GARA > Idatzia > Euskal Herria

Donostiako Udal Gobernuak herritarrei aurkeztu die aurrekontu proiektua

Bi ordu eta erdi inguru iraun zuen atzo Udal Gobernuak egindako aurrekontuen aurkezpenak. Donostiako udaletxeko ateak herritarrentzat ireki zituzten, zenbakiak puzzlean nola sartu dituzten azaltzeko.

p021_f02.jpg

Ana ABARIZKETA | DONOSTIA

Donostiako Udal Gobernuak goizeko hamarretan jarri zien herritarrei hitzordua 2012ko Udal Aurrekontuen Proiektuaren proposamena aurkezteko. Hiriburuko Udalbatza aretoa lekukotzat hartuta, Bilduren lehentasun politikak eta apustuak zeintzuk diren azaltzea zen asmoa. Era berean, herritarren zalantzak argitzeko ere balioko zuen esperantza azaldu zuen bere aurreneko hitzetan Juan Karlos Izagirre alkateak. Gogora ekarri zuen Illunbe auzia dela-eta Udalak bere gain hartu beharreko 8 milioi euroko zorra, aurrekontuen aurreikuspenetan sartzen ez zena, baina herritarrek egunerokotasunean antzemango ez duten ordainketa bat izango dela azaldu zuen.

Amaia Agirreolea Herritarren Partaidetza Saileko zuzendariak entzuleei azaldu zienez, bilera irekiaren beste helburuetako bat parte-hartzaileei eurek azterketa propioa egiteko tresnak ematea zen, eta horrexegatik, ahalik eta aurkezpen gardenen eta ulergarriena egiten saiatuko zirela.

«Krisiaz jabetutako» 351 milioi euroko aurrekontuak direla adierazi zuen Oscar Villasante Finantza Saileko zuzendariak. Zorrari dagokionez, Udalaren egoera «zentzuzkoa» dela argitu zuen, 100 eurotik 6,7 bideratuko dituztelako finantza zama kitatzera. Zenbateko hori, hala ere, «gure arazoen artean txikiena» dela jakinarazi zuen.

Aurkezpen teknikoen ondotik zinegotzi bakoitzak -zortzi guztira- bere ardurapeko sailaren aurrekontuen zehaztasunak aurkeztu zituen. Inbertsioak dira koalizioaren aurrekontuetan ekiditen dena. Izan ere, duela bost urte baino 115 milioi gutxiagorekin egindako kontuak dira. Hala ere, Txomin Enea, Martutene eta Auditz Akularreko proiektuak aurrera ateratzeko apustua berretsi zuten.

Sektore publikoen aldeko defentsa egiten jarraituko dute, eta gastu publikoaren kontrola zorroztuko dute. Proiektu estrategikoei dagokienez, Udal Gobernuak Tabakaleran, 2016ko Europako Kultur Hiriburuan, Urumearen eraberritzean edo Erriberetako geltoki intermodaletan inbertituko du. Proiektu estrategiko horiek etorkizunean hiriari diru iturriak emateko balioko dutela gaineratu zuten.

Zalantzak argitzeko

Behin zinegotzi eta teknikarien azalpenak entzunda, herritarrek hitza hartzeko txanda izan zen 50 bat lagun batu ziren aretoan. Norbaitek aitortu zuen zenbakiez asko ulertu ez arren, bilerak «asko ikasteko» balio izan ziola. Beste herritar batek, berriz, aurrekontu hauek gauzatuta ikusteko aukera zenbaterainokoa den jakin nahi zuen. Galderari erantzuteko, alkateak hartu zuen hitza. «Hau da guk defendatzen duguna», erantzun zuen Izagirrek, sustraiak aurrekontu horretan daudela gaineratuz, eta aldaketak egitera behartuta egonez gero, Udalbatzan beraien aurrekontuak defendatuko dituztela berretsi zuen.

Izan ere, orain oposizioko taldeekin eztabaidatzeko txanda hasiko da, bihar amaitzen baita koalizioak aurkeztutako aurrekontuei osoko zuzenketak egiteko epea.

beherakada

Azken bost urteetan Donostiako Udaleko aurrekontuek 115 milioi euroko murrizketa izan dute. Aurten (351 milioi) iazkoekin alderatuta (393 milioi) %11ko murrizketa izan dute udal kontuek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo