GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aresen agerraldiaren aurrean, eserialdia deitu dute polizia-indarkeria salatzeko

Gasteizen azken asteotan izan diren Ertzaintzaren gehiegizko oldarraldiak salatzeko, eserialdi bat egitera deitu dute zenbait sindikatuk eta herri mugimenduk. Asteartean egingo dute, Ares Barne sailburuak Gasteizko Legebiltzarrean egingo duen agerraldiarekin bat eginez.

p014_f01_148x084.jpg

GARA | GASTEIZ

Greba orokorrean Ertzaintzak izan zuen interbentzioa eta Xuban Nafarrateri eragindako zaurien gaineko azalpenak emateko agerraldia egingo du datorren asteartean Rodolfo Ares Barne sailburuak Gasteizko Legebiltzarrean. Hitzordu horrekin bat eginez, kanpoan eserialdia egitera deitu dute zenbait sindikatu eta herri mugimenduk, Ertzaintzak azken asteetan erakutsitako «bortizkeria» salatzeko.

Besteak beste, ESK, LAB eta STEE-EILAS sindikatuak, Maru kulturarteko elkartea, Salhaketa, Elkartzen, Martxoak 3 elkartea, Plazara! eta Gasteizko Gazte Mugimenduak deituta, astearteko mobilizazioan, eskubide zibil eta politikoen defentsan diharduen Plazara! mugimenduko eta gazte ekimeneko kide banak hitza hartuko dute martxoaren 3ko bortizkeria poliziala salatzeko.

Azkenaldian Gasteizen herri mugimenduek bizi izan dituzten Poliziaren hainbat esku-hartze ekarri zituzten gogora, Martxoaren 3ko gertaeretatik hasita. Hala ere, «bortizkeria orokortuak goia jo zuen 29ko greban», esan zutenez. «Inflexio puntua izan zen bere orokortasunagatik eta erabilitako biolentzia mailagatik», salatu zuten.

Xuban Nafarrate -greba orokorreko informazio-piketean parte hartzen ari zela, Ertzaintzaren karga batean larriki zauritu zen- gaztearen kasua ere nabarmendu zuten. Iñigo Cabacasen heriotzarekin lotu zuten kasua eta, azken honen senide eta lagunei euren elkartasuna adierazita, gaur Bilbon polizia-indarkeriaren aurka izango den manifestazioarekin bat egin zuten.

«Nork babesten gaitu?»

«Nork babesten gaitu zuengandik» lelopean, manifestazioa egin zuten atzo Gasteizen, bertako Gazte Mugimenduak deituta. Zenbait manifestari kaskoa jantzita hartu zuten parte mobilizazioan, deialdiari erantzunez; «Guk defendatu beharko dugu geure burua» zioen, hain zuzen.

«29an goia jo zuen»

«Ertzaintzak greba egunean erakutsitako jarrera errepresiboa inflexio puntua izan zen, orokortasunagatik eta erabilitako biolentzia mailagatik», adierazi dute Gasteizko eragileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo