GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Senpereko Gantxikin abiatuko da aurtengo Binakako Txapelketa nagusia

p050_f02_97x96.jpg

Jon LEUNDA

Senperen abiatuko da gaur ilunabarrean Berezkoen Binakako Txapelketa. 19.00etan hasiko da jaialdia, eta bertaratzen diren zaleek bi norgehiagoka ikusteko aukera izango dute.

Ligaxkari hasiera emateko, A multzoko bi partidak jokatuko dira. Hasteko, Agirre eta Ezkurra, Ibarrolaren eta Harizmendiren aurka neurtuko dira. Azken biko hau txapela lortzeko faboritoen artean dago, eta askoren ustez lehiaketako bikoterik orekatuena eta indartsuena da. Ibarrolak binaka asko jokatzen du, bere ezkerrarekin min handia egiten du, eta sakearekin asmatzen hasten baldin bada, ikaragarrizko txikizioa egiten du. Harizmendi ere oso maila onean ari da, nahiz eta ezker paretetik itzuli ostean gehiago egingo zuela uste zen.

Beste aldean, Paxkal Ezkurrak lan asko izango du. Aurrean gazte bat baitu, Agirre, eskarmentu handirik ez duena. Aurkariek garbi dute pilota aurrean ibili behar dutela, Ezkurrari jokoan sartzen utzi gabe, eta hori Urruñakoak ere badaki.

Bigarren partidan Waltari eta Bonebeltxe, Laurent Lanberten eta Kurutxariren aurka neurtuko dira. Kubakoa tartean baldin bada, beti faboritoen zerrendan dago, eta Binakakoa irabazteko faborito nagusia izango da. Senpereko trinketa, gainera, kristalezkoa da, eta horrelako lekuetan amerikarra menderatzea oso zaila izaten da, saketik egiten baitu min handia. Andde Kurutxarik lan handia, ikaragarria, izango du errestoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo