Nafarroaren independentzia hizpide izango dute bihar, Gasteizen
GARA | GASTEIZ
Nafarroako Erresumaren konkista gauzatu zenetik 500 urte betetzen diren honetan, Independentistak sareak gaia jorratzeko hitzaldia antolatu du, «1512-2012: 500 urte estatu propiorik gabe... eta orain zer?» izenburupean. Bihar izango da hitzordua, Gasteizko Florida kultur etxean, 19.30etik aurrera.
Hizlarien artean izango da Nabarralde taldeko kide Koldo Martinez Garate. Nafarroaren konkistaren eta horren ondorioez mintzatuko da. Gasteizko Navarrete kultur elkarteko kide batek ere parte hartuko du, eta 1512ko konkistaren aurretik, 1200ko gertatu zen Gasteizko setioari buruzko azalpenak emango ditu.
Era berean, Arabako hiriburuko Independentistak sarearen egitasmoak, eta laster Iruñean ospatuko den Aberri Egunerako proposamenak plazaratuko ditu sareko kide batek. Hain justu, konkistaren prozesuari buruz ez ezik, etorkizunerako ikasgaiei buruz hitz egitea ere helburutzat baitute.
Prentsa ohar baten bidez jakinarazi dutenez, ordutik eta gaur arte, Euskal Herrian izandako bilakaera historikoa «nekez uler» daiteke hori guztia aintzat hartu gabe. «Azken batean, norantz jo behar dugun asmatzeko, nondik gatozen jakin behar dugulakoan gaude».