Rikardo Arregi 2012/3/21
Azken greba
Deia
Greba egingo dut datorren asteko ostegunean, jakina, arrazoi asko dago orokorrean (arrazoi asko daukat pertsonalki) greba egiteko, baina azken aldian arrazoi horietako bat gailentzen ari zait, nabarmentzen, beste arrazoi sendoagoak, serioagoak ziuraski, atzean utziz: iruditzen zait hurrengo greba izan daitekeela orain ditugun baldintzetan egin dezakegun azken greba. (...) enpresario talde batek (ez dut gogoan orain euskal erankundea ala Espainiakoa izan den, lurraldetasunak ez du axolarik kasu honetan) esan berri du martxoaren 29ko greba amaitu bezain laster, grebari buruzko legedia aldatzeari ekin behar diola gobernuak, orain ditugun erreztasunak garaiz kanpo daudela, XXI. mendean gaudela. Batzuei, antza, ez zaie gehiegi gustatzen non dagoen kokaturik I hori gure mendeaz aritzen garelarik, eta nahiago dute bi X horien artean jarri. Hain da xamurra nostalgia!
Grebaren kontra dudenak, betikoak zein iritsi berriak, egunero aletzen ari dira haien arrazoiak, eta ur tanta soil batez burutzen omen zen ekialdeko tortura ospetsu hartan bezalaxe, guztion buruetan lanean ari dira arrazoiaren jantziekin datozkigun gezur hutsak: orain ez dela greba egiteko garaia, lan gogorra egitekoa baizik (soldata jaisten dutenean eta kaleratzeak ugaritzen direnean ez bada greba egiteko garaia, noiz izango da?); greba eginez gero, ez dela ezer lortzen (grebarik ez eginez gero, paradisuren bat lortuko bagenu bezala); jende askok ezin duela grebarik egin (jakina, helburua jende guztiak grebarik ezin egitea da); beste asko gu baino txartoago daudela (eta beste asko hobeto)...
Jendea, baina, setatsua eta greba egingo du (horixe espero dut nik, behintzat). Badirudi arrazoi horiek guztiak ez direla nahikoak eta hoberena greba eskubidea murriztea da, bigunkerietan ibili gabe, horrela ez dira gehiago nekatuko sasiarrazoi gehiago bilatzen. Azken greba izan daitekeelako merezi du greba egitea.