GARA > Idatzia > Kultura

Mikel Irizar: «Arriskuak badaude ere, erronkak gogoko izan ditut betidanik»

Mikel Irizar Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko presidente izendatu zuten atzo, Landako guneko Elkartegian izandako Batzar Nagusian. Euskaldunon elkarteen mugimendua eraldaketa prozesu sakon batean dagoela nabarmendu zuten bertan izandakoek. Irizarrek gidatuko duen Zuzendaritza Batzordeak euskararen aldeko mugimenduak dakartzan erronkei erantzun beharko die, hala nola, tokiko hedabideek hasitako aldaketari eta integrazio funtzionalari.

p053_f01_200x113.jpg

Alvaro HILARIO | DURANGO

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Mikel Irizar izango du presidente hurrengo urteetan. Horrela erabaki zuten euskara elkarteetako ordezkariek atzo, Durangon egindako Batzar Nagusian. Euskaldunen elkarteen mugimendua eraldaketa prozesu sakon batean dagoela nabarmendu zuten Topaguneko ordezkariek eta, eginkizun horretan, presidente berriak hartuko du Zuzendaritza Batzorde berritua gidatzeko ardura.

Euskarak eta tokiko hedabideek egoera zaila duten arren, Topaguneko presidente berria, Mikel Irizar, ez da zailtasunen aurrean kikiltzen direnetakoa: «Erronkak gustatzen zaizkit. Arriskuak dauden tokian aukerak ere badaude. Momentu honetan, bai euskararen aldeko mugimenduan bai tokiko hedabideen sektorean aukera handiak ikusten ditut», baieztatu du Irizarrek. «Une zaila da hedabideentzat orokorrean, baina gu, tokiko hedabideok, larre motzean ibiltzen ohituta gaude. Argi dugu egoera txarretik irtetzeko bidea zein den: elkartzea, lankidetza, sinergiak bilatzea eta eraldatzea. Euskarazko tokiko hedabideek, agertu zirenean, oso indartsu izatea lortu zuten teknologiaren aldetik oso aurrerakoiak izan zirelako. Posiblea da, berriz ere, teknologia eta elkartasuna baliatuz egoera honetatik indartuta irtetzea. Horretarako ezinbestekoa da bateratze bideak jartzea, integrazio funtzionalak aurkitzea, elkarlana», azaltzen du Mikel Irizarrek. «Egun, kolokan dago hedabideen errola, funtzioa. Momentu aldakorra da hau eta guk badugu abantaila bat: ez daukagu egitura handirik, beraz, ez daukagu zama handirik. Antizipaziorako prestutasuna izan dezakegu egitura txiki horiei esker eta etorkizunerako egiturarik egokiena zein izan daitekeen asmatzen badugu bermatuko dugu gure biziraupena».

Tokiko hedabideak gaur

Irizarrek argi dauka tokiko hedabideek izan beharko luketen kokapena: «Behean plataforma komunak eraiki eta integrazio funtzionalera iritsi behar dugu. Euskarazko hedabideen kasuan, beharrezkoa ikusten dut beheko solairu hori ondo lotzea eta hura uztartzea gure hedabide nazionalekin, euskaraz dauden hedabideekin. Igogailua jartzea edukientzat, gora eta behera, elika daitezen. Gai izango bagina guztiok modu honetan antolatzeko, ziur asko, lor dezakegu gure hiztun komunitateak behar duen egitura komunikatiboa antolatzea».

Topaguneak badauka aipatutako helburu zein erronkei aurre egiteko tresna: «Tokikom proiektua ditugun beharrei erantzutera dator. Esprint bat egin dugu hogei bat toki-hedabide enpresa batean bilduko dira. Enpresa horrek izango ditu eginkizun garbiak: esparru komunak kudeatzea, erakundeen aurrean solaskidetza bateratua eskaintzea. Tokikomek badu beste funtzio inportante bat: euskal hedabideen sektoreak hasi duen dinamikan eragile indartsu eta aktibo izatea, sektoreak egin behar duen bilakaeran osagai guztiak integratuz eta toki-hedabideetan ondo errotuz, horrek ematen diolako indarra, indar berezia».

Euskal hedabideek ez dute Nafarroan diru-laguntzarik jasotzen eta Euskal Autonomia Erkidegoan gero eta txikiagoak dira. «Kasu honetan, Tokikomek bizirauteko bermea dugu: urratsak egin eta integrazio mailak eratu heinean, hedabideen kudeaketa hobetu egingo da eta finatzaketa egonkortu egingo da. Bestalde, guk badugu beste funtzio sozial erantsi bat eta ardura dugu euskararen aldeko mugimendu eta erakundeetatik egin daitekeen lana uztartzeko ardura. Posiblea eta beharrezkoa da. Hori da erakundeei jartzen diegun erronka edo proposamena».

Emititzeko FM baimenak banatuko dira laster. Irizarrek honela ikusten du egoera: «Ez da nahi genukeen deialdia, baina hala ere, lizentziak lortzeko aukera dezente badagoelakoan nago. Toki-hedabideen inguruan mugitzen diren hedabideek ahalegin bat egin dute presente egoteko lizentzia banaketa horretan, eta espero dugu espazio gehiago izatea. Bada alegaltasuna baztertzeko unea. Euskalerria Irratiaren kasua bada justiziazko kontua baimena edukitzea. Irratia garrantzitsua da oso euskararentzat. Bada beste zerbait egin bitartean kontsumitu dezakegun hedabide bakarra. Bestalde, irratiak dira, gure artean, bizirik irauteko hobekien prestatuta dauden hedabideak».

TOKIKOM

Duela hiru urte sortu zen, Topagunearen eskutik, 2o hedabide biltzen dituen Tokikom enpresa. Horien esparru komunak (publizitatea, ekoizpena, teknologia, trebakuntza) eraikitzea eta kudeatzea ditu helburu, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo