GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI | Idazlea

Bentzitu ala konbentzitu

Pertsona batek nahi badu beste batek zerbait egitea, bi bide ditu: bentzitu ala konbentzitu. Bentzitzeko, boterea eduki beharko du bere esku, eta erabili; presionatu, indar fisikoa ala bestelakoa usatu eta, azkenean, hurkoa behartu, nahi duen hori egin dezan. Botere nahikoa edukiz gero, epe laburreko kontua izan daiteke. Bentzitzeak, baina, erresistentzia sorrarazten du, eta berau izaten da geroko gatazkaren hazia. Honelako garaipenak beti du iraungitze data, ezegonkorra da eta mugimendu simetrikoa eragin ohi du. Historia adibidez beterik dago.

Helburua konbentzitzea bada, ordea, botere parametroak albo batera utziko dira eta irizpide kuantitatiboek indarra galduko dute kualitatiboen mesedetan. Badaude teknikak konbentzitzeko, batzuk errudimentarioak eta beste batzuk garatuak, baina denek dute oinarri bera: gakoa da besteak har dezala erabakia, norberak inposatu gabe. Erabakia borondatezkoa bada, ez da sortzen erreakzio-mugimendurik. Epeak, aldiz, dezente luza daitezke, besteak norberaren ikuspuntua bereganatu arte.

Nola konbentzitu? Kontrainformazioa eskaini, ikuspuntuak trukatu, enpatia bilatu, psikologia inbertsoa erabili eta, azkenik, etikari jo. Sinestuta nago subjektiboki suntsigarriagoa dela injustizia aplikatzea berau pairatzea baino. Borreroak desgaste psikologiko handiagoa du biktimak baino. Arazoa da, baina, herri polifemo honetan, bere buruari biktima estatusa ezarri dioten batzuek ez dakitela borrero bihurtu direla, bentzitzea baitute helburu, arerioa mendeko bihurtu. Eta konbentzitu beharko ditugu bentzitzea ez dela irabaztea. Irabazteko, elkar konbentzitu behar dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo