Maiatzek 30. urteurrena ospatzeko sortzen ikusi zuen poesiaz jantziak diren bost liburu aurkeztu ditu
Maiatz argitaletxeak, 30 urte egin dituela ospatzeko, proposamen anitz ugari aurkeztu ditu. Udaberria iritsita, Itxaro Borda, Peio Jorajuria, Eric Dicharry, Piarres Trounday eta Urtzi Urkizuren obrak loratu dira.
Idoia ERASO | BAIONA
«Bertso baten egitea hartzen dituzun lore politenekin loresorta bat egitea da, eta nik hori egin nahi izan dut izkirioz», azaldu zuen Piarres Trounday idazleak bere bizitzako lanari buruz. Hori baita «Galerna», ortzaizetarrak munduko txoko ezberdinetan hilabetero idatzi zituen poesietan oinarritu kontakizuna. «Leku orotako bizipenak hitzetan eman ditut, eta herritik urrundua izanik ere, nire euskarazko moldean egin dut beti».
Poesia da ere Itxaro Bordaren «Medearen iratzarpena», 1982 eta 2011 urteen artean idatzi zituen poemen bilduma da. Bere obretan ohikoa den euskal ahozko kultura indartsuaren eta kultura unibertsalaren arteko zubia egiten du beste behin ere. Luzien Etxezarreta editoreak horrela definitu zuen poetaren lan berria: «Ezagutzen diogun betiko talentua aurkezten du liburu berri honetan».
Poesia «transgeneroa»
«Perturbazio kognitiboak sortzeko idazten dut. Irakurlearen paradigmak aldatuz jakintza berri bat sortzeko», azaldu zuen Eric Dicharryk «Hormatik hormaraino» liburuan aurki daitezkeen poesiei buruz. Antropologoak klasifikazio zientifiko zein artistikoetatik urrunduz horrela definitzen du bere lana: «Nire lana poesia `transgeneroa' dela erraten ahal da. Modelo alosterikoa inportantea izatea zen nire nahia, izena aldatuz eraldatzen da, eta horrela ingurumena ere ezberdina bilaka daiteke».
Bukatzeko, literaturaren mugak aurkitzeko irakurleari ematen dio hitza Dicharryk: «Literaturaren arauak lehertzeko eta bide berriak asmatzeko idazten dut. Orain irakurleen gutunak espero ditut zer pentsatzen duten esateko».
Udaberriko poesiaren munduan guztiz murgiltzeko, Urtzi Urkizuren «Kezka bat gutxiago» liburua aurkeztu du Maiatzek. Etxezarretak hitz hauekin definitu zuen bere lana: «Poesia kontakizun bat da, poesia baliatzen du bere bizia eta kezkak kontatzeko. Egunerokotasun sinplearen bitartez bere munduan sartzen ditu irakurleak».
Maiatzen udaberriko bosgarren liburua Peio Jorajuriaren «Inifife» da. Atlas mendikatean zehar egin bidaiaren ondoren idatzi du berbereen kultura eta errealitatearen berri ematen duen liburua. «Ez nuen ezer idazteko asmorik, baina handik txoraturik itzuli nintzen eta horrek eman dit enbeia», azaldu zuen Jorajuriak.
Kontakizunaz gain, bestelako erreferentziak ere sartzen ditu idazleak: «Ibilaldiei esker ezagutu ditugun jende eta ohiturak azaltzen ditut, eta gero Kamerunen, Korsikan edo Bretainian ikusi ditudan beste erreferentzia batzuekin lotura egiten dut».
1982ko otsailean argitaratu zen Maiatz elkartearen lehen aldizkaria. Geroztik, euskarazko literaturak duen erreferenteetako bat bilakatu da. Orain ezagunak diren hainbat idazleren garapena jarraitu ahal izan da bertan, eta gaur egun ere denei irekia den literatura gune bat da. Otsailaren 2an, urteurrena ospatzeko mendi irtenaldi bat egin zuten eta berrogei bat pertsona elkartu ziren.
Luzien Etxezarreta gidari duen elkarteak literatura aldizkariaz gain, hainbat liburu ere argitaratzen ditu udazken eta udaberrian, euskal literaturaren bi merkatu erreferenteei begira. I. E.