GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Nafar nortasuna» betiere bizirik dagoela frogatu dute Baigorrin

Baigorri, beste behin ere, jendez bete zen atzo, urteroko Nafarroaren Egunaren bestan. Nafarroatik zein Euskal Herriko beste bazter askotatik hurbilduriko herritarrak elkartu ziren, giro alaian, nafar guztiak biltzeko eguna ospatzeko. Atzoko egunak «nafar nortasunak bizirik» jarraitzen duela egiaztatzen duela nabarmendu zuten antolatzaileek.

p016_f01.jpg

Ainize BUTRON

Bide luzea egin behar izan zuten atzo Baigorriko karriketara Nafarroaren Egunaz gozatzera hurbildu ziren milaka lagunek. Goiztiarrek izan zuten ibilgailua herritik gertu aparkatzeko aukera, baina lotiek bi kilometro egin behar izan zituzten Nafarroa Behereko lehen plazara heltzeko.

Ibilaldia eta euri mehatxua ez ziren oztopo izan Nafarroatik eta Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako herritarrentzat. Hala, Baigorri, egun batez nafar guztien bilgune den herria, jendez gainezka agertu zen beste behin ere. Sortu zenetik 33. edizioa zuten aurtengoa eta, ohiturei eutsiz, urteroko hitzorduak izan ziren. Goizeko kabalkada eta elizako plazako ikusgarria izan ziren guztien artean jendetsuenak.

Xan Leon Indartek hartu zuen hitza, Basaizea elkarte antolatzailearen izenean. Aurten ospatzen den Nafarroaren konkistaren bostehungarren urteurrena ekarri zuen gogora, «Espainiak hala sinetsarazi» nahi badu ere, garai horretan ez zela «Nafarroa konkistatua» izan aldarrikatzeko. «Nafarroaren Eguna horren froga da», bota zuen, nafar nortasuna ez dela desagertu azpimarratuz.

«Ez dute konkistatzea lortu, eta hemen bizirik gaudela frogatzen dugu», berretsi zuen.

Hitz horiekin nafar guztiei ongietorria eman zien urtean behin guztiak elkartzeko antolatzen den bestara.

Anhauzeko joaldunak

Bien bitartean, Baigorriko plaza nagusitik elizako plazarako bidean, Kabalkada aritu zen bazterrak ederki girotzen. Guztien artean, eguerdietan elizako plazan lehen agerpena egin zuten Kilimon Donapaleu eta, bereziki, Anhauzeko joaldunak izan ziren bertaratuak ziren ikusleen artean interes handiena piztu zutenak.

Izan ere, soinean zeramatzaten bizkarreko ezkilak, hots, joareak, ohikoak baziren ere, Anhauzeko joaldunen gainerateko jantziak osoki berrasmatutakoak ziren. «Herriko animazio bezala joaldunak berrasmatu dituzte gazteek», eman zuen aditzera Indartek. Bi joare handien azpian ardi-larru ilunduak eta abere maskarak jarriak zituzten joaldunak zeuden erdian; ondotik, berriz, zuriz jantziriko emakumeek txilinak zintzilik zeramatzaten makil luzeekin ikus- ten ziren. «Txilinak espiritu txarrak uxatzeko dituzte», argitu zuen, berriz, Basaizeako kideak.

Horiekin batera, Baigorriko, Irurtzungo eta Amikuzeko ziganteek, Tuterako paloteadoek eta Baigorriko Arrola dantza taldeak, txarangek, gaita-jotzaileek eta txistulariek osatzen zuten kabalkada. Horiek guztiak plazan agertu aurretik, irrintzia zabaldu zen Baigorriko herrian, atzoko egunerako, behintzat, Nafarroa Behereko zerutik ibilki ziren hodeiak «uxatzeko».

Irrintzia, ostera, ez zen nahikoa izan horretarako. Eguna eguzkitsu esnatu zen, baina, Baigorriko mendialdera hurbildu bezain laster han eta hemen hodei ilunen mehatxua sumatzen zen. Mehatxua zena, arratsaldeko hirurak aldera, kazkabar ekaitz bihurtu zen.

Hamar minutuz, besta giroan murgildurik, nikiak jarriak zituzten guztiak aterpetzera behartu zituen. Alta, giro alaiak aurrera egin zuen, eta ondorengo euri zaparrada noiz gertatuko zain egon gabe ekin zioten bestari. Karpa azpian bazkaltzeko txartela lortu zuten 1.500 lagunei ez zien euriak besta zapuztu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo