GARA > Idatzia > Kultura

«Disko hau itzulera bat da, gure oinarrietara, gutxirekin asko egiteko erronka bat»

p057_f01_199x124.jpg

Mikel Larratxe

Mutürbeltz taldeko ahotsa

Mutürbeltz taldean, Euskal Herriko rock eszenan trebatutako lau musikari arituek egin dute topo. Oinarrietara itzuliz, rock disko klasiko bat burutu dute: zuzena, konplexurik gabekoa. Bihar, Donostiako Doka aretoan aurkeztuko dute «Amildegia maite» diskoa, Norman taldearekin batera, Harrobia Lantzen egitasmoak martxan jarritako Harrobia Zuzen kontzertu programaren barnean.

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Mikel Larratxe (SextySexers) taldeko ahotsa eta Iñigo Agirrezabaltegik (The Hot Dogs!) taldeko gitarra-jotzaile eta konposatzaile nagusiak martxan jarritako musika egitasmoa da Mutürbeltz, eta bidean, Eñaut Balentziaga bateria-jotzailea (Zura, Kabul) eta Aitor Castillo Txiki baxu-jotzailea (Plan B, Boogie Van...) batu dira, laukotea osatuz.

2011ko udan kontzertu batzuk eskaini eta gero, Andoaingo Garate Studioetan sartu ziren lehen emaitza izan den hau grabatzeko. Bertan, Martxel Arkarazoren gidaritzapean prestatu dute «Amildegia Maite» izeneko lehen diskoa. Barnean, rock&roll klasikoa biltzen duten hamar kantu. Diskoak auto-ekoizpen bidez ikusi du argia eta binilo eta CD formatuan kaleratu da. Lana kalean, zuzeneko emanaldiak dira taldearen erronka nagusia, non rock&rollaren benetako izaera gertutik gertura bizi daitekeen. Izerdiz, energiaz, indarrez...

Nola sortu da egitasmo berri hau martxan jartzeko ideia?

Geldirik egon ezinaren fruitua da. Iñigok ezarri zuen abiapuntua. TheHotDogs! taldean bera zen konposatzaile nagusia, eta hauek ibilbidea etetea erabaki zutenean, esku artean zenbait kanta zituen. Horiei bide eman nahian, nirekin kontaktuan jarri zen, saiakera batzuk egiteko. SextySexers-ok justu orduan bukatu genuen bira, eta opor batzuk hartu genituen. Segidan taldea osatu genuen: lehenik Eñaut eta jarraian Aitor batu ziren. Hori 2010eko hondarrean izan zen.

Diskoa grabatu aurretik zuzenean jo dituzue kantu gehienak. Horrek entsegu lokalean landutako kantuak borobiltzen lagundu du.

Bai. Hori zen asmoa. Ezinbestekoa dela uste dugu, test modukoa da. Bikotearekin ezkondu arte ez oheratzea bezala litzateke bestela! Kantak izugarri hazi dira lokalean sortu zirenetik diskorako bidean. Zuzeneko hiruzpalau kontzertuek zerikusia izan dute, baina kasu honetan garrantzitsua izan da Martxel Arkarazoren lana. Bera izan da «Amildegia Maite» grabatu duena, baina grabaketa soilaz gain, produkzio lanean erabat murgildu da eta diskoa aberastu duten konponketa piloaren arduraduna ere bada.

Base erritmiko trinkoa du taldeak, baina gitarra da kantuak gidatzen dituena.

Bai, eta gainera, erronka modukoa ere bada Iñigorentzat, orain artean beste gitarra batez lagundurik jo baitu. Musika konposatzeko modua aldatu behar da, baxuak beste presentzia bat behar du... Konponketa pila daude eta ekipo aniztasun handia: anpliak, gitarrak... Iñigo eta Martxelen lan handia dago hor atzean.

Finean, disko nahiko biluzia eta zuzena da.

Iñigoren izaera dago hor, bere rock&rolla ulertzeko modua da. Kanta zuzenak dira, izaera oso markatukoak. Apaingarri justu-justuak dituena funtzionatu dezan.

Musikalki rock&roll klasikoan sakontzen duzue. Konplexurik gabeko disko bat da honakoa?

Oso disko ortodoxoa da, oso klasikoa, eta horren oso jakitun ginela egin dugu. Eta diozun bezala, inolako konplexurik gabekoa, konbikzio osoz egina. Niretzako pertsonalki erronka handia izan da. Izan ere, SextySexers-en genuen norabidea justu kontrakoa zen. Nire nahia zen bide horretan sakontzea, baina Iñigorekin lanean hasi bezain laster konturatu nintzen Mutürbeltz justu kontrakoa izango zela. Itzulera bat da, oinarrietara, gutxirekin asko egiteko erronka bat...

Ahotsak esaterako, ezinbestean eramaten gaitu SextySexers taldean pentsatzera.

Guztiz ulertzekoa da, norberaren bagajea hor baitago. Ahotsaren kasuan gainera deigarriagoa da. Gainera, euskaraz kantatzeak ariketa sakon bat exijitzen du, hitzak eta soinuak, kantuan txertatzerako unean. Izan ere, gure erreferentzia guztiak, rock&roll-arenak, ingelesezkoak dira eta ezin dira nolanahi euskarara moldatu. Sonoritatea asko landu behar da, hitzak edukiagatik bakarrik hautatu ez, formak garrantzi izugarria baitu. Agian horregatik dira hain bereziak zenbait euskal kantariren abesteko moduak, nortasun handikoak.

Zuen diskoa entzunda, esan daiteke Azkena Rock jaialdian txoko bat beharko duzuela ezinbestean!

Zer esan behar dizut nik. Urtero publikoan izandakoa naiz eta duela urte batzuk agertokia zapaldutakoa ere bai, eta egia esan, plazer hutsa da kartel horren parte izatea. Dena den aurten gozatu ederra eramango dugu Willis Drummond eta Lisabören emanaldiekin. Ea etxeko taldeak ikusteko ordutegi hobea dugun.

AHOTSA

«Euskaraz kantatzeak ariketa sakon bat eskatzen du. Sonoritatea ondo landu behar da, ezin dira hitzak edukiagatik soilik hautatu, formak garrantzi handia hartzen du»

gitarra

«Gitarra lanketa handia dagoen arren, kantu zuzenak dira gureak, izaera oso markatukoak. Apaingarri justuak dituzte, lore askorik gabe, ongi funtzionatu dezan»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo