Women World Tour 2012: Nesken arteko lehia abiada bizian
Goi mailan, nesken munduko itzuliak sekulako abiada hartu du, denbora gutxian txapelketa asko eta ezusteko emaitzak izan baitira.
Haritz Larrañaga Altuna
Nesken goi mailako itzuliak itzelezko abiada hartu du azken hilabetean. Mutilen kasuan, WCT zirkuitua hamar txapelketek osatzen dute eta orain artean soilik bi txapelketa egin dituzte. Nesken kasuan berriz, zazpi dira itzulia osatzen duten txapelketak eta jada lau proba eginak dituzte.
Hasiera batean itzuliak hartu zuen norabidea guztiz aldatu da azken txapelketaren ostean. Izan ere, hasieran ohiko izenak ziren puntako postuetan, eta bazirudien azken urteetan lehen postuak eskuratu dituztenak oraindik garaiezinak zirela. Baina bat-batean, lehiakide gazteenek orain arte zirkuituak izan duen norabidea aldatzeko gai direla erakutsi dute.
Lehen hiru txapelketetan izan ziren emaitzei begirada azkar bat botaz gero, azken bi urteetako hiru lehiakide nagusien arteko talka nabarmen ikus zitekeen. Gauzak horrela, Stephanie Gilmore, Carissa Moore eta Sally Fitzgibbons ziren aurtengo itzulia irabazteko aukera gehien zituzten lehiakideak.
Azken txapelketan ordea, orain artean emaitza onak lortu arren itzalean izan diren lehiakideek kontuan hartzekoak direla frogatu zuten, eta lehen hiru postuak ziurtatuak ez daudela agerian utzi zuten.
Itzuliko lehen txapelketa Gold Coasten izan zen, Australiako Snappers eskuin olatu famatuan, eta bertakoa den Stephanie Gilmorek irabazi zuen. Bigarren txapelketa Bell's Beachen izan zen, hau ere Australian beraz, eta Sally Fitzgibbons australiarra izan zen garailea.
Australian egin ziren itzuliko lehen bi proben ostean, Zeelanda Berriko proba, hirugarren proba alegia, aurten gerta zitekeenaren iragarpen moduko bat izan zitekeela esan zuten adituek.
Zeelanda Berrian faboritoa Carissa Moore hawaiiarra zen, baina, berriz ere, Stephanie Gilmorek irabazi zuen, eta modu horretan gainera, aurtengo itzuliko bigarren txapela eskuratu zuen.
TSB Bank New Zealand Surf Festival zirkuituko hirugarren proba, pasa den apirilaren 14an egin zuten eta Stephanie Gilmore australiarra eta Carissa Moore hawaiiarra izan ziren finalean.
Buruz buruko azken txanda metro eta erdiko olatu garbi eta ederrekin egin zuten. Finala oso lehiatua izan zen, eta azkenean, soilik 0.70 puntuko aldearekin irabazi zuen Gilmorek.
Carissa Moore txapela eskuratzeko faboritoen artean zegoen,; izan ere, emaitza onak lortu izan ditu txapelketan. 2010ean egin zuten lehenengoz txapelketa hau eta Moorek berak irabazi zuen, 17 urte besterik ez zituela.
Iaz berriz, txapelketa honen bigarren edizioan, bigarren postua lortu zuen Moorek eta irabazlea Sally Fitzgibbons izan zen.
Aurtengoan, finalean izan da Carissa Moore, eta Stephanie Gilmore garaitzeko irrikitan zegoen. Iaz Biarritzen egin zuten finalean Gilmore garaitu ez izanaren arantza sartua zuen Moorek, baina ez zuen bere nahia lortu.
Gilmore lau bider izan da munduko txapelduna, 2007, 2008, 2009 eta 2010 urteetan. Iaz, itzuliko txapelketa bakarra irabazi zuen, Biarritzekoa hain zuzen ere. Txapelketa berezia izan zen, zeren Stephanie Gilmorek irabazi zuen, baina Carissa Moorek, bigarren postua lortzearekin batera, lortutako puntuei esker 2011ko nesken munduko titulua lortu zuen.
Lehiakide honek orain artean egin duen ibilbidea sekulakoa da. 2005. urtean, 17 urte besterik ez zituenean, wild card bat jaso zuen, eta Roxy PRO Gold Coast, WCTko lehen proban, parte hartzeko aukera izan zuen. Txapelketa hura irabazi egin zuen.
Hurrengo urtean, 2006an, beste wild card bati esker, Australian egin zen WCTko beste txapelketa batean parte hartu ahal izan zuen Manly Beachen, eta hori ere irabazi egin zuen. Ordutik, jarraian irabazi ditu 2007, 2008, 2009 eta 2010eko zirkuituak.
Aurten berriz, itzuliko lehen txapelketa irabazi egin zuen Gold Coasten. Bigarren txapelketan, Bell's Beachen, bigarren postua eskuratu zuen. Hirugarrena, Zeelanda Berrikoa irabazi egin zuen, eta laugarren txapelketan final-laurdenetan kaleratua izan bazen ere, ordura arte bildutako puntuei esker, egun rankingeko lehen postuan da.
2012ko itzulian egin duten azken proba, laugarrena, Australian izan zen, Common Wealth Bank Beachley Classic Crown delakoa. Metro eta erdiko olatuak izan ziren txapelketak iraun zuen artean eta ez zen berebiziko baldintza bitxirik izan, beraz emaitzak ikusita, aldaketarik izatekotan, lehiakideengan izan dela esan daiteke. Aldaketa hori, agian lehiakideek beraiek bultzatu eta gauzatu dute, kanpotik eragin zezakeen bestelako baldintzarik ez baita izan. Eta ondorioz, hori horrela izanda, aurrerantzean ere aldaketa gehiago izan daitezkeela asma daiteke.
Lehiakide berriak, edo orain artean emaitza ikusgarriak lortu ez arren lan bikaina egin izan duten lehiakideak ezagutzeko parada ezin hobea izan zen azken proba. Ohiko izenetatik harago, sekulako maila duten lehiakideak ere badirela agerian geratu baitzen. Eta gehiago ere esan daiteke, orain arte punta-puntan izan diren eta dauden lehiakideen postuak arriskuan izan daitezkeela irudikatu zuten.
Finalean buruz buru izan ziren bi lehiakideen izaera oso esanguratsua da. Bi surflariak dira oso gazteak, eta ez dira izen handiko lehiakideak. Hain da horrela, ezen, bietako batek, Malia Manuelek hain zuzen, ez dauka argazkirik goi mailako lehiakide orori ASP erakundeak bere web orrian eskaintzen dion profilen aurkezpenean.
Malia Manuel hawaiiarra da, Kauai irlakoa, eta 18 urte ditu. Aurtengoan, lehen aldiz ari da WCT itzulia egiten eta orain artean emaitza onak bildu ditu. Lehen bi txapelketetan bosgarren postua lortu zuen, hirugarren txapelketan 9. postua eta azkenekoan berriz, bigarren postua. Gainera, bera izan zen Stephanie Gilmore, rankingean buru dagoen lehiakidea kanporatu zuena.
Txapela eskuratu zuen lehiakidea, Courtney Conlogue, apur bat ezagunagoa izan daiteke, baina hau ere, orain artean itzalean egon da.
Conlogue kaliforniarra da eta 19 urte ditu. Aurtengoarekin bigarren urtea du goi mailako itzulian. Conloguek sei izarreko txapelketa anitz irabazi du, baina WCT kategoriako txapelketa bat irabazten zuen lehen aldia izan da. Hala ere, aurtengoan, emaitza onak izaten ari da.
Manuelek bezala, Conloguek bi aldiz lortu du bosgarren postua aurtengo itzulian eta beste behin bederatzigarrena. Azken garaipenaren ostean laugarren postua eskuratu du ranking orokorrean.
Gainera, itzuliko diru sari handienak banatzen dituen txapelketa irabazi zuen, izan ere, txapelketa gehienetan 100.000 dolarreko diru saria izaten da eta horietatik, irabazleak 15.000 dolar eskuratzen ditu. Baina azken proban diru kopurua handiagoa izan zen, 130.000 dolar hain zuzen ere, eta Conloguek 30.000 dolar irabazi zituen.
Gauzak honela, Stephanie Gilmore legoke egun rankingeko lehen postuan. Bere atzetik, Sally Fitzgibbons. Eta hirugarren postuan, iaz ere emaitza bikainak lortu zituen australiarra, Tyler Wright.
Hurrengo parada maiatzean izango da, Brasilen. Lehiaketa puri-purian dago.
Iaz Biarritzen, bigarren postua lortu ostean 2011ko titulua eskuratu zuen Moorek, baina orduko hartan Gilmore garaitu ez izanaren arantza sartua zuen eta oraingo honetan irabazteko irrikitan zegoen. Ez zuen bere nahia lortu ordea, Gilmore nagusitu baitzen.
Ohiko izenetatik harago, sekulako maila duten lehiakideak ere badirela agerian geratu zen. Eta gehiago ere esan daiteke, orain arte punta-puntan izan diren eta dauden surflarien postuak arriskuan izan daitezkeela irudikatu zuten belaunaldi berriko lehiakideek.