GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Xabier Letona

Ezker abertzalea, bat gehiago

argia

Elkarbizitzaren aldeko ponentzia aurrera atera daiteke Eusko Legebiltzarrean, baina egina dagoen moduan herren dago bere helburu teorikoari egoki erantzuteko. Esan gura du horrek ez duela onik ekarriko? Pragmatismoaren esentziari lotuz, seguruenik ekar dezake aurrerapausorik elkarbizitzaren malkarrera, bizitzako beste dozenaka jarrera eta keinuk egin dezaketen moduan. Baina ez da hori kontua, bakearen eraikuntzan Eusko Legebiltzarrari oinarriak txukun jarri ditzan eskatu behar zaio, eta ponentzia honekin ez da halakorik lortzen, ezker abertzalea alboratzen duen edozer ez delako ondo oinarritua egongo.

Argudia liteke ezker abertzalea bakarrik ez, PP ere ekarri behar dela bake prozesura eta horrek bere denbora eta baldintzak eskatzen dituela. Eta ez da arrazoirik faltako. Argudia liteke, Legebiltzar hankamotz honek garai berrietarako egin dezakeen azken zerbitzuetakoa dela. Eta bai, hala izan liteke. Argudia liteke ezkorrenak irabazteko urrats bat dela. Eta akaso bai. Baina borondate onenean oinarritua balego ere, ez lioke oinarri sendorik jarriko elkarbizitzari. Ez da euskal gatazkan masterrik behar jakiteko ezker abertzaleak berdinetik berdinera, bat gehiago moduan, parte hartzen ez badu jai dugula.

Badira arrazoi asko, gainera, pentsatzeko PSE ponentzia bere larrera eramatekotan ari dela: kontakizun bakarraren gaian tematzea, oztopo handia izateaz gain, alferrikakoa da, lausotuago edo ez, gatazkan izandako ikuspegi bertsuak mantenduko direlako iraganaren irakurketan. Hainbat kontakizun, baina puntu batzuen inguruan adostasuna, horra elkarbizitza berriaren gakoa. Hala izan da bortizkeria eta gatazka sakonak izan diren beste leku batzuetan, eta hala izango da hemen ere, elkarbizitzarik izango bada behinik behin; eta izango da, hori delako herritarren gehiengo handiaren desioa.

Bai, hobe ETAk armak bihar bertan entregatuko balitu eta etzi bere desegitea iragarriko balu. Baina bakoitzari berea, ETAri geratzea eskatu zaio urte luzetan eta ezker abertzaleari estrategia politiko-militarra alboratzea. Biak gertatu dira, eta askoz gauza gehiago ere bai. Denbora beharko du, baina Estatuak ez du aldaketa elikatu, areago, oraingoz nagusiki oztopatu egin du: Otegi eta Bateraguneko gainerakoak, Sortu, tratu txarrak, Auzitegi Nazionala, epaiketa politikoak, presoen giza eskubideak urratzen jarraitzea (bai, hori da gaixo larriak espetxean mantentzea)... (...)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo