Anjel Lertxundi 2012/3/22
Iritsiko da
berria
Hor ari dira, baratxe-baratxe baina gero eta lotsagabeago, Francok diktadurarekin lortutakoa demokrazian gauzatzen: askatasunarekin edo giza eskubideekin zerikusia duen defentsa oro zigorgarri nahi dute. Asko dira adibideak. Azkenekoa, atzo, berripaper honen titular nagusian: «67 urte eskatu dituzte piketeetan iazko greban parte hartu zuten 18 kiderentzat». Eskaeraren motiboa: piketeek auto baten gurpila zulatu izana eta langile bat bultzatzea. Greba orokor baten bezperatan iragarri dute eskaera: izu-garria da kasualitatea.
Egunotan, betiko demokratek 29ko deialdia dute beren artilleriaren jo puntu. Ditxosozko grebak zer ekarriko du, ez bada langileen diru-sarreren galera, ekonomiaren zulo are sakonagoa, gizartearen zatiketa, eta abar abartsu askoa?
Ez dute teoria kritikatzen (grebarako eskubidea), praktika baizik (eskubidea gauzatzea). Laster iritsiko da eguna: eskubidea bera ere hilobiratuko dute.