GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Eskola Publikoan matrikulatzeko arazoez kexu dira Hernaniko gurasoak

GARA | DONOSTIA

Iaz bezala aurten ere Hernaniko hainbat haurrek Euskal Eskola Publikoan matrikulatzeko aukerarik ez dutela izango salatu du guraso talde batek. Horrez gain, makina bat haurrek ukatua dute gurasoek beraientzat aukeratu duten heziketa ereduan eskolatzeko eskubidea. Horren arrazoi nagusitzat jotzen dute «hezkuntza eskaria aseko duen baliabiderik» ez dela Hernanin, nahiz eta herrian lau ikastetxe publiko izan.

Horren errudun nagusia Lakuako Hezkuntza Saila dela irizten diote. Eskaini dien aukera bakarra da «ez publikoa, ez laikoa ez den ereduan oinarritzen den ikastetxe batean matrikulatzea». Hain zuzen, azaldu dutenez, aurten hogei haur geratu dira gurasoek egindako aukeratik kanpo eta horietatik sei edo zazpi eskola publikoaren aukeratik kanpo.

Ekimenak martxan

Hori dela eta, hainbat ekimen egiten ari direla jakinarazi dute, eta «arazoari behin betiko konponbidea emateko indarrak biltzen» ari direla gaineratu. Asteartean, 12.30ean, Donostiako Andia kalean Lakuak duen ordezkaritzan bilera izango dute Gasteizeko Gobernuko Hezkuntza Saileko ordezkariekin. Ordu berean, eta Andia kaleko eraikin parean, elkarretaratzea egingo dute.

Bestalde, asteartean bertan, 19.00etan, Hernaniko Udalbatzak guraso taldeak aurkeztutako mozioa aztertuko du.

Bertan «arazoak» ezin duela «partxeo batzuen bitartez bere horretan geratu», eta «irtenbide oso eta iraunkor bat» eman behar zaiola irizten diote. Gai honen gaineko ardurak dituztenei konponbidea bilatzen saiatzeko eskatzen diete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo