GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Sautrela (adiorik ez)

Artean Kazetaritza ikasten ari nintzela hasi zuen Sautrelak bere ibilbidea. Miel Angel Elustondo eta Kirmen Uribe zebiltzan orduan gidoilari. Aurkezle eta elkarrizketatzaile lanetan, berriz, Hasier Etxeberria. Iban Zaldua, Juan Luis Zabala eta Gerardo Markuletari, bestalde, nobedadeen azterketa kritikoa egitea egokitu zitzaien. Lehen saiotik, erritu modukoa bihurtu zen astelehen gaua iristearekin batera (bigarren denboralditik aurrera larunbat bazkalordua izango zen) ETB-1 katea jartzea, Sautrela ikusteko. Gurasoenean telebista bakarra zegoenez, eta hamahiru eta hamazortzi urte bitarteko hiru neba izanda, gogor lehiatu beharra zeukan batek gogoko saioa(k) jarraitu ahal izateko. Ez naiz gogoratzen zeintzuk izan ziren nire argudioak, baina lortu lortu nuen nebek Sautrelari txoko bat egitea. Are gehiago, hura zuzenean ikusterik ez banuen, grabatu egiten zidaten, Gabonetan aitak etxekoei oparituriko VHS bideo zatarrean. Garai hartan nekez imajina nezakeen egun batean ni neu arituko nintzela Sautrelan gidoilari, Urtzi Urrutikoetxearekin lehenik eta Oskar Alegriarekin ondoren. Orduan, nahikoa pribilegioa iruditzen zitzaidan letren errepublika horretan ikusle moduan parte hartzearekin. Gidoilari ibili nintzen garaian, saioarekiko miresmena handitu besterik ez zitzaidan egin. Luxu bat izan zen hain maila altuko profesionalekin (kamerak, ekoizpen taldea, elkarrizketatuak,...) lanean aritzea, denok helburu berbera buruan eta bihotzean: kalitatezko saioa egitea. Merkatu logika nagusitu den mundu honetan, ordea, kalitateak ez du tokirik. Baina horregatik, hain zuzen, behar dugu Sautrela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo