Aizkora Apustua
Ikuskizuna eta emozioa segurtatuta daude Tolosan
Joxemari Olasagasti eta Xabier Zaldua oso ongi prestatuta agertuko dira bihar eguerdian jokatuko duten desafiora. Biak ala biak nahiko parean agertzen dira une honetan apustu-makinetan.
Jon LEUNDA
Joxemari Olasagasti eta Xabier Zaldua bihar neurtuko dira elkarren aurka Tolosako zezen-plazan 12.00etatik aurrera. Igeldokoak 22 kana-erdiko moztu beharko ditu, eta Zumarragakoak, berriz, bi gutxiago. Enbor guztiak Zalduak plazaratuko ditu. Garaileak 12.000 euro eramango ditu.
Desafioak ikusmin handia piztu du eta Tolosako zezen-plazak itxura bikaina izango du bihar eguerdian. Zalduak laugarren apustua du eta aurreko hirurak bereganatu egin ditu, mendean hartu baitzituen Erasun, Kastro eta Otaegi. Kastroren aurka aizkoran bakarrik egin zuen, baina beste biak aizkoran eta korrika egin zituen Zumarragakoak.
Olasagastik, berriz, apustu asko egin ditu, eta ez aizkoran bakarrik, beste kirol batzuetan ere bai. Azkenekoa Joxemari Mendizabalen aurkakoa izan zuen. Apustuetan sekulako eskarmentua du Igeldokoak. 54 urte izan arren, oraindik sasoian dagoela erakutsi du, eta bi kana-erdiko gehiago ebaki behar izanda eta enborrak ere aurkariak plazaratu behar dituen arren, jendeak konfiantza handia dauka beregan.
Orekatuz
Nahiz eta hasiera batean dirua Olasagastiren alde nahiko nabarmen egon den, orain apurka-apurka berdintzen doala dirudi, eta apustu-makinetan nahiko parean agertzen da. Hala ere, ikusiko da apustua hasi aurretik jendeak zer nolako joera duen, hori ere ona izaten baita, faboritoa zein den jakiteko.
Kontuak kontu, bi aizkolariak oso ongi prestatuta joango dira eta, zerbait gertatu ezean, oso ikuskizun oso polita eskainiko dute. Hasiera ere aparta izango da, Igeldokoak garbi utzi baitu abiadura handian abiatuko dela, ohikoa duen moduan, eta Zalduak, berriz, argi du ezin diola gehiegi ihes egiten utzi.