GARA > Idatzia > Kultura

Aranzadi Zientzia Elkarteak Zestoako bainuetxeko geltoki zaharra erabiliko du

GARA | DONOSTIA

Lakuako Garraio sailburu Iñaki Arriolak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko lehendakari Francisco Etxebarriak Zestoako (Gipuzkoa) ikerketa zientifiko-historikoetarako geltokiaren erabilera lagapena izenpetu zuten atzo. Horretarako, toki horretan kultura eta ingurumen ondarea sozializatzeko eta ikertzeko jarduerak gauzatuko dira. Akordioa hamar urterako izenpetu da, baina epe hori bi urtez luzatu ahal izango da. Nolanahi ere, trenbidearen erabilerarako beharko balitz, Euskal Trenbide Sareak (ETS) eskubidea izango du eraikina berreskuratzeko.

Modu honetan, Aranzadi Zientzia Elkarteak Zestoako bainuetxeko geltoki zaharraren eraikina eta atxikitako eranskinak egokitzeko konpromisoa hartu du, eta ikerketarako baino ez ditu erabiliko. Bi urteko epean, gehienez ere, birgaitu eta egokituko da eraikina.

Aranzadi Zientzia Elkartea 1947an sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta Telesforo de Aranzadi ikertzaile ezagunaren izena darama. Biodibertsitatearen, antropologiaren eta historiaren alorretan garrantzitsuenetarikoa da eta bere helburuen artean daude natura eta giza ingurunearen gaineko ikerketa zientifikoa eta teknikoa, eta ezagutza horiek nahiz gauzatutako ikerketen emaitzak zabaltzea, eta arkeologia, etnografia eta natura ondarea babestea eta kontserbatzea.

Inguru historikoa

Zestoako bainuetxearen geltokiaren inguruan, gainera, ondare osagai garrantzitsuak daude; hala nola Irikaitzeko aire libreko aztarnategia, XVI. mendeko Lili jauregia, Ekaingo leize-zuloaren erreplika, Goi Paleolitoko Madaleine aldikoa, eta Lili errekako burdinolak eta azpiegiturak, XVI. eta XIX. mendeetakoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo