GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Time to GO

Horrelaxe dago hango iparreko horma askotan idatzita, time to go! Bai, Irlandaren hegoak duen iparrean. Alde hemendik! esate aldera. Utikan! Itzul daitezela etorriak ziren lekura, kasu honetan bueltako txartelik gabeko bidaian. Eta bueltatzekotan, banan-banan eta bisitari modura izan dadila, ez uniformedun indar ez beste herrialde baten sor-marka. Eta joan badoaz beren sorlekura, hango iparrak geroa izan dezan, bere hegoaren ondoan horrela nahi izanez gero. Goodbye! Euskal Herriko iparrak duen hegoan ere horrelaxe dago hormarik horma idatzita, time to go! Pintura agortu arte han-hemenka idatzita ere; pintura transgenikoa ez baitugu erabiliko. Kanpora! Agur, Beh-Hur! Burdinazko koadrigak eta guzti, agur! Hegorantz!, hegoko sor-marka hori. Adios esate aldera.

Baina ez; itxura batean latitude kontua izan daiteke, baina hego honetako horiek ez dute hango iparreko beste haien joera bera, janzkera antzekoa izan arren, jostun bereko lana, seguruenik. Antza, hemen diren horiek gustua hartu diote hemengo lurrari, barnealdeko grisa izan edo kostaldeko berdea izan, batzuek hirian eta landan besteek, elkarrekiko harmonian, bainuontziak barne. Baina ez da bisitariek bisitatutako herrialdeari hartzen dioten berezko gustu hori, bai zera! Uniformedun indarrek, eta herrialdeak uniformizatzeko asmotan, indarrez hartutako herrialdeari hartzen dioten gustu transgenikoa baino. Nonbait, gustua hartu diote han-hemengo hainbat lur-zati bilduta ustez atera zaien zezen-larruari, gustua eta usaina ere bai, eta ez daude prest larru horrek ezelako urradurarik izateko. Jai dute! Hamaika urratzeko gara eta! Tarrat! Urra, urra, fandangua, hauxe dugu fandangua geure gustukua... Latitude kontua baino gehiago kultura politikoaren kontua, edo politikarien kultura.

Bai, ipar guztiek dute hego bat, eta hego guztiek ipar bat, eta biek ala biek ekialdea eta mendebala, kostaldeko herriak izanda ere. Bai, Geografia liburuetan. Benetako munduan, ostera, herrialde baten mugak, berez lausoak izan behar badute ere, herrialde horretako biztanleek erabakitzen dituzte modu askean, inguruko herrialdeetako biztanleen erabakiekin horizontaleko harmonian, posible bada behintzat, eta posible egin behar da. Eta horretan gaude, krisi zer horrek, espero gabe, eskaintzen digun aparteko ispilua baliatuta. Time to GO! bai, Greba Orokorrerako unea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo