituzkeena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo