GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Izan bedi hizpide

Maiatzaren Lehenaren bezperan, sekula baino arrazoi gehiagorekin, gure eskubideen alde eginez, ez gaudela prest adierazteko, lan mundua eta, bereziki, emakume langileon etorkizuna ekarri beharko nuke lerrootara. Aproposa bailitzateke.

Maiatzaren Lehenaren bezpera izan barik ere, hizpide izango da luzaroan. Beraz, eta gaiari lotutako artikuluak eta abarrak ugariak eta sendoak izango direlakoan, gaurkoan askoz ere kontu ezkutu eta baztertuagoa jarri nahiko nuke mahai gainean: lesbofobia.

Joan den astean, Bilbon, emakume talde bat bildu zen plaza batean jolas-ekintza bat ospatzeko asmoz, lesbianen ikusgarritasunaren aldeko egunaren harira. Bertan zeudela, gizon baten erasoa jasan zuten: txiza egin zien, zigarro bat bota zion bati burura, iraindu egin zituen eta bultzadak ere izan ziren. Jende zentzudunak pentsa lezake gizon hori gizajo bat besterik ez dela izango, saminak jotako erdi ero lotsagabea. Eta izan liteke, ziurrenik, baina berak eragindako egoera hori lesbianekin gertatzen denaren adierazgarri da, egitate isolatua izatetik oso urrun, homosexuala izatea oraindik ere ez baita naturaltasunez onartua, baina, gainera, homosexuala eta emakumea izanez gero, are gaitzespen handiagoa jasan behar delako. Lau pareta artean eta kalean otzan ez bizitzea hautatuz gero, ikusgai jarriz gero. Are gehiago, horren aldeko jarrera irmoa erakutsita.

Bitxia da gero, baina baztertuen barruan ere are baztertuagoak izan ohi dira. Homosexualen eskubideen babesean pauso handiak eman dira, munduaren alde honetan, behintzat, eta egun duten onarpena inoizko handiena dela ez dago dudarik. Lan handia egin da horren inguruan, eta zenbait lekutan nolabaiteko estatusa ere erdietsi dute, ahalmen ekonomikoa edukiz gero, jakina, negozio xede ere bilakatuta, esklusibotasunean oinarrituta eta eurei baino ez zuzenduriko produktuak, lekuak edo aisialdia asmatuta. Hori guztia, halere, gizon homosexualei dagokienez, oztopo eta sufrimendu handia gaindituta, baina bidean aurrerapauso erraldoiak ahalbidetuta.

Emakumeen kasuan, berriz, gauzak ez dira horren urrun ailegatu. «Oztopo» bikoitza gainditu beharrean aurkitzen dira: homosexuala eta, gainera, emakumea. Badirudi horrek are gehiago iraintzen duela jendartea oro har, eta lesbianaren irudi bakarra-txarra sortzeko lanaren emaitzak oraindik hor dirau: oso maskulinoa irudi, jarrera eta jokabideetan, amatasun senik gabea, gizonak ordezkatzeko grinarekin, gizonen kontrakoa... Hori da, hain zuzen, lesbofobiaren arrazoi nagusia: gizonek euren kontrako mehatxutzat hartzen dituztela, euren esku eta kontroletik kanpora. Tragedia ororen baitan bezala, ezjakintasunak eragindako beldur hutsa eragile.

Homosexualei dagokienez, lesbianak onarpenetik are urrunago daude oraindik, isilduago. Emakumearen sexualitate askea, oro har, epaituagoa delako. Bat egiten dut emakume hauen borrokarekin, ekainaren 28az harago, emakumea naizen heinean, emakume ororen askatasunean sinesten dudalako, eta jendarte honek darabilen hipokrisia gorroto dudalako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo