GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

ELKARRIZKETA | Gorka KARAPETO, Eskalatzailea

«Ustekabean, guda ederra izan da `Begi puntuan' bidean bizitakoa»

Eskalatzaile azpeitiarrak beste 9a poltsikoratu du; hirugarrena du, dagoeneko. Aurretik, «Sistematik ihes» (Aizpun) eta «Esclatamasters» (Perles) zituen, eta azkena, Etxauriko «Begi puntuan» bidea izan da. Marra horren bosgarren igoera da, eta protagonistak adierazi du kosta egin zaiola kateatzea.

p046_f01_148x244.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Gorka Karapetok ez du dagoeneko aurkezpenik behar. Hamarkada luzea darama orrialde hauetatik pasatzen, eta lasai asko aitor genezake, «bazkide» dugula. Urteak joan ahala, azpeitiarra beterano bihurtu zaigu, baina, hala ere, lehen lerroan jarraitzen du. Bederatzigarren esferan egonkortzeaz gain, bere ibilbidean hainbat erabaki hartu ditu. GARArekin izan duen elkarrizketan, Karapetok bere azken jarduerari buruz hitz egin digu, baita beste gai batzuei buruz ere.

Bi 9a poltsikoan izan ondoren, hirugarren bati ekin, eta lortu duzu. Euskal Herrian gradu horretako hainbat bide daude, baina azkenean «Begi puntuan» marran buru-belarri hasi zinen. Zergatik hori eta ez besteren bat?

Baltzolako «Il domani» probatzen hasi nintzen, baina busti egin zen. Katalunian nengoela, iazko neguan, «Begi puntuan» probatu nuen. Zergatik hori? Bada, Etxauri gustuko dudalako, kalitatezko bidea delako, estetikoki bikaina delako, oso arroka ona duelako, estilo ezberdin bat delako... Plaka bertikala, teknikoa, indarra eskatzen duena... zer gehiago eska nezakeen? Finean, motibatzen ninduen.

Zure aurretik beste lau eskalatzailek «Begi puntuan» kateatuta zuten. Iruditu zait marra hori pixka bat «ahaztuta» izan duzula, kontuan hartuta zure estilokoa dela. Zergatik atzeratu duzu helburu hori hainbeste?

Egia da denbora asko izan dudala probatu gabe. Baina jabetu behar zara makina bide gogor daudela, eta dena ezin dela probatu. Une aproposa iritsi behar zen, eta azkenean heldu da.

Nik dakidanez, hiru etapa izan ditu zure erronka horrek. Iazko negua, aurtengoa eta udaberriaren hasierakoa.

Hala da. Lehen etapa horretan nahiko eskura ikusi nuen; baina gauza bat da gertu ikustea, eta bestea, hori lortzea. Marra horrek badu pausu luze bat, eta jakin banekien nire erara gainditu behar nuela. Zaila zen, eta saiatu behar nuen. Azkenean hori eskalatzea lortu nuen, baina goialdean hiru aldiz erori nintzen. Nolakoa den egoera: bazirudien zailena kontrolatua nuela, eta zati «errazenean» erori nintzen. Ia beti erorketa batekin utzi dut. Eta udaberri hasiera honetan, egun batean joan nintzen eta «Begi puntuan» poltsikoratu nuen. Guda ederra izan da!

Beraz, beste bi 9a bideekin alderatuta azpimarra genezake kosta egin zaizula, ezta?

Zalantzarik gabe, bai. Beste bi 9a-k baino hobeto ikusi nuen, eskurago; egoera bitxia izan da. Ondo sentitzen nintzen, baina pausu gogor horrek nolabaiteko muga jarri dit. Oso-oso helduleku txikia du, eta hezetasuna zuenean ezer gutxi egin nezakeen.

Beste bi 9a horiekin, zer iruditu zaizu «Begi puntuan»?

«Sistematik ihes» bidearekin alderatuta oso ezberdina da. «Esclatamasters» marrarekin, berriz, goiko partea nahiko antzekoa da: pareta bertikala, erregeletak dituena... finean, hirurak ezberdinak dira. Zailtasunari dagokionez, ez dut zalantzarik hiru horiek inoiz egin ditudan zailenak direla.

Asko gara esaten dugunak planetak lerrokatzen direnean Gorka Karapetok lehen lerrora egiten duela salto. 9a bat saiatzeko hori gertatu behar da, edo beste era batera esanda: nola motibatzen zara muturreko erronka bati ekiteko?

(Kar-kar). Lehenik eta behin, eta hau oso garrantzitsua da, bide hori gustatu behar zait. Jakina, probatu aurretik burua sasoiko behar dut izan. Nire burua «orekatua» dagoenean, iritsi da ordua, ze fisikoki ere ondo egongo naiz. Ez zait batere gustatzen bide batean arrastaka ibiltzea.

Katalunian egon nintzenean, indartsu nengoen, eta horregatik «Begi puntuan» bezalako bide batean saiatzea otu zitzaidan. Baina urruti neukan, garai haietan Katalunian bizi nintzelako. Etxaurira sasoiko iritsi nintzen, eta sentitu nuen bide hori egitea eskura nuela.

«Begi puntuan» kateatu aurretik, Baltzolan «Obaba» (8c+) eta Rodellarren «Welcome to Tijuana» (8c) sinatu zenituen. Horiek abisatu zizuten «Begi puntuan» bideari ekiteko une egokiena zela?

Pasa dugun neguko egun batzuetan bero egin zuen, eta «Begi puntuan» beste baterako utzi nuen. Baltzolan baldintza egokiagoak zeuden, eta «Obaba» hiru egunetan sinatu nuen. Aste Santuan, berriz, Rodellarren egon nintzen eta beste bide hori bost saiotan egin nuen. Oso ondo nengoen, eta adibidez, «Il domani» marra probatzen jarraitu nuen; aipatu bezala, baldintza onak zeudelako. Baina udaberriaren hasieran Etxauri ondo jarri zen, tenperatura freskoekin, eta lehen egunean «Begi puntuan» igo nuen.

Hiru 9a dituzu. Zein da gehien markatu zaituena?

Sentsazio gehienak «Begi puntuan» bideak eman dizkit. Erakutsi dit zer-nolakoa den eskalatzailearen patua. Azkar egingo nuela uste nuen, eta sasoiko egon arren, ezustean, kosta egin zait. Gehiago ase nau. Alabaina, esan behar dizut bide bakoitzak zeozer ezberdina eman didala.

Euskal Herrian oso gutxi zaudete bederatzigarren graduko hiru biderekin. Ze hausnarketa egiten duzu?

Bada, neure buruarekin oso gustura nagoela. Helburu jakin batzuen inguruan jarduten naiz, eta horiek gauzatzea erdietsi dut. Pozarren nago, eta horiek guztiek hurrengo erronkarako indarra zein motibazioa ematen didate.

Muturreko bide horietan buru-belarri jarduteak ez al zaitu aspertzen, presionatzen edo desmotibatzen?

Presionatu, bederen, ez. Agian, beste maila apalago batean bai. Inoiz ez dut pentsatu hiru 9a egin nitzakeenik. 9a edo gradu txikiagoko bideek motibatzen naute. Eta, horregatik, laugarren 9a-ren atzetik jarriko naiz. Badakit gogorra dela, baina saiatu behar naiz. Momentuz ez naiz 9a+ batean pentsatzen jarri.

Jakin badakit, adibide nahiko ezohikoa dela, baina aipatuko dizut. Adam Ondra bezalako eskalatzaile bat kirol eskalada astintzen ari da, bai zailtasuna bai bideak zein azkar kateatzen dituen ikusita. Orain, kanpotik ikusita, badirudi 9a graduak ez duela «garrantzirik». Zer diozu zuk?

Bai, itxura hori izan dezake. Ondra eskalatzen ikusi dut, eta ikaragarria da! Baina aipatu behar da hori egiten dutenak bakan batzuk baino ez direla. Ez daukat inolako zalantzarik 9a bat egitea oso gogorra dela. Jakina, hori da nik sentitu eta ikusten dudana. Erronka gogorra da. 9a egiten dugunok asko gara, baina hortik aurrera gutxi daude.

«Begi puntuan» bidean izan dituzun eskarmentuak eta bizipenak alde batera utziko ditugu, eta, ondo baderitzozu, lehiaketen atala jorratuko dugu. Kirol eskaladako lehiak alde batera utzi dituzu. Zergatik hori?

Utzi bai, baina erabat ez. Aurreratu behar dizut Euskadiko txapelketetara ez naizela itzuliko. Bost txapel irabazi ditut. Jakina, hainbeste irabazteak poza ematen dit, baina, egun, ez naute asko betetzen. Iruditzen zait lekuz kanpo nagoela, eta bide batez, uste dut gaztetxoei lekukoa pasatu behar diedala. Beste era batera esanda, podiumen irudia aldatzea komeni da.

Bestalde, Espainiako Kopan jarduteko gogorik ez daukat; ez, bederen, era iraunkor batean. Horrekin esan nahi dut agian probaren batean azaldu naitekeela. Lehia horietan ondo pasatzen dut, lagunak ikusten ditut, eta gainera, lehiatzen naiz. Baina aurten ez nuen neure burua zirkuitu horretan ikusten. Gogo falta izango da. Agian, Master-en batera gonbidatzen banaute...

Hori entzunda, harritu nau duela pare bat asteburu Rigloseko Rallian parte hartzen ikusteak.

Egoera ezberdina da. Rigloseko lehia horretara gonbidatuta joan nintzen. Aitortu behar dizut ez dudala izan lehia sentsaziorik. Ekaitz Maizek eta biok irabazi dugu, baina biok ala biok erronka bat bezala hartu, eta jakina, dena eman genuen. Ez lehia, ez irabazi... horrela ikusi dut. Eskarmentu ederra izan da, eskalada egun gogor bat bezalakoa. Hori bai, horietako batekin nahikoa dut, leher eginda bukatu bainuen.

Hurrengo orrialdean lehia horren berri ematen dut, baina zuk, nola ikusi zenuen zeure burua? Bederen, den-denak ahoa bete hortz utzi zenituzten.

Egindako lanarekin harrituta geratu nintzen. Ez nekien nola joango zen, ez nuen asko pentsatu; soilik, dena eman eta eskalada egun ederra pasatu. Ekaitzek eta biok lauzpabost bide egingo genituela uste genuen, baina azkenean zazpi izan ziren! Goizeko zortzietatik arratsaldeko zortzietara eskalatzen eta La Viserako kanala jaisten pasatzea gogorra izan zen oso. Laugarrena, bosgarrena, seigarrena... egin genituen, eta oraindik ordubete falta zen lehia bukatzeko. Eta jakina, zazpigarrena eskalatu genuen.

Oso ondo konpondu gara, eta erakutsi dugu ondo moldatu garela izaera horretako lehia batean. Hots, osagarriak gara. Ez genuen irabaztea espero. Estrategia zehatzik ez genuen; bide bat egin, jaitsi eta hurrengora joan.


 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo