Legorburu eta Akaiturri «egun bat gehiago ere ez preso», eskatu du Zornotzak
Juanjo Legorburu «Roki»-k 26 urte beteko ditu gaur preso sartu zutenetik. Iñigo Akaiturrik joan den otsailaren 16an 21 urte bete zituen kartzelan. Biek ala biek zigorra beteta dute, baina espetxean jarraitzen dute. 400 bat lagunek beraien askatasuna eskatu zuten atzo Zornotzan.
A.E. | ZORNOTZA
Udaberriko egun bero horietakoa izan zen atzokoa, eta joaldunen itxurak ia lekuz kanpokoa zirudien eguerdiko poteorako jantzita zegoen Zornotzako erdialdean. Joaldunak ikusi, eta bat-batean, pankarta helduta zeukaten bost lagunek aurrera egin zuten, gainerakoak atzetik ba ote zetozen kontuan izan ez balute bezala. Manifestazio buruan, Martin Akaiturri, Iñigo semea duena A Lama kartzelan preso (Pontevedra), 2010ean zigorra bete zuen arren; Agustin Legorburu etxanotarra, Roki semea duena Albocasserren (Castello), nahiz eta 2009tik etxean izan behar zukeen; eta Santos Sagardui, Josemari Gatza-ren aita. Bera ere han zebilen, pankartaren atzetik zetozen manifestarien artean, banderola bat lepoan, hiru hamarkada luze kartzelan igaro ostean.
400 bat lagun bildu ziren atzo Zornotzan Iñigo Akaiturri eta Roki Legorburu askatzeko aldarrikatuz. Deialdia Herrira plataformak egin zuen, kartzelaldia luzatzen duen 197/2006 legearen menpe dauden herriko bi semeen alde egunotan egindako kanpainaren azken ekimenean. Kanpainaren lehenengo emaitza izan zen Udalak otsailaren 24an onartutako mozioa, preso politiko biak berehala askatzeko eta egungo kartzela politika aldatzeko eskatzen duena. Bilduko zazpi zinegotzien babesa jaso zuen -atzo, pankartan, Urko Lopez eta Fernando Larrinaga zinegotziak zeuden-, EAJ abstenitu egin zen (8) eta PSOEren bi zinegotziek kontrako botoa eman zuten. Mozioaren ibilbidea nahasia izan da. Herrira-k atzo salatu zuenez, PSOEko zinegotziak hasieran testua, aldaketa batzuk tarteko, onartzeko prest agertu ziren; orduan, EAJk akordio horren berri eman zien komunikabide batzuei. EBBren eta PSOEren zuzendaritzetako presioak tarteko, PSOEk kontrako botoa eman zuen.
«Ezarri zizkieten zigorrak beteta dituzte, baina, hala ere, kartzelan mantentzen dituzte», zioen atzo Iurgi Etxeandia duatleta zornotzarrak irakurri zuen testuak. «Kolektibo jakin horretako kide izateagatik salbuespeneko neurriak aplikatzen dizkiete», baina «presoena ez da udalerrietatik harago dagoen arazoa. Gizartearen arazo da eta, ondorioz, gatazkak eragindako beste arazo guztiak bezala, denon artean konpondu behar dugu». Beraz, «zornotzarron mezua gaur ozen eta argi entzutea nahi dugu: egun bat gehiago ez. Zigorra beteta dutelako, etxean egon behar zutelako, Legor eta Akaiturri askatu!».
Manifestazioak sindikatu gehienen babesa jaso zuen -LAB, EHNE, ESK eta CCOO alde azaldu ziren- eta baita Zornotzako ostalari, dendari, kirolari eta herriko lagunena ere, besteak beste, Larreako elizako apaizarena.