Arantza Santesteban | Historialaria
Esentzia
Euskal herrietan ez dago euskaldun izateko modu bakar eta esklusibo bat. Eta etorkizunean, anitzagoak diren ereduak eta formulazioak biderkatu egingo dira
Milagro, Nafarroako Erriberako udalerria da. Gerezi garaian uzta oparoa ematen duelako ez bada, ez dut uste Iruñetik gora eta ezker-eskuinera hedatzen diren euskal herrietan gehiegi ezagutuko den euskal herria denik. Ama eta haren familia gehiena bertakoak ditut. Gerra zibilaren garaian bando nazionalak gogor astindu zuen herrian, iraileko jai nagusietan ikur espainolez janzten dituzte bertako balkoiak, eta euskaraz hitz egitea edo ETAkoa izatea baliokideak bailiran hartzen dituzte bertako herritar gehienek. Txikitan Iruñera lan bila abiatu ziren ama, osaba eta aiton-amona. Amak euskara ikasi eta anaia eta biok erdi klandestinoa zen ikastolara eraman gintuen, obretarako jartzen diren barrakoietan ikasi genituelarik D ereduaren lehenengo irakasgaiak. Duela gutxi Azpeitiko euskal hiztun batek ohartarazi zigun ama eta bioi independentzia hitza ahoskatu genuenean ez geniola behar bezalako intonazioa eman; haren esanetan, gure euskararen intonazioa espainola omen zen. Maketoaren konplexuarekin-edo eman genion azalpenari erantzunez esan zigun ustezko modu egokian ez intonatzearena jarrera kontua zela. Alegia, pereza modukoa ematen omen digula euskaldun osoaren labela eskuratzeko beharrezkoa dugun intonazio maila horretan gehiago ez saiatzeak. Erriberako euskaldun berria, urte luzez gauero euskaltegira joan zena, eta ahalegina ongi egin izateagatik AEK-ko irakasle bihurtu zen emakumearen jarrera ez omen zen euskaldun oso batena.
Esentzia. Horixe da burura etortzen zaidana halako eztabaidak gurean ematen direnean. Izan ere, aspaldiko eztabaida baita euskaldun oso eta zintzoaren esentzia zeinek gordetzen duen eta zeinek ez behin eta berriz azalaraztearena. Sabino Aranaren teoriaren oihartzunak urruti geratzen zaizkigu, baina oraindik ere borrokaren sugarretan hainbatetan kiskali zaigun gure ideologian haren zantzuak suma daitezke. Gurean egon badaude euskalduntasuna balio estatikoekin eta esentzialistekin lotzen dutenak; esaterako, euskara ikasteko euskaldun berri batek egin duen ahalegin militantearekin baino, euskara intonatzeko duen jarrerarekin neurtzen duena. Sabinok, apellidismo-ari edota odol motari balioa ematen zion moduan, gaur egun antzuak diren betebeharretan neurtzen delako sarritan euskalduntasuna.
Euskal herrietan ez dago euskaldun izateko modu bakar eta esklusibo bat. Eta etorkizunean, anitzagoak diren ereduak eta formulazioak biderkatu egingo dira. Alegia, Marokotik euskal herriren batera bizitzera eta lanera etorritako etorkinak ez du haren euskalduntasuna balio estatikoen arabera neurtzerik izango, ziur aski ikasiko duen euskarari intonazio marokoarra emango diolako. Euskal herritar izateko borondateak eta sentimenduak determinatuko du bere herritartasuna eta ondoriozko euskalduntasuna. Nazioak bizirik dauden errealitate sozial eta politikoak diren neurrian, komeni da normatibismo esentzialista batean ez geratzea. Are gehiago, faktore hauek guztiak modu dinamikoan ulertzeak ahalbidetuko baitu euskal nazioaren biziraupena eta garapena.