Herriaren zerbitzurako aliantza politikoa
Herenegun Irunen ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, ABk eta Alternatibak sinatu zuten konpromiso estrategikoa garai berriaren beste adierazle bat da. Ez da denboran oso atzera joan behar zatiketa euskal politikagintzaren ezaugarri nabaria izan dela gogoratzeko, batez ere esparru abertzale eta ezkertiarrean. Mende honi soilik begiratuta, Batasunaren eta Aralarren arteko haustura gertatu zen 2001ean. Urte berean, HBk egindako eskaintza baztertu eta bere bide propioa segitzearen aldeko hautua egin zuen ABk. Geroago, Alternatiba sortu zen, Ezker Batutik atera ziren hainbat kideren eskutik. EAk ere bere zatiketa izan zuen; hortik sortu zen dagoeneko desagertuta dagoen Hamaikabat. Horri guztiari ezker abertzaleak politika egiteko ate guztiak itxita zituela eransten badiogu -eta honek eragin dituen liskar guztiekin-, esparru honetan indar sakabanaketa oso kaltegarria gertatzen ari zela ondoriozta dezakegu. Pozgarria da, beraz, azken bi urte hauetan gertatu den norabide aldaketa, Irungo agerraldira heltzerainokoa.
Txalotzekoa da, aldi berean, akordio hauek maila estrategikoan lortzen ari direla; hau da, begirada luzeko perspektibarekin eta eztabaida sakonetan oinarrituta, ez soilik hauteskunde batzuek hala eskatzen dutelako. Hala ere, horietarako espresuki sortu izan diren aliantzek -Euskal Herria Bai, Bildu, Amaiur- eskuratu dituzten emaitza arrakastatsuak dira herritarren onespenaren erakusle garbiena. Ikuspuntu honetatik, argi dago akordio horiekin alderdiek ez dutela gauza handirik asmatu: herriaren gosea ase baino ez dute egin.
Herriaren atxikimenduak ere izan behar du Irungo konpromisoa sinatu duten bost indar politikoen helburu eta iparrorratza. Alderdiek urte askotan izandako joera txarrek badute izenik gure herrian ere: alderdikeria. Boteregune bilakatutako egiturak diren neurrian, arrisku hori hor dago beti. Elkarlanaren bide berri hau jorratzen dutenean, beraz, ez lukete inoiz ahaztu beharko akordioa ez dela alderdi horien posizioa hobetzeko tresna, euskal herritarren aldarrikapenei hobeki erantzuteko modua baizik.