KOLDO ZUAZO | HIZKUNTZALARIA eta «arabako euskara» liburuaren egilea
«Araba giltzarria da mendebaleko euskara ulertzeko»
Bizkaitik ez ezik, Deba ibarretik ere begiratzen zion Koldo Zuazok Arabako euskarari, zuzen begiratu ere, eta ondoren Gipuzkoako Goierritik eta Nafarroako Burundatik. Eskualde horietatik etorri ei zitzaion «argia». Eta argi asko, eta argudio sendoz, azaldu du Koldo Mitxelenak «hegoaldeko euskalkia» izendatu zuen hura ez dela mendebaldeko euskalkiaren aldaera, haren abiapuntua baizik.
Xabier IZAGA | GASTEIZ
Euskal ikasketen arloan oso ezaguna da Koldo Zuazo EHUko irakasle eibartarra, baina euskararekiko interesa dutenen artean ere ez du aparteko aurkezpenik behar. Euskalkien gaineko edo, hobeto esateko, euskararen gaineko ikerketak fakultatetik eta aldizkari espezializatuetatik atera zituen, edozein euskaldunek, eta inoiz baita erdaldunek ere, ulertzeko moduko lanak argitaratuz, bere ikerketa eta iritzi gero eta jakingarriagoen berri emateko. «Arabako euskara» (Elkar) argitaratu berritan, ohi duen moduan, gogo onez hitz egin du GARArekin.
«Neure buruaren alde», zure lehen fikzio lanean, Gasteiz aldera joandako otxandiar baten abenturak kontatzen dituzu. Euskara batuan idatzita dago, baina Otxandioko euskara du oinarri eta garaia, XVI. mendea, kontuan izanda, Arabako euskara ere sumatzen da bertan?
Egia esan, Arabako euskara aztertzen nengoela bururatu zitzaidan nobela hori idaztea. Arabako gertakari askoren berri izan nuen eta fikzio lan bat egiteko helduleku ona neukala iruditu zitzaidan. Hasieran, gainera, protagonista gasteiztar egiteko asmoa neukan, baina berehala baztertu nuen aukera hori, nobela bat idatzi ahal izateko Gasteizko euskararen gainean gutxiegi nekiela ikusita. Baina, arrazoia duzu, nobelan erabili nuen euskarak asko zor dio Landucciren hiztegiari eta Lazarragaren izkribuei.
Esate baterako, jendeari hainbeste zeresan eman dion «apukadu» hitza lekuko bi horietan agertzen da.
Aspaldi duzu Arabako euskara aztergai. Lekuko gehiago agertu izanak zenbaterainoko garrantzia izan du esku artean dugun «Arabako euskara» orain arteko lanik osoena izateko ez ezik, ondorio berrietara iristeko ere?
Erabatekoa. Mitxelenak atera zuen Arabako euskara plazara, 1958an, eta lekuko bakarra baliatu zuen horretarako: 1562an egindako Landucciren hiztegia. Gaur egun beste lau lekuko ezagutzen ditugu: Perez Lazarraga eta Perez Betolatza, XVI. mendekoak, eta Garzia Albeniz eta Gamiz, XVIII. mendekoak. Gainera, bakoitza leku batekoa da eta Garzia Albeniz eta Gamiz Arabako ekialdeko ertzekoak: bata Araiakoa eta bestea Sabandokoa. Horri guzti horri esker, Arabako euskararen ikuspegi osoagoa daukagu orain. Horri esker, era berean, Arabako euskara izan zenaren gramatika eta hiztegi bat zirriborratu ahal izan dut saio honetan.
Eta euskalkien sorreraren gaineko zure teorian zer eragin izan du Arabako euskararen azterketak?
Araba giltzarria da mendebaleko euskara ulertzeko. Dena dela, Arabako mugetatik etorri zait niri argia. Urte asko eman ditut Deba ibarreko euskara, Goierrikoa eta Burundakoa aztertzen eta horrela ikusi nuen euskalkiaren sorguneak Araban egon behar zuela. Oraintsu arte Bizkaira begira egon gara; uste genuen handik zabaldu zirela berrikuntzak. Baina zaila gertatzen da Bizkaitik Burundara, esate baterako, ezer joatea, eta, askozaz zailagoa, Ameskoetara eta Lanara joatea. Aldiz, Arabatik abiatuta, errazago ulertzen da ibili hori egitea. Errazago ulertzen da, era berean, hizkuntza Arabatik Goierrira zabaltzea, Bizkaitik baino.
Berrikuntzen azterketa diakronikoa eta sinkronikoa ez ezik, argudio historikoak eta soziologikoak ere eman dituzu. Teoria horren aurkako iritziren bat helarazi al dizute?
Bai, esaten dudana ez da aho batez onartu eta espero nuen hala izatea. Zaila da hain luzaroan hain sustraituta egon den ikuspegia goizetik gauera aldatzea. Baina bada gauza bat ukatu ezin dena: hizkuntzaren lekukotasuna. Eta hizkuntzak argiro salatzen du zenbait gertakari ezin izan direla Bizkaitik zabaldu, Arabatik baizik. Eta, azken batean, hizkuntzaren lekukotasunean oinarritu dut nik neure iritzia.
Beraz, mendebaldeko euskara Arabatik, Gasteiztik, hain zuzen, hedatu zen. Eta ondoren Bizkaian beste berrikuntza batzuk gertatu ziren.
Hala dirudi. Oraindik ez naiz gauza Arabaren indarrak noiztik noiz arte iraun zuen zehazteko, baina iruditzen zait XI. menderako, esate baterako, nabarituko zela. Mende horretan ezarri zen elizbarrutia Armentian eta haren menpe jarri ziren Araba, Bizkaiko eremu zabala eta Deba ibarra. Uste izatekoa da gertakari horrek hizkuntzan ere izango zuela eragina. Bestalde, behin XVI. mendeaz gero, euskarak gainbehera egin zuen Gasteizen eta, gutxienez ordutik aurrera, Bizkaia ez zen Arabara begira egon eta bertan ekin zitzaion berrikuntzak sortzeari. Horregatik uste dut behin XVI-XVII. mendeetarako Bizkaiko euskarak bazuela «euskalki» maila. Behin garai horretaraz gero, zuzena da «bizkaiera» edo «euskara bizkaitarra» hitzak erabiltzea.
Hartara, Arabako euskara ez zen ezaugarri «bizkaitar» ugariren transmisio gune hutsa, baizik eta sorlekua ere bai.
Bai. Ikuspegi horixe da, hain zuzen, aldatu dena. Orain arte uste genuen Bizkaitik zabaldutako euskarak beste itxura bat hartu zuela Araban. Ematen du alderantziz gertatu zela: Arabatik joandakoa aldatu zela Bizkaian.
Aurreko lanetan Arabako euskara hiru hizkuntza eremutan sailkatzen zenuen: sartaldea, erdialdea eta sortaldea. Hala ere, hura behin-behineko ikusmoldea zela ohartarazi zenuen, beste izkribu batzuk agertuz gero, aldatu beharra izatea litekeena zela, alegia. Eta, besteak beste, Lazarragaren izkribuak agertu ziren ondoren. Zer eragin izan dute izkribuok oraingo banaketan (mendebala eta ekialdea)?
Araba barruan garbi samar ikusten da bi eremu nagusi zeudela: mendebala eta ekialdea. Gauza da ez dagoela eten garbirik batetik bestera; mailaz maila egiten da bidea. Hori dela eta, 1989an erdiguneko eremu bat aipatu nuen. Orain ere aipatzen dut, baina datu berriek erakutsi dutenez, ez dauka hainbesteko nortasunik. Dena dela, oraindik ere goizegi da behin betiko erabakiak hartzeko. Bestalde, Arabako mendebal eta ekialde horiek ere ezin jakin homogeneoak ote ziren. Behinik behin, Araiako Garzia Albenizen eta Sabandoko Gamizen hizkerak ez dira guztiz berdinak eta biak ziren XVIII. mendekoak. Beraz, oso litekeena da horrelako gorabehera gehiago egotea Araba barruan. Gasteizen euskara galtzeak eragin zuzena edukiko zuela uste dut zatiketa horretan, Gasteiz zelako Araba osoko hirigune nagusia eta, ondorioz, hura izango zelako indar bateratzailea. Gasteiz erdaldundu zenean, eskualde bakoitza bere bidea ibiltzen hasiko zen ziurrenera.
«Tarteko hizkerak» aipatu dituzu, eta 1998an euskalkien sailkapen berria egin zenuen arte, Bonaparterena zegoen indarrean, eta ematen zuen ez zegoela tarteko hizkerarik, Euskalkiak, azpieuskalkiak eta hizkerak guztiz mugarrituta agertzen ziren, Elgoibar-Mendaro ingurua izan ezik. Zure mapan tarteko hizkera ugari agertzen dira.
Azken batean, administrazioak egiten dituen banaketak dauzkagu gogoan. Administrazioak muga zehatzak ezartzen ditu, baina lurra mugatzen du, ez pertsonak. Pertsonak noranahi joan daitezke. Arano, esate baterako, Nafarroako herria da, baina Aranoko bizilagunak erraz joaten dira Hernanira edo Donostiara; Iruñera baino errazago. Ez da, beraz, harritzekoa Arano bezalako herri batean ezaugarri nafarrak eta giputzak egotea aldi berean.
Eta Arabako ekialdeko euskara ere tarteko hizkera zela diozu.
Hori iruditzen zait, alderdi horretan Gasteizko eraginaz gainera, Iruñekoa ere egon zitekeelako. Burundan ikusi dut hori garbi: Gipuzkoako eraginak, Arabakoak eta Nafarroakoak biltzen dira eskualde horretan. Eta Burunda oso lotuta egon da Arabako ipar-ekialdeko eskualdeekin.
Arabako euskararen ezaugarriak azaltzen dituen ataleko lexikoaz gainera, beste hiztegi bat ere osatu duzu, gaur egun Arabako inguru erdaldunetan bizirik dirauten euskal hitzak bilduta. Hitz horiek erabiltzen dituzten lagun askok ez dakite, nonbait, euskal hitzak direla.
Halaxe da. Ondo gogoratzen dut behin, Agurainen hitzaldi bat egiten nengoela, «atxun» hitza euskara zela esan nuela eta ohar hauxe egin zuen han zegoen andrazko batek: ¿Que eso es vasco? ¡Pero si yo he dicho siempre así y no sé nada de euskera!
Zure lanean diozunez, Arabako iraganak ez ezik, orainak eta geroak ere ardura dizute, Arabako gaur egungo euskaldunek beren jardunean hainbat elementu kontuan har ditzaten, alegia.
Ezinbestekoa da bakoitzak bere ereduak eta erreferentziak eduki ditzan eta Araban ere ezin da edozein euskara erakutsi eta erabili. Arabako lekukoetan «lapiko» agertzen bada, hitz horixe erabiltzea da zentzuzkoa; ez «eltze». Jakina, ezingo dugu hasi Arabako aspaldiko hitzak berpizten. Antzina «apukadu» esaten zela-eta, ezingo dugu atzera berriro hitz hori puzten hasi, erabat galduta dagoelako dagoeneko, baina inguruetan bizirik badaude, Bizkaian, Gipuzkoan edo Nafarroako mendebalean, bidezkoa deritzot horiei lehentasuna ematea.
«Euskara batua bera ere euskalkietan oinarritu behar dugu»
Garai batean oso hedatuta egon zen euskara batua aurrera aterako bazen, euskalkiak desagertu egin beharko zirela. Zu euskalkien alde, «herriaren lekukoen» alde, agertu izan zara beti, baina baita batuaren alde ere, argitaratu zenuen lehen lanetik («Euskararen Batasuna» doktore tesia). Gainera, euskalkien arteko aldea ez dela oso handia erakutsi duzu.
Euskalkiak dira bizirik iraun duten euskararen aztarnak eta bizirik dagoen horri eutsi behar diogu nahitaez. Era berean, aurrera begira edozein plangintza egin nahi badugu ere, bizirik dagoen horretan oinarritu behar dugu. Beraz, euskara batua bera ere euskalkietan oinarritu behar dugu.
Euskara batua euskalkietatik zenbat eta gertuago egon, orduan eta errazago eta gusturago onartuko dugu hiztunok. Eta esan dezadan, euskara batua ezinbestekoa dela. Ez herri euskaldunetako hiztunek eguneroko jardunean erabiltzeko, baina bai, esate baterako, alderdi guztietako euskaldunak elkartzen garenerako. X.I.
«Ez naiz gauza Arabaren indarrak noiztik noiz arte iraun zuen zehazteko, baina iruditzen zait XI. menderako nabarituko zela. Mende horretan Armentiako barrutiaren menpe jarri ziren Araba, Bizkaiko eremu zabala eta Deba ibarra»
«Ezinbestekoa da bakoitzak bere ereduak eduki ditzan eta Araban ere ezin da edozein euskara erakutsi eta erabili. Arabako lekukoetan `lapiko' agertzen bada, hitz horixe erabiltzea da zentzuzkoa; ez `eltze'. Jakina, ezin dugu hasi Arabako aspaldiko hitzak berpizten»