Berezkoen Binakakoa
Waltarik bere alderik ilunena erakutsi zuen Maulen
Ibarrolak eta Harizmendik finalerdietan izateko urrats handia egin zuten.
Jon LEUNDA
Ibarrolak eta Harizmendik sekulako ezustea eman zuten atzo Waltariri eta Bonebeltxeri 40 eta 12 irabazita. Nafarroa Behereko bikoa Txapelketako indartsuenetakoa da; beraz, atzo irabaztea ezin esan ikaragarrizko ezustea izan zenik, baina bai irabazi zuten bezala irabaztea.
Neurketak ez zuen kolorerik izan, eta Mauleko Glaria trinketera hurbildu zirenek ez zuten gozatu handiegirik hartu. Lehen tantoan bakarrik egon ziren berdinduta. Hortik aurrera ez zen inongo emoziorik izan.
Normalean Waltari izaten da partidetako onena, berak markatzen ditu ezberdintasunak, eta berak erabakitzen ditu neurketa asko; baina atzo lauretan eskasena izan zen, eta bere alderik ilunena ikusi zuten Maulen. Hasieran berdindu ostean, 10-0ko partziala lortu zuten Ibarrolak eta Harizmendik, eta horrelakoetan lehen ere egin izan duen bezalaxe, Kubakoa partidatik atera egin zen.
Amerikarrak normalean tanto asko egin izan ditu, eta galdu, berriz, asko ez, baina atzo hamabi galdu zituen, saketik hiru kintze besterik ez zituen lortu, eta falta bat ere egin zuen. Atzoko emaitzari esker, Ibarrolak eta Harizmendik finalerdietara sailkatzeko urrats handia egin dute; izan ere, multzoko lehenengoak finalerdiak jokatzeko txartela lortuko du, eta bigarrenak eta hirugarrenak final-laurdenak jokatu beharko dituzte. Neurketak 46 minutu iraun zituen, eta honela joan zen markagailua: 0-1, 11-1, 11-6, 17-8, 30-9, 39-11 eta 40-12. Ibarrolak saketik zortzi tanto egin zituen.
Bigarren partida Lanbertek eta Kurutxarik irabazi zuten Agirreren eta Ezkurraren aurka, baina norgehiagoka ez zen amaitu. Partida oso ongi hasi zen, lau pilotariak oso maila onean ari ziren, baina Lanbert eta Kurutxari 11-8 irabazten ari zirela, Ezkurrak besoan min hartu zuen. Aldagelatik itzuli bat egin ostean, saiatu zen jarraitzen, baina ezin izan zuen jarraitu, eta hortxe amaitu zen partida. Arautegiaren arabera, 40-8 geratu zen emaitza.
B multzoko bigarren jardunaldia bihar jokatuko da Donibane Garazin. 16.00etan hasiko da jaialdia, eta lehen partidan Etxeberri eta Lanbert Alfaroren eta Etxetoren aurka neurtuko dira, eta bigarrenean, berriz, Larretxea eta Jeannots Bielleren eta Ozafrainen aurka. Dudarik gabe, hau izango da biharko partidarik erakargarriena.