GARA > Idatzia > Kultura

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Musikaren pilotakadak

 
 

Kulturari buruz zer uler daitekeen jakinda, galdera hau da: zer uler daiteke? Zer da gaur egun kultura? Haragiaren kulturak kultura harakina dakar? Dena ala ezer ez. Dena bada kultura, edo dena bada kultura eza, zerk egiten du kultura izatera ailega daitekeen ekintza. Kulturak bere menpe du edozer eta kulturarik handienak kontsumoaren kulturan du oinarririk sendoena. Askotan entzun dut kulturarik indartsuena kultura industriarik trinko eta boteretsuenaren osasunetik datorrela. Industria kultural zabal eta indartsuenak, hark ekarriko omen du kulturarik emankorrena. Premisa horiekin ez nator bat. Kultura industriarekin nahastu denean bizitzaren despolitizazioa gero eta ozenagoa izan daiteke. Kultura eta demokrazia. Politika profesionalak ulertzen duen demokrazia -film batean militar batek dio ez daudela demokrazia erabiltzeko, baizik eta hura defendatzeko; hots, defendatzeko demokraziaren erabilpen eza- aurreko militar horren demokrazia da. Gaurko kulturak bizitza despolitizatzeko balio badu, kultura horrenak egin du. Bizitza entretenimendu bezala hartzen da, boterea bera ez delako eztabaidan jartzen. Kulturaren boterean «aisialdia» da hitzik preziatuena. Aisialdi askea bultzatzen digu industriak boteretsuak, eta finean, aisialdi aske hutsa eta hutsala da geratuko zaiguna, nahiz eta inolako galbaherik ez pasa. Autopsiaren arabera, Ertzaintzaren pilotakada batek hil zuen Iñigo Cabacas eta Azkunak dio ez dela balorazio politikoak egiteko unea. Beraz, arestian aipatutakoa, berriro esan daiteke demokrazia ez dagoela erabiltzeko, baizik eta defendatzeko. Ze kultura saldu digute berriro? Ez pentsatzea, geldirik egotea eta kulturaren pilotakadak jasotzea etengabe. Pilota horien musika pikutara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo