GARA > Idatzia > Ekonomia

LAB ez dator bat Baionako Ganberak ekonomiaz eman duen ikuspegi baikorrarekin

Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako egoera sozioekonomikoaz egin berri duen balantzea «baikorregia» dela deritzo LABek. Langileen ordezkarien ikuspegia jaso gabe, soilik enpresarienetik egindako irakurketa dela leporatu dio.

GARA | BAIONA

Duela astebete Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak (MIG) Ipar Euskal Herriko egoera sozioekonomikoari buruz aurkeztutako balantzearekin ez dago ados LAB sindikatua.

Bere ustetan, Andre Garretak oso irakurketa baikorra egin zuen. «Ezin da ekonomia ongi doala esan soilik enpresarien ikuspegia kontuan hartuta. Garretak ahanzten du ekonomia jendartearen zerbitzuko dela», adierazi du prentsa ohar baten bidez, beste eragile ekonomikoen artean, sindikatuek ere zeresana badutela gogoratuta.

«Datuak langileen ordezkariekin partekatu izan balitu, seguru asko bere bilana ez zen hain erabatekoa eta begi onekoa izanen», gaineratu du sindikatu abertzaleak.

Adibiderako, MIGeko buruak 500 enplegu berri sortu direla dioenean, zer motatakoak diren zehaztea eskatzen dio LABek, «asko eta asko behin-behinekoak edo denbora partzialekoak» izan ohi direlako.

Bestalde, MIGek Ipar Euskal Herriko enpresak atzerrira zabaltzea gomendatzen duelarik, LABek deslokalizazioaren arriskua ez ahazteko eskatzen dio. Are, «made in France» ordez Ganberak proposatzen duen «made by France» helburuari, sindikatu abertzaleak beste kontzeptua kontrajartzen dio: «Made in Basque Country».

Langileen egoera

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako langileen egoerari so, adierazi duenez, «gazteek formatzeko Euskal Herritik kanpo joan behar dute, lan balditzak gero eta kaskarragoak dira eta emazte askori lan kontratu partzialak inposatzen dizkiete».

Luxat, Guyenne et Gascogne edota Bioluz enpresetako langileen egoera nabarmenduta, LABek uste du «haiek ez zuketela Garretak egiten duen irakurketa berdina eginen».

BERTAN ERABAKI

Lan hitzarmen gehienak Parisen eta sindikatu handien artean negoziatzea ez du egokia ikusten LABek, eta bertako errealitatea kontuan hartuz, tokiko negoziazio gunea aldarrikatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo