Aizkora | Urrezko Lehiaketa
Otaño, Mugertza II.a eta Senosiain sailkatu dira
Ibarrakoak Gasteizen lortu zuen hurrengo fasean aritzeko txartela, eta beste biak, berriz, atzoko probari esker izango dira datorren kanporaketan.
Jon LEUNDA
Otañok, Mugertza II.ak eta Senosiain I.ak lortu dute Urrezko Aizkorako hurrengo kanporaketan aritzeko txartela, herenegun Gasteizen eta atzo Beran jokatutako norgehiagoketetan.
Herenegun Gasteizen jokatu zen saioa eta sei aizkolari neurtu zirten bi multzotan banatuta. Lehen multzoan, Mugertza II.a, Zaldua eta Rodriguez I.a neurtu ziren. Lanak laburrak izan ziren, eta multzo bakoitzeko bik zuten hurrengo fasean aritzeko txartela lortzeko aukera. Lehen neurketan Zalduak Mugertza II.ari irabazi egin zion. Bigarren proban, Mugertza II.ak gauza bera egin zion Rodriguez I.ari, eta azkeneko saioan, Zaldua izan zen garaile, Rodriguez I.aren aurkako norgehiagokan.
Probaren amaieran, Zaldua geratu zen multzoko lehena; Mugertza II.a, bigarren; eta Rodriguez I.a, hirugarren. Azken hori geratu zen lehiaketatik kanpo. Ondoren, bigarren multzoan, Otaño, Zubiaga, eta Txapartegi lehiatu ziren.
Otañok Zubiagari irabazi zion lehen neurketa. Bigarrengoan, Otañok Txapartegi hartu zuen mendean, eta hirugarrengoan, berriz, Txapartegik gauza bera egin zion Zubiagari. Azken hau izan zen lehiaketatik kanpo geratu zen aizkolaria. Otaño izan zen multzoko onena; bigarrena, berriz, Luix Txapartegi, eta azkena, Juan Anjel Zubiaga.
Finalerdietan, Zalduak Txapartegiri irabazi egin zion, eta Otañok, Mugertza II.ari. Hirugarren eta laugarren posturako lehian, Mugertzak Txapartegiri irabazi zion. Finalean, Otañok Txapartegi menderatu zuen.
Atzo Beran jokatu zen saioan ere sei aizkolari aritu ziren; lehen biek lortu zuten aurrera egitea. A multzoan, Mugertza II.a, Rekondo eta Xabier Mindegia zeuden. Lehen saioan, Mugertzak Rekondo menderatu zuen; bigarrengoan, Xabier Mindegiari irabazi zion; eta Rekondok ere menderatu zuen Mindegia.
Beste multzoan, Senosiainek Zalduari irabazi zion, bai eta Oihan Larretxeari ere. Zalduak, berriz, Berako gaztea menderatu zuen. Finalerdietan, Mugertzak Zalduari irabazi zion, eta Senosiainek Rekondori. Finalean, berriz, Mugertzak Senosiain menderatu zuen. Gazteen mailako saioan, Vicente II.ak lortu zuen garaipena.
Lazkao
Asteburu luze honetako jardunaldiek bihar izango dute jarraipena. Lazkaon izango da jardunaldia, 13.00etatik aurrera. Bertan, Azurmendi, Mujika, Nazabal eta Senosiain I.a neurtuko dira. Lanak ere hemendik aurrera ezberdinak izango dira. Bost proba ezberdin egingo ditu aizkolari bakoitzak. Zeinek kolpe gutxiagotan enborra moztu, erlojuz kontrako lana, zutikako lana, abiadurakoa, zutik eta etzandakoa eta iraupen proba egin beharko dituzte. Gazteen mailan, Gasteizen izango da proba, 12.30ean.
Bihar jokatuko da Urrezko Aizkorako hurrengo kanporaketa, eta bertan sartuko dira Azurmendi eta Nazabal, Euskal Herriko Txapelketako lehenengoa eta bigarrena. Lana ere aldatu egingo da.
Gazteek ere izango dute beren saioa bihar. 12.30etik aurrera, Gasteizen, Estibalizko santutegiaren aurrean, neurtuko dira 19 urtez azpikoak. Atzo jokatutako saioan Iker Vicente izan zen onena.