Kronika | Arabako kuadrilla arteko bertso finala
Salto eta dantza, aguraindarrek jantzi dute txapela Aramaioko festan
Aguraingo Sorginetxek eskuratu zuen Arabako bigarren Kuadrilla arteko Bertso Txapelketako txapela, eta bata besteari helduta borobil bat osatu eta saltoka ospatu zuten berria Oier Arbina, Josu Campo, Jon Unai Aspe, Oihane Perea eta Beñat Oribek. Perea gainean hartu eta gora eta behera ibili zuten gero taldekideek. Jendea kantari, txaloka, oihuka, barrez... Finala, eta txapelketa osoa, laburbiltzeko irudi polita izan zen atzo Aramaioko frontoian ikusitakoa.
Maider IANTZI
Festa giro betean zen pilotalekuan, bigarren taldea, Aiaraldeko Altubepekoak, ere batu zen ospakizunera, salto eta dantza, saioaren amaieran kantatu zuten bezala, kuadrilla arteko lehian Araba izan baitzen txapelduna. «Kriston familia zarete eta benetan denoi eskerrik asko», kantatu zuen Unai Mendibil, Iñaki Cabeza, Izar Mendiguren, Julen Eizagirre, Serapio Lopez eta Ainhoa Comasek osatutako taldeak. Zorionik beroenak eman zizkioten Sorginetxeri, bertsolariak eta publikoa, pilotaleku osoa doinu batean elkartzen zen bitartean: «Niego, Samaniego, Ekaitz Samaniego etxera». Doinu honekin tartekatzen ziren amaierako bertsolarien agurrak. «Zuretzat, Ekaitz, merezia daukazu-eta», abestu zuten. Edo: «Has gaitezen gure bizitza nahi dugun kolorez margotzen».
Hala kantatu zuen Oihane Pereak: «Lapiko argazki kamara mikroa eta lapitza/ ikusi da bertsoa ez dela Araban bakarlaritza/ Sorginetxek ere utzi du antza gaur bere argi printza/ Aiaraldeak betiko lez ukitu dit neri mintza/ horrelaxe bizi nahi dugu Araban bertsolaritza/ bertsoaren eskutik hemen herria egiten gabiltza/ herria egiten gabiltza».
Baina txapelketa bezala, finala ere ez zen bat-bateko bertsoz soilik osatu, eta idatzizko lehian Gasteizko Martin Ttipiak irabazi zion Aramaioko Ai eneri. Idatzizko txapelketa bertsozaleei zuzendutako txapelketa izan da. Lagunartean bertso batzuk idatzi eta bat-bateko lehiaren aurretik jendaurrean kantatu, kexatu, alaitu, aldarrikatu eta goxatzeko. «Zer falta zaio Arabari?»; galdera horixe zuten atzo abesteko gaia. Eta primeran aritu ziren bi taldeak, bertsozalearen irribarrea -sarri, barre algara- marraztuz.
Kalejira alaian
Aramaioko Ai Ene taldea kalejiran sartu zen frontoira, arrantzale, suhiltzaile edo sukaldariz jantzita, «ai ene, ai ene, trula trula trulalai, ai ene, ai ene, trula trulalai» kantari jendea txaloka jarriz.
Gasteizko Martin Ttipia idatzizko bigarren taldea motelago sartu zen, bastoien laguntzaz eta baxoerdia eskuetan. «Zaharra denez bizkorra, esperientziaren tontorra», hasi ziren, bizkarra okertuta, buruarekin gora eta behera eginez, jakintsuen itxura hartuz.
“Erribera”ren doinuarekin, «Nafarroa parez pare/ gure herriko zutabe/ euskal kulturan ondare... mendi guztiak bentiladorez arras apaintua daude/ Erriberako baraazkik dira hainbertzendako manjare, baina ez dira deuse Arabako piper gabe» kantatu zioten Nafarroari.
Euskalkia imitatuz egin zuten, Bizkaiari edo Gipuzkoari bezala. Eta azken bertsoa, nola ez, Arabari eskaini zioten: «Itzul daitezen falta ditugun arabarrak Arabara», bukatu zuten, giroa berotuz. Baina beroketa hasi besterik ez zen egin. Orduan etorri zen bat-bateko lehiaren txanda, baita giroaren leherketa ere.
Oier Arbinak eta Ainhoa Comasek josi zuten lehenengo saio puntuagarria, zortziko txikian. Honakoa zuten gaia: Oier, beti bezala, bazkalostean Ainhoaren tabernan kafea hartzen ari da. Bat-batean, askotan tabernan egoten den marokoarra udaltzainek miatu eta atxilotuta daramatela ikusi du. «Delinkuentziarako irizpideak ez dira zuzenak/ hainbeste balio du azalak eta gutxi barrenak/ makilarekin islatuz gero haien tristezi ta penak/ beraiek dira gizartea belztu egiten dutenak», abestu zuen Comasek.
Oihane Pereak eta Julen Eizagirrek ofizio irrigarria osatu zuten ondotik ama-semearen paperean. Oihanek Ertzaintzaren gutuna topatu du postontzian: Julen semea marihuanarekin harrapatu dute eta isuna jartzeaz gain, psikologoarengana eramateko aholkatzen diote. «Amonaren belarrak ez ukitu arren», bukatu zuzen Pereak lehendabiziko bertsoa. Eta hala erantzun zion Eizagirrek: «Errua zurea da, zuk esan ortukoa beti ona dela». Hurrengo bertsoan, Gasteiz green capitali erreferentzia eginez, eragin zuen irria Julenek, zergatik ote den hiriburu berdea galdetuz. Amak, azkenik, bakearen pipa erretzea proposatu zion semeari.
Kopletan, talde bakoitzetik hiru bertsolarik Santimamiñe doinuarekin kantatu zuten. Aiaraldeko Ainhoa, Julen eta Unairi honako gaia jarri zioten: gaur konturatu zarete ikusezin izateko gaitasuna duzuela, nora joango zinatekete? «Elkar ikusi ezinik, baina honek ez dauka zentzurik ezin izango baitut ikusi Unairen streaptesik», hasi zen Ainhoa. Eta bere lagunek: «Gobernuekin badago zer egin/ haientzako gazteak beti izan gara ikusezin». Eta: «Gu ikusezinak gara/ hau da zortea hara/ zuek ez dakit baina ni noa emakumeen dutxara».
Martxoak 29
Neurri eta doinu librean, bertso ederrak bota zituen Izar Mendigurenek, martxoak 29an, goizean esnatzean alabari eskolara zergatik ez doan erantzun behar dion amaren azalean: «Kanpotik nahiz ta ederra jarri barrua dago ustela/ ta gaur ez duzu ukitu behar ez motxila ez jangela, baina estutu behar dugunez etxekoandreok kordela/ enaizelako tentela tinkoa daukat txartela/ jakin grebara noa gaur bihar ere joango naizela/ kate motzean ez dut bizi nahi zakur bat banintz bezala», kantatu zuen indartsu, eta berdin erantzun zion publikoak.
Oihane Pereak nerabeen artean ebakuntza estetikoak areagotzen ari direla-eta zer iritzi duen azaldu zuen: «Ebakuntza asko dago ta horiek ikusirik/ tristura barrenean nik orain daukat iltzaturik/ gorputz normala daukat bai halakoxea daukat nik/ baina nere gorputza da eta nerea bakarrik/ kanpora egin gaitezen kanpora baina barrutik/ nortasuna eraikitzen bisturiak ahazturik».
Esertzeko astirik ere hartu gabe kantuan jarraitu zuen Oihanek, oraingoan Serapiorekin, eta bien artean saioa berotzen eta berotzen joan ziren lehertu arte. Honakoa zuten gaia: orain gutxi arte Serapioz maiteminduta egon da Oihane, baina kalabazak eman dizkio behin eta berriz. Orain, ia ahaztuta duenean, berak eskatu dio zita. «Nik begirada botata/ makina bat zalaparta/ zugatik nere masailetara zenbat negar tanta/ gorputza duzu aparta/ ia ezer ez duzu falta/ barkatu baina ia-ia daukat arroza pasata», gogor hasi zen Oihane.
Baina Serapiok ez zuen etsi: «Arroz hori berpiztu leike eragin ezkero», bota zion, eta Oihane animatu: «Egin beharko dugu froga/ hemen inondik inora/ zure ondoan egon izan naiz benetan gustora/ ta hori Serapio asko da/ beraz kanpindenda gora/ arrautz pare bat bota ezkero ederra egongo da».
Hala jarraitu zuen Serapiok: «Zu zara neska lerdena/ nik gurako nukeena/ ta zeozertara ailegatzeko dut itxaropena/ gogorra daukat ustela/ gorantz begira zuzena/ Oihane zara neska bakarra berotzen nauena». Baina neskak ezuste bat zuen gordeta: «Hasi behar naiz suabe/ bada zenbait nobedade/ azken urtetan ez naiz ibili sexu aldetik bare/ txipiroiak parez pare/ ere baditut halare jakin ezazu nere arrozean tropiezoak daude».Honela borobildu zuen Serapiok: «Orain utzi nauzu seko/ ta harrituen pareko/ hala ta guztiz badut gogoa zeozer egiteko/ nahi dut zeozer jateko/ gustu haundienen pareko/ almejak eta ganbak ederrak dira txupatzeko».