Bernardo Atxagaren «Zazpi etxe Frantzian» Britainiako bost onenen artean egon liteke
GARA | BILBO
Gaur ezagutuko da “The Independent” egunkari britainiarrak 1990az geroztik antolatzen dituen Independent Foreign Fiction Prize sariketan zeintzuk diren bost finalistak, eta hautagaien artean dago Bernardo Atxagaren “Zazpi etxe Frantzian”. Martxoan jakinarazi zuten hamabost onenen artean sartu zutela asteasuarraren liburua, eta beraz, 2011n Britainia Handian argitaratutako atzerriko liburu onena izan liteke.
Iaz itzuli zuen ingelesera Margaret Jull Costak Atxagaren “Zazpi etxe Frantzian” (Pamiela) eta «Seven houses in France» (Harvill Secker) nobelak oso harrera ona izan du Britainia Handian.
Sari hauek izugarrizko itzala dute eta «hor hamabost onenen artean izatea jada sekulako errekonozimendua da», adierazi zion GARAri Pello Elzaburu editoreak. Zerrenda hauetan sartzen den euskaraz idatzitako lehenbizikoa izango da gainera Atxagarena.